Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

ZAARRAK BERRITUZ

Bartolo Ayerbe

Itzaurrea

 

 

        Aitak «Nere Mundualdia» liburua larogeitabi urterekin idazteak, nola ez?, arritu egin ginduan. Ez bait da edozein gai izaten, edade ortan, orrelako lan bat burutzeko.

        Orain berriz, larogeitamar urte beteta, zer izango ta, beste liburua argitaratu, alajaña! Ni ez naiz nor edo ez naiz pertsonik egokiena egindakoa juzkatzeko eta meriturik baduan ala ez esateko. Ori zure esku gelditzen da, irakurle.

        Lenengoa idatzi zuanean etzan aspertu, ezta gutxiagorik ere; alderantziz esango nuke: gustoko lana izan, nonbait, eta alako ezin egon batekin gelditu zan. Ori dala-ta, denbora asko baiño leen asi zan:

        —Berriz ere idazten asi bear diat. Oraindik bazeuzkeat nik gauzak esateko.

        —Gauza geiago oraindik...? Zure bliitza guztia kontatu dezu-ta... Zer esan bear dezu orain?

        —Leengo oiturak eta gauzak nola ziran jarri nai nikek. Oitura asko ta asko galdu dituk betiko, baiña nik, oraindik, gogoan zeuzkeat nere garaiko asko. Gaurko gazteek, badakik, ez ditek izan ikusteko eta entzuteko aukerarik kasik, eta nik idatzitakoa irakurtzen baditek, zerbait geiago jakingo ditek.

        —Ez dago gaizki pentsatua; zu, gaiñera, Goierrian batipat eta emen ere bai, asko ikusia ezezik, lan asko proatutakoa zera, eta aaztu ez bazaizkizu beintzat, izango dezu zer kontatua...

        —Aaztu neri...? Ez, motell ederki gogoratzen nauk orduko gauzetaz. Naiago nikek gañontzeko gauzak burua bezela baneuzka...

 

* * *

 

        Aita Zabala-ri jakin arazi genion ze pentsamentu zebilkian buruan eta, ari ere ondo iruditu zitzaionez, jo ta ke ekin zion lanari.

        Arritzekoa ez danez, lenengoa baiño geiago kosta zaio. Bi gaxoaldi gogor ere izan ditu eta idazteari utzita egona da aldi batean. Denbora asko ez dala Erresidentzian gaxo zegoala, ordea, bere jaioterriko kontuak eta oiturak esaten ari zan batean «or! ez dezu idatzi, or! ez da azaltzen orain arte egindakoan, eta idatzi egin bear dezu» esan nion. Eta baita idatzi ere pozik eta azkar asko. Burua argi dauka adin ortarako.

        Naastu egiten zan dexente batzutan, baiña, gaiak bereizi, idatzitakoak garbira pasa eta bere ordena baten jartzen lagunduz, ez degu arazo aundirik izan. Etorria izugarria dauka oraindik, eta idazteko perezarik ez.

        «Zaarrak Berrituz» izeneko liburu ontan, izenak dion bezela, zera azpimarratu daiteke: berak txikitatik asita ikusi edo ezagututako oitura zaar eta ekintzak kontatzen ditu alde batetik. Bestetik, berriz, garai aietan baserrietan, denetan ez bada ere, geienetan, egiten ziran lanak eta nola egiten ziran esaten du. Beraz, orrek esan nai du txikitan edo gaztetan ikasi egin zuala zenbait lan berezi ere egiten.

        Esan bear det, baitere, onera etorrita gero, gure mutiko eta gazte denboran ere egiten zituala aurrerago aurkituko dituzun lan klase berezi oietakoak; baiña askotan ikusi eta aitari laguntzen aritu arren, tamalez, guk ez genduan ezer askorik ikasi, egia esan.

        Zuk, irakurle, ez dakit ze ondorio aterako dezun liburu au irakurritakoan. Neri onelako zerbait pentsatu arazten dit.

        Gogoan eduki bear da Goierriko eta Beterriko baserrien artean, lana egiteko eta etekiña ateratzeko moduari dagokionez, alde dezentea zegoala eta dagoala. Goierrian, gure aitaren garaian batipat, laborea, gazta, mantekilla, eztia eta abar egiten saiatzen ziran; ura zuten diru iturri. Kalerañoko bidea, batetik, luzeagoa zuten geienek, eta oraingo ibiltzeko kotxe eta erosotasunik etzalarik, astoa kargatu eta saltzera astean bein edo, perira jetxi beste erremediorik etzeukatela. Ala moldatu bear derrigor.

        Emen, berriz, baserritarrak beste era batera jokatzen zuten; egunero beren tratua edo berdura eta esnearekin baliatzen ziran, eta asko dira oraindik, beren bizimodua ateratzeko. Beraz, ez da arritzekoa Goierrian gazta, mantekilla eta abar egiten ikasi bearra izatea eta emen ez.

 

        Beste arrazoi bat: diru eskasia. Nere ustez, diru aukera danean, errezago erosten dira gauzak, «ez dik merezi egiten aritzeak» esanez. Baiña ez danean, jatekoak ezezik, saskiak, sokak, abarkak, galtzerdiak, lanerako zenbait apareju eta abar egin bear nai ta nai ez. Guri, neri beintzat bai, antzeko zerbait gertatzen zitzaigun, baiña jostalluekin; jolastu nai bagenduan, geronek egin bear.

        Eta azkenik, gauzak egiten ikasteko denbora eta patxada bear dira, eta, gaur, ori falta zaigu. Presaka ta korrika bizi gera, ez degu pazientzirik artzen ezertarako, bi edo iru lan batera egin nai ditugu, eta toki bat baiño geiagotan egon nai degu aldi berean... Eta, nik esan bear banu, gure belaunaldiko gaitza da. Lan bolada izugarri ura etorri zanean asi ziran lana alde batera edo destajoan ematen eta itxurik gabeko orduak sartzen. Arek ekarri zuan, au onenbestean egin bearra, ori olako egunetarako bukatu bearra, lantokietako langilleak makina biurtzeraiñoko lan etekin kontrolak, eta abar.

        Itz gutxitan esanda, ordulari, makina, kalkuladora, ordenadorea eta beste ainbat tresna aurrerakoien mendean jarri gera. Matematika da nagusi, eta oien aurrean makurtu bearra dago gaurregun.

        Orregatik, aien ezjakintasuna, —au ez da izango itz egokia agian, beren erara asko bait zekiten— atzerapena, erosotasunik eza, premi gorrian askotan, eta oiek denak kontuan edukita ere, ez ote litzaiguke komeni orduko bizimodu aren zenbait alderdi? Txarra izango al litzateke, aldi batzutan bederen, gaurkoa aaztuta, aien erara bizitzea? Ez nuke ezetzik esango.

        Ea ze ondorio ateratzen dezun zuk, irakurle, eskuan dezun liburu apal au irakurritakoan. Dana dala, ilusioz beterik, borondate aundienarekin, eta ez aaztu larogeitamar urterekin egiña dala.

        Orrela izanik, eta guzti oiek kontuan artuta, atsegin izango zaizulakoan gaude.

 

 

                Laroitabikin liburutxo bat

                idatzi zendun aurrena,

                larogeitamar urte beteta

                orra emen bigarrena.

                Ainbeste urte bizkarrean da

                ori da ori aalmena,

                esanak-esan ez al da iñoiz

                ustutzen zure barrena?

 

Joxe Aierbe

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki