Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Gorostian gorosti
Gaiak
 
Gaiak
ANTZERKIA BERTSOLARITZA ESKOLA IRRATIGINTZA KANTAGINTZA BERRIA KAZETARITZA

Bertsolaritza

 

        Beti izen bera datorkigu ahora Donostia eta bertsolaritza lotzen ditugunean, Bilintx. Bera aitor genezake Donostiak eman duen bertsolaririk handiena bezala. Otaño edo Xalbadorren antzera, poesiaren alorreraino jaso zuen bere bertsogintza. Monografia ederrak egin izan dira Bilintxi eta bere garaiari buruz; ez gara kontu ezagunak errepikatzen hasiko. Bilintx adur txarreko, izar iluneko gizona izan zen, eta izpiritu mindu batean —sekula ez garratz— ondu zituen bere bertsoak. Esaten da traje berria janzten ari zela jo zuela karlisten bonbak, San Sebastian egunean. Hil, berriz, foruen deuseztatzea sinatzen zen egunean egin zen. Bada, ordea, beti aipatu eta bakan ematen zaigun testu bat, Bilintxi buruz. Bigarren karlistaldia zela eta, Madrilgo El Imparcialeko berriemaile berezi gisa ibili zen gure artean Manuel Curros Enríquez, Rosalia de Castrorekin batera Galiziako literaturaren berpiztea ekarriko zuen idazle handia.

                    Ja-jai!

                    Curros Enriquez-en kronika

                    La Canción de Vilinch

 

 

LOS VERSOLARIS

 

        Denetarako behar ditugu bertsolariak, baita literatura abiatzeko ere. Hala hasi ziren lehen Lore Jokoak Donostian, bertsolarien saio publiko batekin, 1877an. Handik aurrera, urtero bildu ziren inguruko bertsolari ezagunenak Donostian. Haien artean bazen donostiar andana bat: Bizente Gorriaran, Isidro Arantzegi, Jose Manuel Mujika, Gumersindo Ibarbia, Bautista Urkia Gorriya, Agapito Muñoa... Ez daukagu berri handirik, zoritxarrez, bertsolari sorta honetaz, baina argi samar uzten dute bazela, Santo Tomasetako lehiaketan eta Lore Jokoen antelamenduetan ez ezik, bertso giro bat hirian. Bertsolari hauek arrakasta handia izaten zuten, eta urteren buruan euskara prestigiatzen lagundu zuten, egia esan, olerkariek adina edo gehiago.

                    Versolayaren emaztea

                    Los versolaris

 

 

LEHEN SAIO HAIEK

 

        Lore Jokoak irailean izaten ziren, eta idazleak ez ezik txistulariak eta bertsolariak ere lehiatzen ziren. Gero, abenduan, Lore Jokoetako sari banaketaren sarrera gisa beste saio bat izaten zuten, arratsaldeko lauetatik seiak bitartean. Diruz ongi hornitutako saioak izaten ziren, eta ostatua ere ematen zitzaien bertsolariei. Zer esanik ez, gustatuta gelditu ziren etorritakoak, eta 1878ko saioaren deskribapen bat egin zuen, bertsotan noski, Udarregi handiak.

                    Bertso berriak Udarregik jarriak

        Gustatuta gelditu zirenen artean Pello Errota zegoen. Urrengo urtean, 1879an, Elizondok halako «erakustaldi» handi bat egin ondoren, aurrerako egin zitzaion Udalari, eta honen deiaren zain gelditu gabe, abuztuan bertan halako halako erronka bat bota zuen, ea azalduko ote zen bera eta Jose Bernardo Otaño azpiratzeko gai izango zenik Donostian.

                    Ayuntamentu noble

        1882ko saioan epaimahaia bertsolariek osatu zuten: Jose Mª Begiristain Lertxundi, Aginagakoa; Jose Zapirain, Donostiakoa; Jose Bernardo Otaño, Zizurkilgoa, hirurak bertsolariak, eta Jose Mª Beitia eta Jose Manterola batzordeko ordezkari moduan. Lehian aritu ziren Pello Errota, Udarregi; Bautista Urkia Gorriya, Donostiakoa; Juan Kruz Elizegi Oyartzungo errotariya; Isidro Aranzegi, Donostiakoa; Ugarte, Zizurkilgoa. Udarregiri «ospetsua» esaten zaio. Pello Errotak eta biek jardun zuten buruz buru; hasteko zirela halako isiltasun eta barneratze bat sortu omen zen aretoan. Hogeita hamar eta hogeita bederatzina bertso bota zituzten, txandaka.

        Denak ere binaka borrokatu ondoren, puntuka aritu ziren, Otañok hasiera emanda. Launa bertso bota behar izan zituzten horrela, eta gero Lertxundik emandakoekin beste bina. Hauxe izan omen zen zatirik politena. Despedida moduan, Zapirainek eta Otañok zortzina bertso bota zituzten. Era zaharreko bertsolaritza zen hau, bertso asko maila apurrekoak izango ziren noski, ezin bestela izan: 191 bertso bota zituzten 85 minututan, hau da, bi bertso eta laurden... minutuko! Epaimahaiaren erabakiz, zeuden hiru sariak, 50, 40 eta 30 pezetakoak, berdinean banatu ziren sei lehiatzaileen artean, hogeina pezeta.

                    Ayuntamentu noble

 

 

JOXE TXAPILLO

 

         «Aita Larramendi» jarri zieten gaia 1890an Jose Bernardo Otaño eta Pello Errotari, eta bertsolariek, «auskalotzen» hasita, santu egin zuten Larramendi hori... Gai-jartzailea oso garrantzitsua da, berak kitzikatu behar ditu behartsolariak, berak eman behar dizkie ofiziorik egokienak... eta berak honda dezake saio osoa! Donostiak eman zuen lehen gai-jartzaile modernoa, Joxe Zapirain Txapillo. Bertsoak dotore samar sortzeko dohainari dotorezia natural bat gehitzen zion: ihar, luze, bizar zuriko, ahots ederreko... Ez da harritzekoa bertsozaleak liluratu izana, Pepe Artolak «non egon da lenago jaun ori gordia?» galdetu zuen agerian. Eta hil zenean, honelakoak bota zizkion Txirritak:

 

                Gure aita Zapirain

                Euskaldun abilla

                Arrokeri gabeko

                Zintzo ta umilla:

                Zan ibiltzen etzana

                Erriyeta billa,

                Gañera gizon ona

                Prestu ta isilla.

                Zeruaren erdiyan

                Gaur aurki dedilla.

                    Jose Txapillori

                    Otaño, Pello Errota eta Txapillo

                    Donostiar haien garaia

 

 

PEDRO MARI OTAÑO

 

        Zizurkildar handi hau Ameriketan begitantzen dugu guztiok, ahaztu egin zaigulako Donostian bizi izan zela. Buen Pastor katedralean ezkondu zen 1891ean, eta Amaran jarri zen aurrena bizitzen. Gero Jauregi gudalburuaren kalera aldatu zen, Parte Zaharrera, tabernari jarri baitzen Euskal Erria kalean.

        Otañok inguru euskaltzale bat ezagutu zuen Donostian, Euskal Erria aldizkariaren inguruan zebilen idazle multzoa. Hauek, miresten baitzuten, asko animatu zuten bere bertsoak «jostaguda» haietara bidal zitzan, eta hala irabazi zuen 1894koa.

                    Donostiya uxua

        Otañok, Bilintxek bezala, uzkur egiten zion idatziak argitaratzeari. Donostian ez egotera, seguru asko, ez zuen liburik argitaratuko. Baina bertsolariak amore eman behar izan zuen: prentsan ere iragarria zuten, gaztelaniaz, nolako asmotan zebiltzan otañozaleak. Argitaratzailea, gainera, Bitoriano Iraola idazlea izan zen, moldiztegia zeukan eta. Pedro Maro Otañoren Zerbait (1895) bizi zela bertsolari batek argitaratu zuen lehen liburua izan zen.

                    Pedro Mari Otaño

 

 

ALTZAKO ESKOLA

 

        Donostiak izan dituen bertsolari nukleoen artean Altza gailentzen da noski: Joxe Garmendia, Andres Arrieta, Patxiku Arzak, Xaturdino Erauskin, Artzai-Txikiya... eta Txirrita. Sortzez hernaniarra baldin bazen ere, Txirritak bazuen Altzarako joera. Anaia bat zeukan bertan, Harriaga baserrian, eta herrena handitu zitzaionean arrebarengana erretiratu zen, bertako Gazteluenera. Bestalde, Altza leku estrategikoa da, erdibide Hernani eta Errenteria artean, bertsolari-gune indartsuak biak ere. Antzeko nukleoak izango ziren XIX. mendean eta XX.aren hasieran Donostiako auzo gehienetan, Manuel Matxain ez da Aietek eman duen bertsolari bakarra, Antiguak bazuen bertsolaririk Lexo bertaratu baino lehen, Igeldok ere emango zuen Intxaurrondok Otxoki bezala, Astigarragak zer esanik ez...

                    Joxe Garmendia

                    Patxiko Arzak

                    Andres Arrieta

                    Artzai Txikia

                    Patxi Lazkano

                    Txirrita Altzan

                    Aieteko berri

                    Aieteko jaietan

 

 

FERMIN IMAZ

 

        Oker handia egingo genuke Donostiak bertsolari kaletar ospetsu bakarra Bilintx izan duela pentsatuko bagenu. Fermin Imaz (1879-1929) gizon lodi samarra zen, sendoa eta aurpegi ederrekoa, oso bibote sarria eramateko ohitura zeukan arren. Itsasoan ibili zen arrantzale, gero kaian zamaketari, eta azkenaldian bere andre politarekin zalgurdian ibiltzen zen arraina saltzen. Oso ahots ederra zeukan, eta bertsoak ez ezik jotak ere ederki kantatzen zituen.

                    Kantabriako itsas-gizonai

                    Fermin Imaz eta Txirritaren sesioa

 

        Oso bertso-jartzaile ona zen Imaz, gauza gutxi gorde ahal izan den arren. Nolako maila zeukan adierazteko, esan dezagun Txirritak lagun hartu izan zuela bertso sail bat egiteko, eta elkarrekin ibili zirela herriz herri paperak saltzen... Lagun handiak izan ziren... haserretu ziren arte. Eta ez nolanahi.

 

                Bertsuak jarri ditut

                merezi bezela

                ze izan deran jendiak

                jakin dezala

                uste nuan Txirrita

                gizon fin bat zala

                bi ontza bada orren

                arpegiko azala

                danen kabezala

                portatzia ala

                dakit gaizki dala

                artu duan gala

                uste det ori ainbat

                gizon gerala.

 

        Txirritak ongi ezagutuko zuen Imaz, eta segituan atera zizkion ordainekoak, eta baita Besamotza bertso-saltzaile izugarriari eman ere, zabal zitzan:

 

                Ankak zabaldu eta

                balantzaka asi

                kopeta illunduta

                begiyak itxi

                aurrian zein daguen

                ezin du ikusi

                txandarikan eztiyo

                iñori nai utzi

                oju eta irrintzi

                iñork ezetz autsi

                orrek nai du bizi

                guziyen nagusi

                iñon ametitzerik

                eztu merezi.

 

        Txirritak bere sailera bildu zuen Imaz. Zurruteroa zela esan zion, andreak irabazita jaten zuela ogia, Errenteriara etorritakoan ere mozkortuta paper erdiak galdu zituela... Imazek amuari heldu zion, haiek guztiak gezurtatzen saiatu zen, Txirritaren aurreko «konduta» ahaztu samartuta.

 

                Itzak legunak eta

                biyotza bestera

                gu orren mingaiñian

                ezer ezkera

                ia nola ibilliya

                ote dagon bera

                zapartuta erorita

                espalda atera

                orren ezaguera

                juna dago bera

                ez etorri onera

                lotsak ematera

                zu baño zintzoguak

                izandu gera.

 

        «Errespetu gutxiko bertsolariya», «kristau faltsua» eta «alper danen diretoria» esan zizkion, besteak beste, Txirritari. Lau puntuko handian izan zuen Txirritaren errespuesta:

                Mayatza da ta arrantz aundiyak

                egiten ditu larrian

                atzian biar luken puska bat

                lastimaz dauka aurrian

                nere erdiya ez daki eta

                ez da konforme parian

                tontor aundiyak bajatutzeko

                ez dabil leku txarrian.

 

        Baina donostiarrak ez zuen amore emateko asmorik. Bertsozaleak ere irrikan egongo ziren noski hurrengo jarrialdiak ezagutzeko. Fermin Imazen sorta batek eman zion amaiera eztabaida sonatu honi:

 

                Ajol-gabe bat zerala oso

                aspaldi nago igarrita,

                juiziyorikan eztunarekin

                aritzia alperrita,

                astotzako're tratatzen nazu,

                Jose Manuel Txirrita;

                aundiyenak zein ote giñake

                anketan perrak jarrita?

 

        Beste hark esan zuen bezala, a zer parea muserako!

        Fermin Imaz San Martin kaleko 38.ean jaioa zen, eta Amarako geltoki ondoan bizi izan zen, Osasunaren karrikan, 2.ean.

 

 

ANTIGUAN LEXO

 

        Lezon jaioa baina Antiguan bizi izan zen urteetan, eta handik Donostiarainoko zaborrak biltzen atera zuen bizimodua Juan Jose Sarasola Lexok (1897-1952). Benta-Berrirako aldapan, Fielatoko baskularen ondoan zegoen Lopexeneko sagardotegian azalduko zen ilunabarrero, Benta-Berrin bizi zen Lino Kalonje bertsolariarekin bertso zahar eta berri kantari jarduteko, goizeko ordubata arte. Ahots kaskarra zeukan Lexok, ez zuen balio plazan kantatzeko; ozengailurik ezaz, ez zitzaion entzuten. Garai bateko bertsolari on askoren eragozpena izan zen hau, inondik ere. Bertso-jartzaile bezala nabarmendu zen, beraz, gure antiguotarra. Sail asko ondu zituen, ugaria eta gai anitzekoa da Lexo.

 

                Gure Gipuzkoa'ko

                kapital garbiyan

                ekusgarri asko da

                egun argiyan:

                kristau edadekuak

                umian neurriyan,

                jayo ziran bezela

                iya-iya jarriyan;

                udaran erdiyan

                Donosti'ko erriyan

                itxura urriyan

                zarpa bat gerriyan;

                gañerako guziya

                larru gorriyan.

 

        Gure bertsolariak, nonbait, geldialditxoak egiten zituen barandilla ondoan, paperak eta orbelak biltzen zebilela, eta ez zegoen konforme hondartzan ikusten zuenarekin...

                    Bertso berriak

 

 

KURSAALA, VICTORIA EUGENIA

 

        «Tabernako bertsolaritza» esaten zion Aitzolek, eta neurri batean arrazoi zeukan, Donostiako eta inguruetako zokoetan egiten zenari, «ardoaren kerua botatzen zuena». Bertsolaritza eszeniko bat nahi zuen, opera xume bat, bertsolariak antzinako arropaz jantzita, jokaleku margotu batean... Ez zituen halako asmo handiak gauzatu ahal izan, baina Euskal Herriko lehen bi Bertsolari Egunak antolatu zirenean, jokaleku berrietara eraman zen bertsoa, Plaza Berritik eta Antzoki Zaharretik gorako.

                    Bertsolari Guduak 1935-36

        Jokaleku berrian jantzi berria: Basarrik, irabazteko aukeratua zegoenak, antzinako arropa ez baina korbata zekarren. Basarri gaztea El Día eta Euzkadi egunkarietako kolaboratzailea zen, eta «Mireio», «Provenza», «Txekiar erria»... hau da, nazionalismoaren erreferentzia politikoak eta literarioak, lasai eta bertsoa bortxatu gabe erabili zituen. Aitzolek nahi zuen bertsolaria zen, eta garaile irten zen. Txirritaren koadrilakoak ez ziren behar bezala egokitu, era zaharrean kantatu zuten. Jantzita ere, hala azaldu ziren. Ez antzineko, baizik zahar: bruxarekin. Hala ere, txapelketa hartatik Txirritarenak egin du bide historian:

 

                Larogei urte gaiñean ditut

                nago anketako miñez

                Donostia'ra etorria naiz

                erren aundia egiñez.

                Bi bastoirekin txit larri nabil

                pausorik eman eziñez.

                Euskera ia aztu zait eta

                erderarikan jakin ez,

                maixu batekin eskolan laxter

                asi bear det latiñez.

 

        Eta hau esanez epaimahaiko zegoen Aitzoli egin zion keinu... Barre algararik handienak sorrarazi zituen.

        Jose Manuel Lujanbio taberna zuloetan bizi izana zen bere denbora guztia, baina Aitzolek ezin zuen kondenatu, onegia zen, herriak mendean bi ematen ez dituen pitxi horietakoa, eta hurrengo urteko txapela berari eman behar izan zioten. Orduan ere, bertsolaritzaren historian jasoak dauden bertsoak bota zituen, ironiaz beteak. Gaitzat gerra jarrita:

 

                Zenbait errezo egin izan det

                nere denboran elizan

                ta pozik nago ikusirikan

                pakian nola gabiltzan.

                Ni naizen bezin kobarderikan

                iñor ezin leike izan

                semeak gerrâ ez joateatik

                mutil zar gelditu nitzan.

                    Bertsolari Egunaren sortzea

 

 

BOST MINUTU T'ERDIKO LOTSA

 

        Ez genuke egia aitortuko, edo ez genuke egia esango, bertsolaritzaren pasarterik tristeena ere Donostian gertatu zela aitortuko ez bagenu, eta uste izatekoa da donostiarrak ere protagonista izan zirela, beste batzuekin batera, bertsolaritzaren historian beltzez markatua datorren 1967 urtean. Bertsolari bati inoiz egin zaion txistualdirik luzeena egin zitzaion Ferrando Aire Xalbadorri, kantatzera deitu zutenean. Arrazoia, epaimahaiak azken saiorako aukeratu izana. Bost minutu t'erdiko txistuak isildu zirenean, honela kantatu zuen:

 

                Anai-arrebak, ez, otoi, pentsa

                neure gustura nagonik,

                poz gehiago izango nuen

                albotik beha egonik;

                zuek ezpazerate kontentu

                errua ez daukat, ez, nik:

                txistuak jo dituzute bainan

                maite zaituztet orainik!

 

        Asko esan eta idatzi da gertaera tamalgarri honetaz, badirudi entzuleek ez zutela baxenafarrera ulertzen, baina bertsolari guztiak zapuztu ziren. Hurrengo hamabi urtean ez zen txapelketarik antolatuko. Hala ere, Juan Mari Lekuonak abisatua zeukan, bi urte lehenago, nolako bertsolari bikaina eta berezia genuen txistukatua izan zen urepeldarra, Zeruko Argian argitaraturiko artikulu premonitorio batean: «Xalbador, ez-ezagun ori». Bertan aztertzen zituen emazte hilaren arropari botatako bi bertso hilezkor haiek... Donostian!

                    Emazte hilaren arropa

                    Bertsozale Elkartea

        Tabernatik plazara egin zuen bertsolariak, plazatik antzokira, antzokitik belodromora... Badu Donostiak zer ikusia ibilbide horretan.

                    Eskolarteko Bertsolari Gaztetxoen Txapelketa

 

 

ANTZERKIA BERTSOLARITZA ESKOLA IRRATIGINTZA KANTAGINTZA BERRIA KAZETARITZA
Gorostian gorosti Ogi-gainekoak Mapa Kronologia Gaiak Afalondokoak