Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Gorostian gorosti
Dokumentuak
 
Dokumentuak
mapa: Gros kronologia: 1951

Kanta-kantari

Itz bi

 

Nemesio Etxaniz

1951

 

        Kantuz urtu baño lenago, irakurle, pixka bat alkarrekin egon bearra degu. Musika-zalea bazaitut, are bearrago det zurekin itzegitea.

        —¿Kanta-liburu bat geiago? —esango didazu, nere liburutxo au ikusita. Ta nik erantzun bear. Ez ori bakarrik: kanta-liburu onek asmo ezkutu bat du zuri agertzeko.

        Euskaldunok ezertan aberats bagera, abestietan gaituzu aberatsenak. Donosti Aba ta Azkue Jauna aurrelari dituzula, gure erriko kanta-liburu ederrik asko zabalduak ditugu. Euskal-foklore-salla beaz, lendik oso landua degu, Jaunari eskerrak. Nere liburu onek, ez du bide ontan ezer egin bearrik.

        Nik, gure musika-zaleak, batez ere konpositore edo eresgille diranak eta olerkariak esnatu nai nituzke. Ona zertarako. Gaurko gazteak, zine, dantza ta irrati-bidez (radioz, alegia), beste musika-aide batzuek artzen dizkigute egunotan. Guri naigabe eman arren, musika merke ori gazteon biotz-jabe egin da; ta gure euskal-aide ederrak baztartuta, kanpoko aide berrietara dijoakigu euskal-gaztedia. Aide berri oiek gañera, erdal-itzez jantziak datoz, eta gure mendietan, azkenengo baserrietarañokoak, kantuetan ere, Euskera zokoratzen ari zaizkigu.

        Gure izkuntzari datorkion kalte berri au, nolabait atzeratu nairik nator ba. ¿Nola? Gure kanta zarrak berriro argitaratuaz? Ez, noski. Kanta berrietara zaletutako gazteak, gure kanta zarrez gogaitu, aspertu egiten dira. Erri-kanta oiek, zinetakoen aldean, motzak, gexak, gatz-gabeak dirala, uste dute.

        Gure kanta zar asko gañera, musikaz ain bikain diralarik, oso itz arlotez jantziak dauzkagu. Nere iritxiz, euskal-olerkariak lan au egin bear ligukete: lengo doñu zarrei, letra berria lortu, itz apañagoak ezarri: gaurko gaztediari atsegiñago zaizkion maitasun-itzak erantsi. Onela gure kanta zarrak, soñeko atsegiñagoz erakutsi.

        Orrez gañera, kanta berriak sortu ditzagun. Au eresgille edo konpositore diranen lana dezu: ta Euskalerrian lan ontan maixu diran asko ditugu. Sortu bitzate beaz urtero onelako doñu berri batzuek, erdal-aideak bezela, gure gaztean ezpañetan zabal ditezen.

        Kanta berri auek, era danetakoak bear ditugu, bai euskal-usaidunak eta bai kanpo-aizedunak ere. Gaurko dantza-aideak, tango, rumba, fox eta abar, erri guzietam zabaldu zaizkigu, ta gure apaiz-biotzak min artu arren, gure errian bota dituzten sustraiak ezin uka genitzake.

        ¿Zer egin? ¿Negarrez urtu? Ez orixe, emen ere, gure oitura on eta Euskeraren alde egiteko lan ederra badegu. Errian geien gustatzen diran abestiei, euskal-itzak erantsi dezazkiegun. Onenbeste nabarmenkeri ta gordinkeri dariten erdal-itz ordez, euskal-itz garbiagoak asma ditzagun.

        Nere liburu onek, lur berri au urratu nai izan du beaz; ta lentxeago idazkiak euskeraz nola idaz zitezken erakutsi nizun bezela, gaur nere idazti berri onetan, Euskera kanta berri oietan nola erabil diteken, azaldu nai nizuke.

      ¡Ai, baña nere zorigaitza! Euskal-zale ta moralista «zorrotzen» madarikapen danak nere gain ikusten ditut.

        —¿Tango, rumba ta foxak euskeraz, alajaña? ¡Utikan, inpernuko asmaketa ori! Euskal-itzak, euskal-aidetarako bakarrik bear ditugu. Kanpoko bide oiek euskeraz jaztea, gure izkuntza kutsatzea litzake.

        Zaude, arren, adiskide: ez dezagun burrukarik alkarrekin. Gure mendietan, len euskal-kantak bakarrik aditzen ziran lekuetan, gaur erdal-aide oiek nagusi ikusten ditugu. Zuk eta nik ezer egin gabe ere, tango ta abar abestuko dizkigute gaurko gazteak. Erbesteko kanta oiek, lizunkeri-itz asko sartzen dizkigute gure gazteen artean. Ortik kalte bi sortzen zaizkigu: oitura onak zabartzea bat, eta Euskera atzeratzea bestea.

        Erri guztietan gañera, ez beren aideai bakarrik: baizik kanpotik sartzen zaizkien kantei ere, erriko izkuntza ezartzen die, onela, erriak bertako izkuntzan kanta ditzan. ¿Guk zergatik ez degu beste ainbeste egin bear? Euskera aulduko ezpazaigu, alde guztietako abestiak euskerazko itzez jarri bearrak ditugu.

        Onela Euskalerriari bi mesede egingo dizkiogu. Abesti oien esan lizunak kendu, ta maitasun garbizko euskal-itzak sartu batetik. Oitura onak babestu ortik. Au lenengo mesedea. Ta bestetik, kanta oiek euskeraz emanaz, gure izkuntza ortarako gai dala erakutsi gure erriari. Emendik, gure Euskera, sail ontara zabaldu, ta gure gazteen ezpañetan ugaldu. Au bigarren mesedea.

        ¿Nere asmo au madarikatzekoa al-deritzazu? Ez det nik beintzat ala uste. Pakeak egin ditzagun beaz; eta gure musikagile ta olerkari bikañak, nik idazti onetan aleka asi dedan lan au, ugal bezate.

        Ta orain ikus ditzakezu arretaz nere kanta auek. Batzuek, doñu ta itz, berriak sortu dizkitzut. Ni eznaiz ordea eresgille, ta nere kantu auek askotan beste kanta zarren oiala ager lezakete, neu konturatzeke. Ez det beaz fede geiegi kanta auen berritasun ortan. Beste kanta batzuek, lengo doñu zarrak dituzu: itzak berritu dizkiet bakarrik. Soñeko berria badute, mamia lena dizute.

        Ez dakazkizut alabaña itxu-itxuan. Euskaldun degun erriak pozik jaso ta kanta ditzaken abestiak sortzea, komeni zaigu: ta zuri erakutsi baño lenago, Azkoitiko erri euskaldunari azaldu dizkiot. Gazte-talde bat nere ardurapean artuta, erriko antzokian kanta ditugu. Erriak bete-betean artu zituan, ta pozik arrezkero abestu ere. Orregatik, euskaldun bazera, zuk ere pozik eta gogoz kantatuko dituzulakoan nago.

        Ori bai. Gaurko gazteei, aide berri auek emanaz, gure folklore zaia ere tarteka erakus dezaiegun: ta bide batez, oraingo musika merke onen aldean, lengo kanta zarrak askoz bikañagoak ditugula ere, garbi jakin-arazi bear diegu.

        Auxe esan bearra nizun. Agur ba, ta Jaunak Bearekin zaitzala.

 

 

mapa: Gros kronologia: 1951
Gorostian gorosti Ogi-gainekoak Mapa Kronologia Gaiak Afalondokoak