Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

AGUSTIN ANABITARTEREN IDAZ LANAK

Agustin Anabitarte

Hitzaurrea

 

 

        Gure mende honen lehen partean euskal letretan izan ditugun prosisten aritean toki berezia betetzen dutenetakoa da Augustin Anabitarte Irazu. Bera izan bai zen hiritar literaturan nabari zen hutsune nabarmena hain oparotsu landu zuena.

        Izatez, donostiarra zen, hiri honetan 1891ko azaroaren 20an sortua. Hemen bertan zendu zen 1981eko ekainaren 4an. Adinean sartzeaz bere luma moteldu zen. Baina, adinak ez ezik, beste askogan bezala gerraren izuak bere eragina izan zuen, hogetaka urteetako isilaldiak erakusten digunez.

        «Argia»-ren sortzailekide eta aldizkari horrez gainera «Euskal-Esnalea», «Euzkadi», «RIEV», «Gipuzkoarra» eta «Euskera» aldizkarietan idatzi zuen, inoiz «Anabi» izenordez. Baina, idazle bezala, liburuak izan ziren haren emaitzarik ederrena. Aldizkariotan idatzi zituenen artean, besteak beste, «Don Kijote»-ren atal euskaratua ere bai, 1926an.

        Lehen lehenik «Neska-mutileri dirua aurreratzen erakusteko» liburuxka bat atera zuen Gipuzkoako Aurrezki Kutxaren eskariz, 1923. urtean. Gero, «Antziñako Olinpiar Jolasak» 1925an, urre bete geroago Euskal Esnalea elkartearen «Itzaldiak» sailean berriz argitaratuko zena, beren eskariz eman zuen hitzaldi bat bai zen Olinpiadak zer ziren agertuaz. Baina lan mamitsuagoak horien ondorean etorriko ziren.

        Euskaltzaindiak «Schuchardt Saria» eratu zuen literatura bizkortzeko asmotan. Bi urtez izan zen eta bietan Augustin Anabitartek eraman zuen saria, 1929an eta 1932an.

        «Usauri», eleberri eraz egindako irakurgaia da, 1930an «Euskera» aldizkarian zatika argitaratu zen lehenik eta liburu apartean gero. Itsasgiroko liburua, donostiar era jatorrean idatzia, euskara errezean, esaldi aberats, hizkirimiri ugariz, ironiarik ez zaio falta. Bere idazkera jolaskorrean era bizkortasunean badu estiloz Pío Barojaren taxura, bere umorea hain mina izan gabe. Atseginez irakurtzekoa da eta inoiz ez dut ulertu gure artean zergatik ez duen izan begirapen hobea era ospe handiagoa. Guk euskarazko lanak arretaz hartu ez ditugulako ote? Estilo aldetik behintzat, oraingo donostiar gazteak nolabaiteko euskaraz ari direnek badute A. Anabitartegandik zer ikasirik. Eta bertako Ikastolak nekez aurkituko dute irakurgai hoberik.

        Donostia deritzana ordea, egileak ber-berak zion bezala «»Usauri»-ren anai laztana» da. Baina donostiarrentzat unkigarriagoa. «Usauri», itsas bidaiaz harat-hunat mugitzen denez eta Donostia hin barneko gora-beheraz, bertako giroz ihardungo bait da. Liburu hau ere, lehen lehenik Euskaltzaindiaren «Euskera» aldizkarian zatika argiraratu zen era gero liburu berezian. Nik daukadan alea egileak berak Donostiako Eusko Pizkundea zeritzan elkarteari eskuezkribuz eskainia da eta elkarte horren sigiluz dago. Non bait gerratean ebatsi zutenek erretzea baino nahiago izan zuten sos batzuren trukean saltzea eta mesede ederra egin zuten, liburu zahar salmentazko dendaren bidez oso merke nere eskuetara etorri bai zen, euskarazko liburuz kasik inor arduratzen ez zen garaian.

        Bestelako mesederik ekarri zidan bertako irakurgai atseginak. Donostiako ohiturak ederki jasoak ditu. Donostiarrakmaite dute bertako gaiez liburuak argitaratzea, baina ez dakit oraindik zelan ez diren arduratu lan horren birargitaratzeaz. Hor jasotzen bai dira bertako ohitura jator asko, ber-bertako hizkuntzaz idatzirik. Kale izenez ere bada bertan zerrenda ezaugarririk. Beren buruak donostiar era euskaltzale direla uste dutenentzar bada hor ikaskizunik anitz, batipat era jatorra ezagutu nahi dituztenentzat.

        Bestetan «jaiak» badira jatorrak, Donostian «festak» izango dira garbizalerik borrokatuenarentzat ere. Festaz eta ospaketaz ere bada zer jaso Anabitarteren irakurgai hontan: Santomasak, Ihauteri (ordukoentzat «Iote» edo «Asteleniote») bere Zapanzarrekin, estropadak, zezen-suzko:

 

                O! zezen pizkor txingar jario,

                zenbat kontu zure merio!

 

        Era, berran tokian-tokiz zer ohi zen: Plaza Berriko giroa, kaia bere arrantzale eta arraidunen kresal usainez. Irutxuloko joan-etorriak, Bretxako merkataritza bertako txarlaran ferianteekin eta abar eta abar, Historiak ere badu bere tokia, eta hitzaldi baten oinarriz bale arrantzaren berri anitz bada IX. kapituluan. Horiekin batean, beste gora-behera asko, donostiar batek bere herriaren maitasunez idatziak. Errefrau gisa esan ohi denez: Gorostian, gorosti; Donostian, Donosti. «Momo» jainkokiakin esan dezagun:

 

                Hartu jende maitiak

                Donostiakoak

                Oroipen aitormenak

                Bihotz gurekoak.

 

        Arestian esan bezala, gainerako euskal idazle guzietan bezala, hutsarte luze bat idekiko zuen gerrate zital harek Anabitartegan, eta gutien uste genuen garaian agertuko zitzaigun berriz, isila hautsiz, «Poli» zeritzan eleberriarekin. Egia esan, nik neuk, hau izan nuen Anabitarteren lanetarik lehenen ezagutu nuena, 1958an. Bertako idazkera erraz eta polita ezagutzeak bultzatu nahi ninduen «Usauri» eta «Donostia» arretaz irakurtzera.

        «Poli» (1958), Kuliska sortan argitaratu zen. Mutil umezurtz baten ibilereran oinarritzen da eleberri hau. Umezurtz horrek, bere bizi-lekua edo hobeto esan, gorde-lekua, Urgull mendiko gaztelu zaharraren toki batean du eta Donostiako parte zaharreko bazter guziak miakatzen dituana da, janari bila edo gaztetxoek berez dituzten bihurrikerietan. Harrera ona izan zuen eleberri honek.

        Garai horretan, behar bada eleberri horren eraginez, nere ustez lehenagotik meriturik falta ez bazitzaion ere, Euskaltzaindiak bere urgazle izendatu zuen 1959an.

        Urte horretan erdaraz ere idatzi zuen. «Patrones y capitanes de yate» (1958) zeritzan esku-liburua. Hortik berezirik beste zenbait argitalpen egin zituen: «Manual de capitán de yate», bigarren argitaratzea 1977an eta «Manual de patrón de yate, vela y motor» zeritzanaren laugarren argitalpena 1979an. Baina, baitare aipatu beharra dago idazle kezkati honen alde, forografia era bidaietara zuen zaletasuna. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak, 1951an Asociación Belenista de Guipúzcoa-k V. Belen lehiaketa antolatzean, bere babespean hartu zuen Nazioarteko Belenista Literaruraren Erakusketa eta bukaeran A. Anabitartek kolorezko argazkiz Egipto eta Lur Santuetako erreportaia bat eman zuen. Horrez gainera, 1951tik 1959ra birartean beste erreportai batzuk, kolorezko argazkiz hauek ere, Sociedad Fotográfica de Guipúzcoa elkarteak antolaturik: «Atlantic» itsasontzian Mediterraneoan zehar, Loira-ko gazteluz, Sahara barneaz, Provenza eta Saboya zehar, Austriaren biran, Spitzberg, Portugal eta Euskal Herriaz eman zituen.

        Ikus daitekenez, bidaiak maite zituen, eta bere euskarazko azken liburua ere halakoa izan zen, 1961ean argitararu zuen «Aprika-ko basamortuan» zeritzana. Afrikako Ifarraldera, 1954aren hasieran, oporraldieran egin zuen bidaia kontatuz, azken orrialdeak argazkiz dituela. Bertan dionez, itsasoz Marsella-tik Aljer-era jo zuen eta handik Busaada, Briska, Tugurt, Uargla, Gardaia, El Golea, Timimun eta Adrar zehar ibili zen. Han bizitua eta han ikusia kontatzen ditu. Egia esan, holako literaturarik ez da maiz erabili euskaraz eta honek beste gabe baliatzen du bere lana.

        Behar bada, liburuaren hitzaurrean erakusten digu egileak bere urduritasuna, edo ibiltari gogoa: «Nik lurralde guztietarako gogoa izan det beti, gauza berri asko ikusteko egarria. Itsastarrenganako naia ere bai. Izan ere, oriek ikusten dituzten erri eta bazterrak». Holako gogoz, holako ikuspegiz burutu zituen Augustin Anabitartek bere euskarazko literatura lanak.

        Irakurgai atseginak dira. Behar bada, gaur egungo grafiaz eta zenbait aditz eta era ikuturik argitaratzea hobe zela pentsa lezake irakurleak; baina, gure eritziz, oraindik biderik asko egiteko du euskararen normalizapenak eta denboraz gugandik hain urruti ez den idazle honena dagoenean uztea hobeago dela iduritzen zaigu. Etorriko dira denbora egokiagoak, baina bitartean bego hortan, egileagandik hurbileta historiarako gure mendeko donostiar hizkeraren lekuko. Lanok bildurik ematea zen lehenengo eginkizuna. Eta irakurketan barneratzen dena ez da inoiz damutuko.

 

Juan San Martin

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki