Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

BIZKARREAN TATUATURIKO MAPAK

Harkaitz Cano

Hirietan barrena galdu aurretik...

 

 

        Hiri ezezagunera iritsitakoan interesgarriagoa da kale bat hartuz ondoko mahaian dauden hiritarren istorioak entzutea, gida ofizialeko historia buruz ikastea baino. Aberasgarriagoa, pertsona bakarraren esperientzia ezagutzea hamaika gidariren betiko leloa entzutea baino. Hiritarrak garrantzitsuagoak dira hirian eraikuntzak baino. Entzunez gehiago ikas liteke hiriaz, erretratuen bidez baino. Horrela ezagutu ditugu Euskadi Irratiko Goizean Behinzale guztiok munduko mutur banatako hiriak Harkaitzen ahotsean. James Flytonen erara, bertara joan beharrik izan gabe ezagutarazi dizkigu. Bidaia antolatzeko jakingarriak diren zenbait aholku ere eman digu, adibidez, Cluj-Napocako kaleak irristakorrak direla, deprimituta gaudenean Hanburgorako trenik hartzea ez dela komeni, aingeru pausoekin ibili beharra dagoela La Paz bezalako hiri batean, Luxemburgok munduko posta zerbitzurik onena duela edo ahaztu nahi dutenakjoaten direla Reykjavikera. Hiri bakoitzetik istorio bana ekarri digu: hunkigarria batzuetan, beldurgarria beste batzuetan, barregarria zenbaitetan, ezustekoa gehienetan.

        Baina meritu guztia ez da Harkaitzena. Goizean Behinzaleok badakigu nora eta nola baino inportanteagoa dela bidaia antolatzeko orduan norekin erabakitzea. Hobe dela zer eraman erabakitzea baino nor eraman ondo pentsatzea, eta atseginagoa konpainia onean planorik gabe kaleetan zehar galtzea, planoari begira denbora galtzea baino. Horregatik eskatu genion berari astean behin bidaia lagun izatea.

        Ez gara damutu.

        Zu ere ez zara damutuko hiri hauetan barna Harkaitzekin galtzea erabakitzen baduzu. Lagun onarekin edonora eta edonola egindako bidaia bizitzako bidaiarik zoragarriena bihur liteke.

 

Arantxa Iturbe

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki