Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

HUNTAZ ETA HARTAZ

Jose Luis Alvarez Enparanza, Txillardegi

Eskuindar eta ezkertar

 

        «Baina, ba ote dago oraindik ezkertarrik eta eskuindarrik?» Ziur naiz norbaitek hau galdetu duena. « Gaur —jarraitu duke— liferentzia horiek oro, ezabatu eta ahantzi egin dira».

        Eman bizaio Alain'ek, nere ordez, erantzunik egokiena: «Ezkertar eta eskuindar alderdien arteko etendurek, edo ezkertar eta eskuindar gizonen artekoek, oraindik ere zerik ote dutenetz galdetzen didatenean, lehenik datorkidan ideia hauxe izaten da: horrelako galdera bat egiten duena ez dala, eskierki, ezkertar».

        Salatu egiten du galderak galdetzaillea, dudarik gabe; eta Alain'en erantzunak erantzulea ere salatzen baitu, nihaur salatu nau. Eta ez zait gaitzi: nahiko nuke bihotzez izen hori, ohore litzaidake; nere burua galdegilleen artean aurkitzea litzaidake laidogarri hain zuzen.

        Beste batzuk, aldiz, ez dute galdera hori egiten; baiñan akats edo eritasun gisa hartzen dute banaketa hau; eta ikusteko era hunek ere berdin salatzen ditu. Ortega y Gasset'en ezkertasunaz (?) horrengatik, aspaldi ezkeroztik finkaturik daukat guztiz bestelako iritzi bat. Zer pentsa diteke, irakurle, ondoko hau izkiria dezakean «ezkertar» batez? «La obra intelectual aspira, con frecuencia en vano, a aclarar un poco las cosas, mientras que la del político suele, por el contrario, consistir en confundirlas más de lo que estaban. Ser de la izquierda es, como ser de la derecha, una de las infinitas maneras que el hombre puede elegir para ser un imbécil: ambas, en efecto, son formas de la hemiplejía moral». («La Rebelión de las Masas», 17 gn. horrialdean). Mussolini'k ez zukean bortizkiago esango espaiñiar sasi-aurrerakoi eskuindar hunek baiño...

        Alabaiñan, ondokoan ageriko dan bezela, ezkertarra egiazki izatea oso da zailla. Nahiko nuke, beraz, izen hori; baiñan egiazko ezkertarretarik bat ote naizenetz ez dakit.

        Ba dira, hortaz, ezkertarrak eta eskuindarrak. Ba dira, noski, politikan, politikan sortu baitzan banaketa-modu hau.

        Baiña ba dira ere eskuindarrak eta ezkertarrak gaiñerako gauzetan: literaturan, musikan, midikuntzan, zineman, industrian, pentsaeran, sukaldaritzan, eta beste zernahitan.

        Barne-barnetik dator berezte hau: ezkertar dana, danetan da ezkertar; era berean, eskuindar (edo eskubitar) dana, danetan da eskuindar.

        Azkeneko urte hauetan indar berri bat eman diote bitasun eta zatika-bide huni soziologo batzuk: Berkeley-eskolaren ustez, nunbait irakurri dudanez, gizonak funtsez bi taldetan bana ditezke omen: aginte-zaleak edo larderiakoiak batean, eta liberalak-edo bestean. Alegia: ezpaiñestuak batean, eta jatorrak bestean...

        Nik, egia esan, askok bezela, soziologo izan ez arren, eta teoria horien berri izan baiño azkozaz lehenago ere, bitasun horren egia ageria ba neukan aspaldi huntan somaturik. Nola hori? Adibide argi batzuk emango ditut: gutxi ezagutu dut OAS-aren aldeko eta, denbora berean, Picasso'ren aldeko. Espaiñia'ko ezkertarrak, Azaña gonbarazio baterako —eman dezagun oraingoz Azaña ezkertarra izan zala zezenen kontrako izan dira, eta aldeko amorratuak aldiz izan dira eskuindarrak: frankistak eta karlistak, esate baterako. Integristek —hots: eskuindar begi txarrez ikusten dute Teilhard de Chardin (irakur, berriki, Ruffini'ren esanak Erroma'n, eboluzio edo billakaeraren kontra), eta begi onez Ottaviani. «Europe des Patries» deritzan huskeria hori ontzat ematen dutenek, ez dute eskuarki Resnais'en zinema-mota maite izaten. Azkenik, ikastaroan beti lehenbiziko diranak, askotan, gehienetan (ikus huni buruz ondoko saiakera berezia) Prokoffief'ez eta Buffet'en etsai billakatzen dira denborarekin.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki