Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

PAULOVEN TXAKURRAK

Harkaitz Cano

        Zein itsuak izan diren alkimistak. Zein ezjakina brontzezko txakurrek ispiluak irenstean gertatzen dena ez dakien alkimia.

        Brontzezko txakurra suhiltzaileen estaziora sartu eta atzealdeko atetik irten zen berriro kalera, laurogei urte lehenagoko kalera. Atzera egin zuen txakurrak denboran, 1917ko negura. Izan ere, badira hiri guztietan denboraren zuloak, bertan eroriz gero dozenaka urte atzera eramaten gaituztenak. Zulo hauek bitan banatzen dira: batetik vodka merkea zerbitzatzen duten tabernak, denboraren zulo baino gehiago ahazturaren hobi izendatu beharko genituzkeenak, eta bestetik benazko denbora zuloak, bertara laprast eginez gero itzultzea zaila izaten den zulo horietakoak. Koltushiko suhiltzaile estazioa zen bigarren hauetako bat. Eta txakurrak bere aurrean zuen kalearen izena urte bat zen: 1917. Negua.

        Txakurra hiriko periferiara heldu zen, harresituriko eraikuntza batera. Tirokatze lerro bat osa zezaketen soldaduen pauso hotsak izan zitezkeenak heldu zitzaizkion belarrira. «Zakurren entzumen ona are nabarmenagoa da tonurik zorrotzenetan segundoko laurogei eta laurogeita hamar mila bibraziodun soinuak suma ditzaketelarik, giza entzumenak berrogei edota berrogeita hamar mila bibrazioetan duelarik bere muga». Arin igo zen teilatuko rafean gora eta entzumenak aurreratu ziona baieztatu zion ikusmen nekatuak: gizon bat fusilatzera z¡hoazen. Zaunka egin zuen teilatutik. Zaunka bakar ¡toa.

        «Ivan Petrovitx Pauloven egunerokoa.

        Magnusen esperimentua txakurren kasuan ez da hain zehazki betetzen: hamarretik zazpitan baino ez da altuera jakin batetik botatako garunik gabeko animalia lau hankan erortzen».

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki