Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Gorostian gorosti
Gaiak
 
Gaiak
ANTZERKIA BERTSOLARITZA ESKOLA IRRATIGINTZA KANTAGINTZA BERRIA KAZETARITZA

Kazetaritza

 

        Euskal Herriko prentsan aurrenekoz azalduriko euskal testua Donostian idatzi eta argitaratu zen 1834an. Lehen gerrate karlistaren garaia zen, eta hiriburuko liberalek El Correo del Norte izeneko aldizkaria argitaratzeari ekin zioten. Aldizkari honen helburua, besteak beste, karlisten propagandari aurre egitea zen, eta, ahal zen neurrian, haien morala ahultzea. Helburu horrekin argitaratu zuten proklama moduko bat, karlistei zuzendua, deserzioa sustatzeko.

                    El Correo del Norte

        Argitalpen honek ez zuen luze iraun. Helburua etsaiari erasotzea zenez, haren esku artera helarazi behar zen; baina gerratea bera sekulako traba zen aldizkaria banatzeko. Bestalde, karlisten eskuetara iritsiz gero ere oso nolabaiteko eragina izango zuen, karlista multzo nagusia nekazari analfabetoek osatzen baitzuten, eta ezin zuten letra irakurri, euskaraz izanagatik. Gerrate hartan behintzat, indar handiagoa zeukaten pulpituak edo bertsoak hizkera idatziak baino, propaganda bezala.

 

 

IZARRETAN ERDARAZ

 

        Gauza jakina da bigarren gerrate karlistaren ondoren foruak deuseztatu zirenean oso mugimendu garrantzitsua sortu zela Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, foruekin batera euskal nortasuna ere galtzeko arriskuan ikusi zutelako ordura arte hizkuntzaz sobera arduratu ez ziren maila sozial goi samarreko batzuek. Jose Manterolaren figuran gauzatzen da hasierako pizkunde hori Donostian. Cancionero Vasco argitaratu ondoren, Euskal Erria izeneko aldizkaria sortzen du 1882an, urte luzetan, Manterola bera hilda gero ere, hainbat kolaboratzaile bilduko zituena: Ramon Artola, Franzisko Lopez Alen, Bitoriano Iraola, Serafin Baroja, Marzelino Soroa, Antonio Arzak... Idazle donostiarren lehen belaunaldia esan genezakeena, aldizkari honek plazaratu zuen.

        Pizkundeak ordea bazeukan kontradizio latzik bere baitan, mugimendu euskalduna baino areago baitzen euskarofiloa: euskara izarretaraino goratzen zuen, baina erdaraz zen bere jardun nagusia. Euskal Erria aldizkaria ezaugarri horren bilduma bikaina da, euskarak ez du lekurik poematxo batzuetan ez bada, edo Batzarraren ohar elebidunetan, euskararen omenez eta gorazarrez beteriko prosa erdaldunaren artean. Marcelino Soroa kasu bitxia da guztiz, eta eredugarria: euskarazko irakaslea, euskarazko antzerkiak eta dialogoak idatzi izan zituen, baina prentsarako lanak, ia denak Euskal Errian argitaratuak, erdaraz idatzi zituen, Omar Celin Oarso ezizenaz.

        Egon ziren bestelako prentsa-saioak ere, garai hartan. Serafin Baroja izan zen langintza zail honetan nekaezineko gizona. 1878an Santo Tomasco Feriya izeneko orrialde literarioa argitaratu zuen, eta 1879an almanaka elebidun bat, harrigarri elebiduna.

                    Mercurio

        Aldian behingo orrialde jostalari hauetaz gainera, Bai, Jauna, Bai izeneko astekaria argitaratu zuen Iruñean Serafin Barojak 1883an, hura ere elebiduna, «Egui-Argui-Berri-Onac» azpitituluarekin, eta aurrekoak baino asmo jasoago batekin. Pio Barojaren aita maiz azalduko zen Donostiako prentsan kolaboratzaileetan, ia beti euskarazko bertsoekin.

 

 

GAZTERIK UMOTUAK, TAMALEZ

 

        1903an Gipuzkoako Foru Aldundiak aldizkari bat sortu zuen baserritarrentzat, Gipuzkoako Nekazaritza-Agricultura Guipuzcoana, euskaraz eta gaztelaniaz. Billabonako Fraisoro Nekazari Eskolako irakasle gazte eta langile bat jarri zuen publikazioaren buru, Ignacio C. Nuñez Arizmendi. Baina aldizkari honen kudeatzeak ez zuen Nuñez Arizmendiren lanerako ahalmena eta gogoa asetzen. Baserritarra izeneko beste aldizkari bat sortu zuen, hamabostekaria, euskara hutsean, Bitoriano Iraola idazle eta inprimatzaileak emandako laguntzarekin eta Pepe Artola eta Juan Ignacio Uranga zituela lankide.

        Aldizkarian gai orokorrak tratatzen ziren, «Berrichukeriak» eta «Auzoko itzak» bezalako atal guztiz kazetaritzakoak zeuzkan, beti ere nekazaria zuen arren irakurle zaindua. Horietako asko Nuñez Arizmendik berak eginak ziren, Aitor sinaduraz. Manterola, Mujika eta beste euskaltzale asko bezala, Ignacio C. Nuñez Arizmendi oso gazterik hil zen, 29 urte zituela, eta handik gutxira hil zen bere aldizkaria ere.

 

 

»ISKILLU IKARAGARRIA»

 

        Euskal Esnaleak aspaldi samarretik zebilen kezka plazaratu zuen 1917an: euskarazko egunkariarena. Kezka hau, hasiera batean behintzat, morala zen. Gazte asko, «azpikoz gora» aldatzen omen ziren herri handietan, eta hori, jakina, irakurgaiengatik zen. Halako indar berezia aitortzen zitzaion letra idatziari, arma ikaragarria zen...

        Interesgarria da ordea gure lehen kazetari profesionalaren iritzia, Kirikiñorena, asmo honetaz: «labea hoztxu dago». Hogei urte geroago, gauza bera esango zuen Aitzolek, Lizardiren euskal egunerokoarekiko seta aipatzen duelarik...

                    Iskillu ikaragarria

                    Izkillu ikaragarria

                    Egunaria ta ikastegia

 

 

ARGIA

 

        Euskal prentsan leku berezi eta gailena behar duen astekaria, Argia, 1921ean sortu zen Donostian. Jesus Karrera, Bitor Garitaonaindia, Ander Arzelus, Gregorio Mujika (Euskal Esnalea aldizkariko zuzendaria), Ramon Inzagaray, Agustin Anabitarte eta beste zenbait idazle gazte hasi ziren bertan trebatzen, aurreko publikazioen estiloarekin zerikusi handirik ez zutela, era dinamiko eta moderno batean. Iparraldeko Eskualduna astekaria hartu zuten eredu, eta bere sasoirik onenean 10.000 irakurle izan zituen. Izugarrizko zifra da hau, kontuan hartzen baldin badugu Argia gipuzkoarra zela guztiz, Euskal Herriko berriei lekutxo bat egiten zien arren.

                    Argiaren lehen editoriala

        Astekaria katolikoa zen guztiz. Lehen orrialdean gai orokorrak tratatzen zituen, ukitu klerikal handiarekin; bigarrenean Euskal Herriko berriak zekartzan, eta baita kanpokoak ere. Hirugarrenean nekazaritzari lotutako gaiak, laugarrenean kultura hasieran eta gero kirola, publizitate askorekin. Kiroletan ostikalariak, ukabilkariak, pilotariak, denetariko atletak ageri ziren, edo haien berri. Kronika haietan ikasi ahal izan dugu futbolaren hasi berrian «goal» euskaraz «guen» esaten zela.

        Bertan idazteaz gainera, laguntza ekonomiko handia eman zion Anbrosio Zatarainek aldizkariari, eta azpiegitura kontuan ezinbestekoa izan zen Rikardo Leizaolaren lana, familiaren inprimategian. Oso jende dinamikoa bildu zen Argiaren inguruan. Irratiaz arduratu ziren lehenengoak izan genituen, eta Euskal Herrian azaldu zen aurreneko ume-aldizkaria ere, 1927tik aurrera hamabostero kaleratzeko asmoa zuten Txistu komikia, beraiek sortu zuten, John Zabaloren marrazkiekin. Baina hainbat arrazoi zirela tarteko, oso bizitza laburra izan zuen haurrentzako proiektu honek. Argiak iraun egin ahal izan zuen Primo de Riveraren diktadura garaian ere, eta honen azken aldera, Euskaltzaleak erakundea guztiz finkatua zegoelarik, aldizkari honetatik abiatu behar zuela euskal egunkariak ikusten zuten denek: ideia honetan halako eginahal handia emango zuen Lizardik ere sail bat zabaldu zuen bertan.

                    Berriketak baserritarrentzat

                    Argia

                    J. Díaz Noci

 

 

GERRAK HIL ARTE

 

        Errepublikak prentsaren ugaltzea ekarri zuen, eta Donostian garrantzi berezia edukiko zuen El Dia egunkaria sortu zuen Eusko Alderdi Jeltzaleak. Egunkari moderno, bizi eta oldarkorra izan zen, kazetari sen aparta zeukan Jose Ariztimuño Aitzol-en isilpeko zuzendaritzapean.

        El Dia-k atal bat eskaini zion euskarari, Euskal Orria izenekoa, eta honen  ardura Ander Arzelus Luzear donostiarrak hartu zuen. Bertan herrietako kronikak, albiste nagusien komentarioak, Euskaltzaleak erakundearen berriak eta kanpotikako kolaborazioak agertzen ziren, Lizardirenak bezala. Atal honetan leku berezia dauka Nemesio Arizmendi Atarrene-k, Plaza Berriko zapatariak, kronista politiko bezala. Estilo bizi eta zorrotzekoa, buru-hauste politak eman zizkien La Constancia-ko integristei. 

        Ahaztu samarrak dauzkagun euskaltzaleotako bat izan zen Joseba Zubimendi ere, Urbieta kaleko kantaria. 1897an sortu zen, eta berrogeita bat urte baino ez zituela hil zen, Kanbon, gerrak bertara eramanda, bere lagun Luzear-en patu berean. Euskararen langile handi honen eraginaz sortu zuen 1932ko otsailean euskarazko orrialde bat El Pueblo Vasco egunkariak, «Euskal Eresi ta Izkuntzaren Alde» izenarekin. Euskal kantu tradizional eta berrien partituraren bat azaltzen zuen, kronikekin eta albisteekin batera, izkirimiri eta poematxo artean. Almandoz, Guridi, Garbizu, Imaz, Kerejeta, Gorostidi, Iruretagoiena, Erentxun, Lasagabaster, Dadie, Urteaga, Mokoroa... garaiko konpositore garrantzitsuenen lanak argitaratu zituen letra eta partiturarekin, eta hau oso beita polita izan zen hainbat jenderentzat, igandeetan behintzat erosten zuten, bilduma osatzearren. Idazle kolaboratzaileen artean Ander Arzelus Luzear adiskide mina, Carrasquedo, Arantzate, Goikolako Txoria nabarmentzen dira. Emakumezkoak ere jakin izan zituen biltzen, Ira, Egurrola ahizpak, Goikolako Txorikumea, Almandoz...

        Bere orria benetan zen orria, orrialdea zehazkiago, euskaraz betea goitik behera eta ezkerretik eskuinera. Ez zen hala gertatzen egunkari nazionalista ofizialean, euskal orrialdeak Euskal Orria izena eduki arren, gutxitan baitzen orrialde, gehienez ere orrialde erdi, sarrienik laurdena...

                    El Día euskaldun

                    Izperringiak

                    Txoko berritik, agur

                    Irakurri-Léase Euzkadi

                    Euskal Eresi ta Izkuntzaren Alde

                    Donostiar haien garaiak

                    Donostiako euskal idazleak

 

 

ZERUKO DEABRUAK

 

        Gerra aurretik zetorren buletina zen Zeruko Argia, Lekarozko kaputxinoek Iruñean ateratzen zutena, euskara hutsean, Damaso Intzak sortua, Riezu eta Donostia euskaltzaleen arrastoan. Gai erlijiosoak eta misionalak landu izan zituen urte luzez, baina 1960an halako zabaltze bat egin zuen, informazio orokorra sartuz. Honen ondorioz, legeak ehuneko hogeita hamarra gaztelaniaz publika zezatela agindu zien kaputxinoei. Pare bat artikulu argitaratu zuten, eta gero euskara hutsean jarraitu zuten, isunei eta mehatxuei jaramon handirik egin gabe.

        Handik hiru urtera aldaketa sakonak erakutsi zituen aldizkariak: informazio orokorrera zabaldu zuen, nazioartekoa lantzen hasi zen, arreta berezia eskaini zitzaion euskal kulturari... eta Donostian hartu zuen egoitza, urte luze eta zailetan leku mitikoa bilakatuko zen Okendo 22garrenean. Lehen hilabetekari, gero hamabostekari, astekari bihurtu zen 1963an, eta formato tabloidea hartu. Kolaboratzaile berri eta laiko mordoxka bat hasi zen berehala Zeruko Argian idazten: Jose de Arteche, Karlos Santamaria, Basarri, X. Tolaretxipi, Miren Jone Azurza, Jon Etxaide, Txillardegi, Juan San Martin eta Ramon Saizarbitoria gaztetxoa, euskal kirolariei elkarrizketak egiten. Jon Etxaide, gainera, soldatapean jarri zuten sei hilabetez, osorik aldizkarirako. Aldaketa hauek izugarrizko garrantzia izan zuten etorkizunerako, eta aire berri arnasa eman zien euskaldun gazteei.

                    Mariano Arrate il da

                    Euskerak gorbata jantzi du?

        Ikuspuntu aurrerazaleek indar egiten zuten leku bat hartzeko euskararen mundu elizkoian, eta hori fraideek sorturiko argitalpen honi esker izan zen posible neurri handi batean. Ez istilurik gabe. Abertzaletasun berri bat ari zen sortzen, laikoa, ezkerrekoa, erbesteko buruei men egiten ez ziena, eta kulturgizon heldu denek ez zeukaten Karlos Santamariaren zabaltasuna gazteen premiak ulertzeko. 1965ean «Gazte naiz» atala sortu zuten Jarraiko Ramon Saizarbitoriak eta Iñaki Beobidek, eta ahots gazteen lekua izateaz gainera, atal honetan hasi ziren trebatzen gerora kulturgileak eta idazle garrantzitsuak izango zirenak: Mikel Forkada, Arantxa Gurmendi, Xabier Lete, Ibon Sarasola, Mikel Lasa, Xabier Kintana, Mari Karmen Garmendia, J.M. Agirre, Begoña Arregi, Mikel Ugalde, Ane Garin, Miren Olarreaga...Belaunaldi honek, hizkuntzari uko egin gabe modernitatean txertatu nahi zuen bere burua, edo hobe esan, hizkuntzaren eta oro har euskal kulturaren egoera bera akuilu zitzaien mundua ordu bizitzeko. Eta horretarako estereotipo antzuak apurtu behar izan zituzten.

                    Musika gaztea

                    Nahi ta nahiezkoa

                    Zeruko Argia

        Belaunaldien arteko gatazkari hizkerarena gaineratu zitzaion. Haserre ugariren artean, Zeruko Argiak euskara batua asimilatu zuen, eta honek aurrerapauso handia suposatuko zuen hizkuntzaren normalkuntzan. Ekipoa berritzeko ahalmen handia erakutsiz, Zeruko Argiak oso paper garrantzitsua jokatu zuen frankismoaren azken urteetan, debekuen eta isunen gainetik irakiten zegoen gizartearen gazi-gozoak ikuspuntu euskaltzale eta burujabezale batetik emanez. Urte zail haietan trebatu zen nukleotik sortuko zen gero beste hedabideetan euskal kazetaritza garatu duten hainbat idazle: Amatiño, Mikel Atxaga, Elixabete Garmendia, Lurdes Auzmendi, Pilar Iparragirre, Pello Zubiria, Iñaki Uria, Josu Landa... eta, nola ahaztu, artista handia izateak prentsa grafikoaren maisu handia ere izatea eragozten ez dion Antton Olariaga.

                    H bai H ez

                    elkarrizketa Martin Ugalderekin

                    Sareko Argia

                    Prentsa euskaraz

 

 

IRUTXULOTARRAK BERRIRO ERE

 

        XX. mendeko azken urteetan indar berezia hartu zuen eskualdeko prentsak euskaraz. Hainbat aldizkari sortu ziren udalen eta erakunde desberdinen babasean, kazetaritza bizkor eta atsegin bat garatuz, tokian tokiko arazoak zituela gai, bertako euskarari arreta berezia eskainiz.

        Donostiak ere sortu zuen bere aldizkaria, Bagera Donostiako Euskaltzale Elkartearen ekimenez, 1994an: Irutxulo. Handik hona, astero izan dugu kalean.

        Hasiera batean dohainik eskuratu zen Irutxulo, eta 7.000 ale banatu izan ziren astero Donostiako buzoietan, harpideen artean. Zifra honek izugarrizko garrantzia dauka, gure hizkuntzak hiriburuan daukan potentzialtasunaz hitz egin ahal izateko. Siadeco entrepresako adituek 1996eko uztailean eginiko ikerketaren arabera, euskara hutsezko astekari honek 30.000 irakurle zituen Donostian, eta batez ere gazteen artean zuen arrakasta (10-29 urte bitartekoa zen irakurleriaren %51). Eta eskualdeko prentsa xume honen garrantzia soziolinguistikoa batere ezbairik gabe agerian uzten duen datu bat atera zuten inkestatik: harpidedunen %27 Irutxulori esker inkorporatu zela aurrenekoz euskarazko irakurketara, hau da, ia 2.000 donostiar hasi ziren euskaraz irakurtzen Irutxuloren orrialdeetan. Datu hau munta handikoa da, publiko berri hau, noski, jende helduen artean irabazia baita, «irakurketarako galdua» uste den horretan.

        Gaur egun, azpiegiturako gastuek eta paperaren garestiak hala eraginda, Irutxulo bi mila pezetako urte-sariaren truke banatzen da 5.000 etxe eta leku publikotan.

        Hori nahikoa ez eta, Gaztetxulo, gazte donostiarren hilabetekaria, sortu zuen erredakzio taldeak, gaur egun Euskal Herri osoan zabaltzen dena.

 

                    Irutxulo

                    Gaztetxulo

 

 

ANTZERKIA BERTSOLARITZA ESKOLA IRRATIGINTZA KANTAGINTZA BERRIA KAZETARITZA
Gorostian gorosti Ogi-gainekoak Mapa Kronologia Gaiak Afalondokoak