Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

BURRUNTZIYA. BARNAIÑOREN LARRIYAK. TXIBIRIBIRI. SAN TOMASEKO FERIYA

Toribio Alzaga

TXIRIBIRIBIRI

 

I

 

        Iruditegiak gela apain bat aurkeztatuko du. Atzian ate aundi xamar bat. Ezker-eskuitan ere atiak. Eskuian ixpillu bat. Mai ta alki politak eta abar.

        Estalkia igotakoan, Esteban eta Andres, exerita, izketan.

 

ESTEBAN eta ANDRES

 

ESTEBAN.- Alaxen da bada.

 

ANDRES.- Beraz, zure illoba Xixili, emaztearen aldekoa da?

 

Esteban.- Bai. Gurasuak il eta umezurtz gelditu zanian, guregana ekarri genuen.

 

ANDRES.- Gaxua! Ondo nexka polita da.

 

ESTEBAN.- Polita, azkarra, ona ta langillia. Bainan, alare, etzion inork arpegira begiratzen. Diruik etzuela usandu zuten nonbait, eta jakina dago: «txanponik ez bada. gaurko eguneko gizasementzat emakumerik ez dago».

 

AANDRES.- Egiya diyozu.

 

ESTEBAN.- Ontan, izan genduben Albertoren il-berriya. Alberto ori, nere emaztearen anaya zan; gizarajuak oso egos-gogorra izan biar zuben; ta, ala, bere berririk ez genduen izaten. Bizi zala're, doi-doi genekigun. Mancha alde artan, meatz, mina batzuen jabe zala bagenekigun, aberats zegola're bai...

 

ANDRES.- Izugarri !

 

ESTEBAN.- Ta, beste ezertxo're ez. Il-berriyaren ondoren, zerbait adierazi ziguten, gure illoba Xixilirentzat diru ondotxo utziya izan biar zubela... ta, arrigarrizko gauza! guk baino len jakin zuten kanpuan. Erri guziyan zabaldu zan Xixiliren aberastasuna.

 

ANDRES.- Ala gertatzen da.

 

ESTEBAN.- Ta beriala asi ziran Xixiliren ondotik. Ordu arte inork begiratu ez baziyon, bazeukan ordubantxe nork begiratuba. Ezin txanda artu, gizona. Batek onla, besteak ala... (Imintziyuak egiñaz) A zer kankarreko mina eraman biar zuten batzubek! Eta, guztitatik bazan: itxurazkuak, itxura txarrekuak, apainak, arlotiak, gaztiak... azkenian, agure zar bat ere bai, piper-morrua zirudien sudurrarekin, or egoten zan ia!... (Imintziyua egiñaz) bere ortz ustelak erakutsiyaz.

 

ANDRES.- Ikustekua egongo zan!

 

ESTEBAN.- Alarguna omen da, zortzi seme-alaben aita; ta izan gogua, kirten arrek, neskatxai begira egoteko.

 

ANDRES.- Bazeukan bada etxian zeri begiratuba.

 

ESTEBAN.- Bai, bai; obe ziyon oliyo-txarruari ondo begiratu.

 

ANDRES.- Ez da gezurra.

 

ESTEBAN.- Eskutitzez artzen zuben berriz Xixilik... Egunian sei errial ez genduben aski karteruentzako!

 

ANDRES.- Txinixten det.

 

ESTEBAN.- Ta alako aukera izan emakumiak, eta, geyenetan gertatzen dan bezela, txarrenarekin gelditu zan.

 

ANDRES.- Gizona, gizona...

 

ESTEBAN. Txarrabeta jotzallia! Biolinterua! Txokolaterua izan bazan alare!

 

ANDRES.- Bai, gizona.

 

ESTEBAN.- Ikusi dezun mutillik txoruena. Txibiribiri deitzen diot nik. (Altxiaz) Jostallu utsa da, geldirik ez dago une batian, beti dantzan dabillela diruri! Kaxkarinik izan bada, orixen da kaxkarin jatorra!

 

ANDRES.- Eta neskatxak nai...

 

ESTEBAN.- Txoraturik dago bere orrekin. Gure esanak alperrik izan dira. Ez dakit nik, Xixili dan azkarrarekin, nola xalta-periko orretzaz zaletu dan.

 

ANDRES.- Izan ere.

 

ESTEBAN.- Ikusiko bazenitu biyak emen panpantxo daudenian, zer txorakeriyak, zer ametsak... Uste dute osabak utzi ditubela ikaragarrizko dirutzak.

 

ANDRES.- Utzi ditu... utzi ditu...

 

ESTEBAN.- Utzi biarko zituben. Etzituben noski berekin eramango, bainan...

 

ANDRES.- Larogei ta amar milla durotik gora izango dira.

 

ESTEBAN.- Ez da auntzaren gaberdiko estula.

 

ANDRES.- Ez.

 

ESTEBAN.- Bada, esan bezela, beren diru oyekin ametsetan zebiltzan; eta ontan, zapla! zure eskutitza artu genduen, adieraziaz, osabaren ontasunaz Xixilik jabetu nai bazuben, bere lengusu Jenarorekin ezkondu biarko zubela.

 

ANDRES.- Ala da.

 

ESTEBAN.- Bai, ala izango da; baña ¿ze egin biar du orain Xixilik bere Txibiribiri orrekin?

 

ANDRES.- (Altxiaz) Gai ontan, argi ta gar bi azaltzen da azken-naya. Alberto jaunaren ontasun guziyak, bere illoba Jenaro ta Xixilirentzat izan biar dute, abek biyak alkarrekin ezkontzen badira. Biyetako bat ukatuko balitz, ukatzen ez danarentzat izango dira ontasun guziyak.

 

ESTEBAN.- ¿Eta biyak ukatzen badira?

 

ANDRES.- Beartsu-etxetarako.

 

ESTEBAN.- Bainan, ¿nola nai dezu Xixilik Txibiribiri uztia?

 

ANDRES.- Utzi ditzala bada, osabaren ontasunak.

 

ESTEBAN.- Eta... ¿nola nai dezu, osabaren ontasunak uztia, bere ayen ondotik badabíl Txibiribiri dalako ori?

 

ANDRES.- Ez dauka bada beste biderik. Gaur arratsaldeko labetan, Jenaro ta Xixilik biyak, aitortu biar dute nere aurrian, osabaren aginduba betetzeko gertu dauden ala ez. Jenarok idatzi dit ordurako egongo dala. Zubek ikustera, uste det lenago etorriko dala.

 

ESTEBAN.- Noski...

 

ANDRES.- Badakizu bada: labetarako dijuala Xixili nere etxera, ta an... deizkiyona esango du.

 

ESTEBAN.- Ez da asmatzen errexa.

 

ANDRES.- Ori adieraztera etorri naiz, eta orrenbesterekin banua. (Eskua eman eta ate-aldera juanaz).

 

ESTEBAN.- Arratsalde arte bada.

 

ANDRES-Bai... (Bat-batetan biurtuaz) A! Ta aztuta nijoan. Emaztia gaxo daukazula esan didate.

 

ESTEBAN.- Bai, baña, obeto dago.

 

ANDRES.- Atsegin det. (Ate-aldera juanaz).

 

ESTEBAN.- Eskerrik asko.

 

ANDRES.- (Berriro biurtuaz). ¿Jeikiko da ordia?

 

ESTEBAN.- Oraindik ez; baina        bigar edo etzi jeikiko dala uste det.

 

ANDRES.- Nere eskumuinak emango dizkiozu.

 

ESTEBAN.- Atsegin izango du. (Biyak atzetik juaten dira).

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki