Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

APRIKAKO BASAMORTUAN

Agustin Anabitarte

HASI-HITZA

Egileak

 

        Nik larralde guztietarako gogoa izan det beti, gauza berri asko ikusteko egarria. Itsastarrenganako nahia ere bai. Izan ere horiek ikusten dituzten herri eta bazterrak! Horrengatik, ahal izan ez detan bitartean, nere biziera estututa gelditu ohi zait; baina ahal izan detanean, bai ikusi ikusgarriak. Gazteetan, gehien oroitu ditutanak hauetxek dira: Italia, Grezia, Turkia, Israel, Libano, Rodas Ugartea ta Ejito-ren barrena ibili nintzanean; herri honetako txunturrak (piramideak) ganbelu-gainean ikusi nituanean; Cabo Norte-n gauerdiko eguzkia zanean, bost egun segituan eguzkia sartu gabe ikusi genuanean; Spitzbergen-go mendi eta itsaso jelatuak eta, gehiago ez luzatzearren, Aprikako basamortua ikusi nituanean. Ikusgarria ezik, larrialdi gehienak pasa ditutaneko lekua Sahara izan da, eta otu zait horiek liburuan jartzea. «Sahara» hitzak esan nahi du «basamortua».

        Gerra hasi baino lehenagoko kontuarekin ari gera; herrialde hura, Aljeria, pake santuan bizi zan garaiekoa. Pake eta guzti, kontuz. Aurreneko, paper batzuetan ikusi nuan harako joan-aukera bazala. Eta urrutirako gogoa beti egin izan zaitenez geroz, eta gauza ezkutu, ezagun-ezak eta harrigarrientzat alaber, lotu nintzaion txangoari. Orduzkoa da, bada, nere oraingo jarduna. Paper-mutur batzuk baneuzkan gordeak hango kontuekin eta horiek tarte dirala eta nere oroimenak amor eman dezakeanarekin, harako kontu zaharrez noraino nintzakean gai ikusi dezadan.         Orduan egindako «fotoak» ere lagun ditut.

        Beraz, Saharako bihotzera joan nahi. Sahara Aprikako iparraldean dago, bost milla kilometro zabal da eta mila eta bostehun kilometro luze, Ejito eta Arabiako lurraldeak gogoan hartu gabe. Sahara, irakurlea, hondar-itsaso zabala dezu.

        Tokiak dituzu batzuk berdinak, toki zelaiak, lurra eta harriak ; tarteka balar-txima lehorrak, drim esaten zaienak. Badituzu belar gabeko mendiak, hondar kolorekoak. Hauek dituzu mendi motzak, gaina zelai dutenak. Hauen ondoan beste mendi-mutur zorrotzak arkitzen dira, haien hainbesteko goiarekin, nonbait antzinan dana bat izan eta haizeak eta hondarrak itxura horretan jarriak..

        Eta badituzu ere hondar-ainoak edo dunak, mendi txikien itxurako hondar-pilak, haizeak hala jarriak. Badira hondar-ainoak ehun metroko goia duenak. Eta, denboraz, haizea dala-ta, mendixka horiek mugitu agiten dira, herri kozkorrak azpian hartzeko eran. Haizeak zapaldu agiten du hondarra eta ematen dio itxura. Hondar-anoeta batzuek ertz eta itxura ikusgarriak izaten dituzte haizeari eskerrak. Maiz ikusten dira horretan itsasoak hondarrean egiten dituan bezelako zimurrak.

        Basamortu horretan bizi da jendea, kasta askotako gizon eta emakume beltz eta beltzaranak. Bideak, ganbeluak eta kamionak egiñak dira, franko txarrak geienak. Herriek, berrehun, hirurehun, larehun eta gehiago kilometroko tarteak izaten dituzte beren artean: palmera-basoen babesean bizi dira.

        Horiek guztiak nekizkiala, zaletu nintzan hara joateko. Bide-txartel eta dirua behar adina hartuta prestatu nintzan. Herri hauetxek ikusteko nengoan: Aljer, Busaada, Biskra, Tugur, Uargla, Gardaia, Beni Isgen El Golea, Timimun eta Adrar. Txango polita, beraz.

        Eta ibilaldi hartan gertaera jakingarriak izan eta arriskuan ibili nintzalako, zuri esateko gogoa etorri zait, irakurlea.

        Beraz, Donostiatik Marsellarako bidean abiatu nintzan...

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki