Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

PUTZU

Jose Luis Alvarez Enparanza, Txillardegi

        Honetakoan ez zen nire itxaron-beharra luzatu. Biharamun goizean goizik, hauxe esan baitzidan Oskotz komandanteak:

        —Tolosatik goaz Nafarroa aldera.

        —Beharrik!

        —Muga aldera goaz —erantsi zuen, erdaraz beti ari—. Hots, muga hori, badakikezunez, oraintsu arte beltzen eskuetan egon da osotara. Zuhur ibili beharra, hortaz, azpimarratu beharrik ez daukat. Gutxiago jakin, eta hobe. Ez dakiena ez da mintzo. Dakiena, berriz, eskuburdinaren oinazearen arabera bakarrik isilik.

        —Nora goazen ere ez dugu jakingo?

        Zalantza unetxo bat izan ondoren, nigana hurbildu da oso serio:

        —Zure osabaren ezpalekoa zaren esperantzan, zerbaitxo esango dizut. Baina aurretik gauza bat agindu behar didazu hertsi-hertsiki: zer gerta ere, ez duzula ezer esango.

        —Zin egiten dut, ene komandantea!

        —Ederki... Ba, gauzak horretara... Zugarramurdira goaz —argitu dit Oskotz komandanteak—. Frantziako muga aldera. Gertakari historiko baten lekuko izateko zoria dugu. Iganderako egon behar dugu han, «para el domingo sin falta».

        —Gaur osteguna —nik neure artean—. Hortaz... hiru egun barru.

        Eta nik ziplo galdetu:

        —Errege dator?

        —Gaur-gaurkoz ez dizut ezer zehaztuko. Baina ukatuko ere ez. Hau agindu digute guri: hango mendietan egoteko 13 iganderako. Ordurako, hantxe. Handik hara segidan, gero, bolondres-oste handi baten barruan, Lizarraraino! Haraz gero, nor bere sailera; eta zu zeu, beraz, «El Cuartel Real»en moldiztegira. Hori dakit.

        —Lizarrara bertara?

        —Lizarrako moldiztegiarena ez dago oraindik prest. Beharbada egun batzuk eman beharko dituzu Aitxurin zain, Peña Platako kasernan. Zugarramurdin. Ez da leku txarra.

        —Dena prest, beraz, «El Cura» madarikatua uxatuz geroztik? —galdetu dut gaixtoki. Eta berehalaxe neure ausarkeriaz damutu naizelarik.

        —Den-dena ez, zerorrek ikus dezakezunez. Egun hauetantxe erre du Beasaingo estazioa, esate baterako!

        —Gauza asko, bai, halere, polliki-polliki. Telegrafoa ere bai, bidenabar... Eta gainerakoak ere, konponbidean.

        —Igandea baino lehenago, bihar agian, edo etzi beranduenik, «legitimista» frantses batzuk iritsiko omen dira gurera. Zugarramurdira alegia. Eta, Lizarrara gabe ere, itzultzaile lanik ez bide zaizu faltako!

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki