Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Gorostian gorosti
Dokumentuak
 
Dokumentuak
kronologia: 1935-01-20 gaiak: Bertsolaritza

Bertsolari egunaren sortzea

 

Joseba Zubimendi

Euzko Deya, 1939-III-5

Bertso Minez. Alberdania, 2002

 

        Udazkeneko gau giro ederra zen. Eusko Gaztediko areto berria, leihoak zabalik, haize egarri Donosti jostarian. Bazkideak mahaietan, han-hemenka, eguneko lanaren atseden, akeita hartuz edo museko «Hordago!» borobila boteaz jokoan, edo goizetik gauerainoko gorabeherez berritsu.

        Bat-batean, ustekabe, hor sartu zaigu gazte sail alai bat aretoan. Hain alaia ez ezik! Egun osoa ibilketa batean botea zuten eta, azkenik, afalondoan, Eusko Gaztedira ikertaldi bat egin gabe ezin jaia ongi biribildu. Zarauztarrak dituzu eta beren artean «Basarri». Agurrak, bosteko estutzeak, bizkar gaineko esku-zartak. Gure artean jarri dira eta, hau etengabeko berriketa! Baina haien artean bada bat berriketari lotuta ezin egon dena. Bihurri samarra berez, barruan daukan pozari ezin eutsi eta mingainarekin ez ezik, oin, beso, buru eta guztien beharrean aurkitzen da poz hori agertzeko. Mutila nabarmentzen hasi zaigu lainezaren bultzadaz, harroxko.

        Eizmendi gure mahaian, ezin eramanik, sutan. Halako batean, zutik jarrita, beroaren bero, bertso hau zuzendu dio bere adiskideari:

 

                Aizazu gazte, lagun nerea,

                zertan zabiltza orrela?

                Ez al dakizu ainbat jaun prestu

                ortik begira daudela,

                era ortako jolasketarik

                gutxi maitatzen dutela?

                Egizu kontu zuk Donostiko

                Euzko Gaztedin zaudela;

                umekeriak baztartu itzazu

                ta ibili gizon bezela!

 

        Bertsoaren indarra! Gazte bihurria ez zen gehiago sentitu; lainezak ihestu zitzaizkion; harrotasunak, urtu. Itsas barearen antzeko leun gelditu zitzaigun.

        Bertso batek honelako indarra izanik, zenbat eta zenbat egin lezakete bertsolariek, bide zuzenean jarrita, gure egiaren zabalkunderako! Hau izan zen une hartako oldozkuna. Une hartatik hasi zen Bertsolari Egunaren jaiotza.

        Zortzi egunez geroago, Argia eusko asterokoan, «Bertsolariak bear ditugu» idazpuru pean, Eusko Gaztediari eskainita, buruhauste hau agertu zen. Argia genuen eusko-gai guztien haizetzaile. Euskara hutsari emana, alde orotan sartzen zen. Gipuzkoako baserririk ez zen izango bera jaiero-jaiero sartzen ez zenik. Batez ere nekazariek ongi maitea zuten. Zenbat argi zabaldu du Argia-k gure herrian! Telletxea gaztea zuzendari zelarik, argazkiz apainduta, ikusgarri azaltzen zitzaigun azken aldian. Hurrena, etxeko arazoa zuzentzen zaigun garaian, Argia asterokoa eguneroko bihurtzen saiatu beharko dugu, horratik!

        Garai hartan Etxeberriatar Eli lehendakari zela, Bereziartua genuen idazkari, eta hauek onartu zuten idazkiaren mamia. Baina zer egin? «Euskaltzaleak» bazkunak zebilzkien Antzerki Eguna eta Olerki Eguna. Zergatik ez egin guk Bertsolari Eguna? Eta beste gabe ekin genion lanari.

        Eusko Gaztedik zebilkien politika arazoak atzera ez zitzan bertsolariak, Euskaltzaleak bazkunari eskaini zitzaion lehendakaritza. Bai Ariztimuñotar Joseba «Aitzol» zenak pozik hartu ere. Geroztik bi bazkunak bat eginik jarraitu zioten lan onurakor honi.

        Euskararen aldeko, Aitzol zenaren lanak, ezin neurtu ahalakoak. Halaz ere, beste idazkiren batean agerikoenak oroitzen saiatuko gara. Bertso minez genuen beti, bertso minez, eta buruz ikasiak zituen anitz. Bigarren urtean, gudaren aurkako gaia aukera zenean, nork uste gudak eraman behar zigula?

        Gudaren aurkako izan da beti euskal jendea. Bigarren urte hartan bertsolariek berari gorrotozko hitzak zuzentzen zizkioten bitartean, etsai ankerrak, isilpean, guda antolatzen... Bigarren jai hau egiten zen garaian Jesus Luisa Esnaola zen Eusko Gaztediko lehendakaritzan, eta Urbistazu idazkari. Hauek izan ziren handik sei hilabetera, bere bazkuneko eusko mutil zintzo, donostiar jator eta abertzale sutsuekin, gaizkileei aurre eman ziotenak. Ezin ahaztuko gau ikaragarri hartan, bizia uneoro jokatuz, kalez kale, zuzentasunaren oinarri; su aurrean, itzalkari; lapur eta gaizkile aurrean, herrizain; gazte hauek gaizkatu zuten Donostia. Hauei zor Donostiaren izatea. Gogora dezatela beti donostiarrek!

        Horrela zen Donostiako Eusko Gaztedia: euskal ohitura-maitatzailea, gentza zalea, gudari gorroto agerikoa ziona. Argi erakutsi zuen zaletasun hau, 1931garren urtean gero bere aurka jarriko zirenek, zurikeriaz, gudara eraman nahi izandu zituztenean. Eusko Gaztedian, ezpatadantzarako behar ziren ezpata zahar luze haiek beste izkilurik ez zen aurkituko. Gudarako gertatze ederra!

 

 

 

kronologia: 1935-01-20 gaiak: Bertsolaritza
Gorostian gorosti Ogi-gainekoak Mapa Kronologia Gaiak Afalondokoak