Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

ODOLAREN USAINA

Mikel Albisu, Mikel Antza

ELUR ETERNALAREN ZURIAREN PAREKO

 

  Azal zurikoa zen. Gure mendietako betiereko elurraren zuriaren pareko. Arroz-hautsen beharrik ez zeukan haren bisaiak. Arrosarantz lerratzen zen zuritasun hartan ezpain haragitsu gorrixkak sortzen ziren. Eta begietan esmeralda bi zituela pentsatu nuen segituan. Inori grisez tindatzea otu zitzaion esmeralda parea. Urre zaharraren koloreko ile adats luzeak mototsa single batez lotzen zituen. Eserita, bizkarra zut ikusi nuen lehen unetik, hura izan zen enetzat edertasunari buruz eman zitekeen exenplurik estonagarri eta, era berean, lasaigarriena.

  Ez nuen instant batez ere begirada aldendu haren iruditik ikastaroko lehen hiru ordu luzeetan. Hark behin bakarrik so egin zidan. Irakaslea, guztiz arrotza zitzaigun hizkuntzaren lehen arauen berri ematen ari zitzaigun. Hark tinko so egiten zion irakasleari, aldian-aldian makurtu eta orri milimetratuzko bere kaierean zerbait izkiriatzen zuen, idazkera itxuroso baina azkarrez, berriro ere burua jaso eta irakasleaganantz begiratzeko.

  Noizik eta behin boligrafoaren kapela ahora eramaten zuen. Orduantxe ikus nitzakeen bere perlazko hortzak. Perla biltzailerik anbiziotsuenarentzat amets liratekeenak. Hortz xuri irregularrak, mingain xuabe izan behar zuen batez bustiak. Hark behin bakarrik begiratu zidan. Beranduago, gu bion artean sortu zen konfidantzak horretarako bide eman zuenean, aitortu egin zidan lehen begirada horretan zehazki adieraz ez zezakeen zerbait sumatu zidala. Izutu egin zuen zerbait, baina amildegiaren ertzera erakartzen duen izuz. Horregatik, seguru aski, irteterakoan zigarreta bat eskatu zidan. Sua ere eman nion, eskailerak nola jaisten zituen so geratu nintzaion, eta briketa ene zigarreta piztu gaberik gorde nuen sakelan.

  Ordu erdi lehenago egon ohi nintzen eskola aurreko tabernan eserita, kafesne izena merezi ez zuen isurgai zikinean kroasana behin eta berriro murgilduz; filtroraino erretako zigarreta blondak bata bestearen atzetik hautsontzi gainezkatuan amatatzen. Geroxeago, bat-batean, klasera sartzeko ordua baino hamar minuta lehenago, bera agertzen zen. Txanponak zenbatu gabe uzten nituen mahai gainean, beti sobera, eta haren irudiaren atzetik abiatzen nintzen. Bere ibilkeraren kadentziari jarraikiz olatuak sortzen ziren ene baitan. Ezin ekidin eta apenas jasan nezakeena zen hura. Gonak janzten zituenetan, eta eskaileretan gora zihoala, eskuarki ikusten ez nuen berna zati berriaren bistan plazer hartzen nuen, begirada arriskugarriki tinkoz, ikaskideren bat ohar baitzitekeen ene interes gehiegizkoaz.

  Ikasgelako atera iritsi baino lehentxeago hurbiltzen nintzen bere albora, eta hizkuntza arrotzean gaizki, ahoskaturiko «egunon» baldar batez agurtzen nuen, ondoren ene ohizko eserlekuan jesartzeko. Beraren parez pare. Lehen egunetik genuen ikaskide guztiok geure kokalekua hautatua. Eta eskola-paisaia finkatu hartan ez zuen ezerk esistitzen, ez bazen enetzat soilik distirapean zuen haren gorputzak.

  Astebete inguru igaro nuen gisa horretan. Ezer gutxi eginez. Zer jaten nuen ere apenas konturatzen nintzelarik, gosea begietatik asetzen zitzaidan, ezinegona bizpahiru tabako paketeren keaz itotzen saiatzen nintzen, ez nintzen jendeak esaten zidanaz ohartzen, ez nuen deus ulertzen. Sukarraren poderioz hiria gantz koipetsu baten distirapean nekusan.

  Non bizi zen banekien. Banekien ere bakarrik bizi zela. Posta bulegora joaten zela sendikoek igortzen zizkioten txekeen bila. Gauero, bederatziak girian norbait telefonatzen zuen etxetik hurbilen zeukan kabina publiko batetatik. Berarekin gurutzatzen nituen hitzerdiei eta begirada urriei esker jakin nezakeen guztia banekien. Beste guztia ondorio subjektiboegiak eta lilura zorabiagarria zen. Ez nuen oraino bere azalaren suabetasun teorikoa praktikan dastatzeko aukera ttipiena ere ukan, kasualitatezko enkontruak saiatu arren.

  Lokartzen nintzen bakoitzeko, amets berberaren aldaketa ñimiñoak besterik ez ziren irudiak jabetzen ziren ene paradisuaz. Gauero, gauza bera, hura agertzen zen; goizaldero berdin, ene alboan zegoen, elkarrekin geunden. Musukatu behar genuenean, nire bizkarra ferekatzeko besoa luzatzen zuenean, zetazko izarez estalitako ohantze baten aitzinean elkarren aurrean biluzik geratzen ginen bakoitzean, eten egiten zen. Ilunpean, oheratzerakoan alboan abandonaturik utzitako zigarreta paketea xerkatzen nuen. Azken zigarreta bat pizten nuen: eguneko lehena. Dutxatik atera eta gorputza koloniaz igurzten nuen, galtzarbeak ere lurrin-gozatzen nituen, garbitu berriaren usaina galdu ez zuten arropa plantxatuak janzten nituen, eta ordu erdi lehenago eskola aurreko tabernan eserita nengoen.

  Astebete inguru igaro nuen egoera horretan, kanpoko itxurak barnean neraman ekaitza sala zezan utzi gaberik. Bigarren asterako ene jokabidea aldatzea deliberatu nuen: argi ikusi nuen harengana hurbiltzeko neukan bide bakarra hizkuntza madarikatu hura ikastea zela. Irakaslearen aurpegia zimurdura fonetikoz gurutzatua zegoen; zenbait hitz ahoskatzerakoan jaulkitzen zitzaizkion listu xortak ikusi nituen; eta subjektuaren ondotik aditza ezarri behar nuela, beti, ikusi nuen. Zenbakiak, koloreak, zenbait esaldi ergel... Hitz batez, ene bizitza osoan sekula bururatu ez zitzaizkidan txorakeriak esaten aurkitu nuen neure burua. Irakaslea ohartu zen, nonbait, ene jarrera aldaketaz, eta ordura arteko mespretxuzko iruzkinak adorezko bilakatu ziren. Beste ikaskideen aurrean exenplutzat jartzen ninduen, niri hizkuntz hura ikastea zailagoa zitzaidalakoan. Hark ere gehiagotan begiratzen zidan; batez ere irakaslearen txorakeriei egoki erantzuten nienean, irribarreño bat sumatu uste nuen, haren ezpain miresgarrietan pliege eta marrazki sinestezinak osatuz. Hark irribarre egiten zuenean gibela ere alaitzen zitzaidan.

  Ez genuen hilabete lehen horretan goizetako hitzerdia baino gurutzatu. Bere ahotsaren errejistro gehientsuenak ezagutzen nituen, niri zuzenduak ez izan arren. «Nik uste dut...», edo «nire iritziz...», zioen bakoitzeko zentzumenak hari lotzen zitzaizkion.

  Gauetan berarekin amets egiten jarraitzen nuen. Agian, lokartu baino lehenago, orain ere egiten dudan lez, konturik haundienaz eta zehaztasunik zorrotzenaz bere irudia ene irudimenean berreraikitzen nuelako. Bera enea izan zedin desio beldurgarriak eztarria eta urdailak estekatzen zizkidala esnatu ohi nintzen. Eta ordubeteren buruan eskola aurreko tabernan eserita nengoen, bera agertzen zen kale kantoiari so.

  Goiz batez neure buruari ezarritako kafetegiko zita huts egin nuen. Bezperako ajeak garuna iltzekatzen zidan mailu sendo baten kolpeen pean. Klaseak aspaldi hasia behar zuen eskolara heldu nintzen ordurako. Eskola alboko parkera zuzendu nintzen. Jubilatuek, turista unatuek eta parkeko lasaitasunean ikasgaiak berrikusten zituzten unibertsitariek betetzen zituzten eserlekuak. Usoak saldoka hurbiltzen ziren maitasunaren parodia eraiki nahian ogi apurrak eskaintzen zizkieten atsoen baranora. Txori ttipiek ere hegalaldi azkarrez berentzat ez ziren ogi apurrak lapurtzen zituzten. Nire herrialdeko gereziondo bat bazen zuhaitzen artean. Goizerdiko eguzkiak giroa epeltzen zuen. Lorategia ureztatzeko gailuak martxan ari ziren itzalpeak freskatuz. Bertan eseri nintzen zigarreta bat erre asmoz, ohizkoari hutsegiteak ematen duen etsipen ubelaz tristaturik. Gereziondoa aurrean nuen, hiriko zaratak urrun. Beste zigarreta bat piztu nuen, eta lozorro sakonean murgildu nintzen.

  —Egunon, Issei...

  Ahots goxo hark esnatu ninduen. Bera zen, irribarretsu ene harriduraren aurrean, eskolako liburuak bularren kontra estutuz, gona xuri arina zeraman soinean, ilea solte, begirada enetzat. Harriduratik atera nendin betarik eman gabe mintzatu zen berriro:

  —Goizean ez zara klasera etorri..., baina ez duzu askorik galdu..., oso aspergarria izan da klasea...

  Isildu egin zen ostera. Aurrean neukan. Zutik. Niri mintzo. Eta nik aski nuen begiratzearekin, ez nengoela ametsetan pentsatzearekin. Aurpegi estrainoa nuen nonbait, barre egin eta berriro hitz egin baitzidan:

  —Ze? Ez al didazu zigarreta bat eman behar?

  Elkarrizketa baldar harilkatzen zen gure artean. Eten gabe erretzen genuen, eta gure begiradetan desio argi bat hasi zen islatzen. Alabaina, bere gorputzak kristalezko harresi bat altxatzen zuen gu bion artean. Esperantza xaloena ere harresi haren kontra zanpatzen zen. Eskolako gauzetaz mintzatzen ginen.

  —Beldur naiz datorren asteko esamina ez dudala erreusituko —esan zidan—. Subjuntiboa noiz erabili behar den ez dakit.

  —Nahi baduzu esplikatuko dizut —ihardetsi nion—, ez da eta batere zaila.

  Neure apunteak atera nituen. Ahal bezain hozki esplikatu nion subjuntiboa erabiltzeko ala ez, kontuan hartu behar zuela esaldiak nahikunde, desio, zalantza, sentimendu edo beharrezkotasuna adierazten zuen. Kaierean idatzirik nituen adibideak irakurri nizkion.

  Une horretan ijito eskale bat hurbildu zitzaigun. Emakume gazte bat, haurra besoetan zeramala. Emakume zabal hark hunkitu antzean so egin zigun, eta bere umeari esnea eros ziezaion txanpon batzu eskatu. Hitzik gabeko ezezko batez erantzun genion bere eskakizunari. Orduan, ama gazte horrek, haserre ttipiena erakutsi gabe begiratu zigun. Lehendabizi niri, gero Reneeri sakonki, arakatu nahi izango balu bezala, eta azkenik berriro ere niri begiratuz mintzatu zen:

  —Emakume honek hilekoa dauka —irribarre batez agurtu gintuen, eta alde egin zuen.

  Reneek, ez bait zuen guztiz ulertu ijitoaren esaldia, ea zer esan zuen galdegin zidan.

  —Hilekoa duzula esan dit.

  Begien sakonera so egin zidan:

  —Etorri nahi duzu etxera?

 

 

  Etxera sartu ginenean begi-kolpe batez aztertu nuen aurrerantzean ene bizilekua ere izango zen gela ttipia: altzari eta elektrodomestiko modernoekin kontraste eginez, atetik ezkerretara ohe zahar bat, eskubitara armairu handi bat, bohardilako leiho pean mahai bat, zoko batetan lababoa. Berak atea itxi eta elkarren aurrean geratu ginen. Begira. Eskubiko eskua hartu zidan eta bere ezkerreko bularrera eraman zuen mugimendu azkar baten laguntzaz. Zetazko atorraren azpian senditu nuen bere diti-burua gogortzen. Lehen aldia zen elkar ikuitzen genuela. Begietara so egiten zidan, ene erreakzioak ikertu nahi balitu bezala. Esku librea hartu zidan eta bere alualdera eraman. Gonaren gainetik nabaritu nion konpresa. Besarkatu egin ginen eta berak ezpaina horzkatu zidan, odol hari bat ateratzeraino. Jantziak galdu genituen, eta bera ohe zaharrean pausatu zen biluzirik, besoak buru gainera plegatuz.

  ?Zatoz? zingiratsu bat esan zuten haren ezpainek. Lurrean belaunikatuz, burua bere bularretan ezkutatu nuen, eta ene bizitza osoan dastatutako fruiturik gozoena sentitu nuen ene haginen erasoei ihes egin nahian.

[?]

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki