Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

BIZKARREAN TATUATURIKO MAPAK

Harkaitz Cano

Katmandu

 

 

        Ez naiz sekula Nepal aldean izan eta gutunen bidez baino ez dut Katmandu ezagutzen. Garai batean, ia astero jasotzen nituen bertako berriak eta argazkiak. Karta guztietan, gainera, argazki eta paperen artean hondar eskukada bat bidaltzen zidan bertan nuen lagunak. Katmanduko usaina mantentzen zuten sobreek nire eskuetara heltzean ere, intsentsuaren eta gaztain erreen nahasketa zen usaina, eta kartazalak erregaliz-kolorez belztuta heltzen ziren, Nepaleko Posta Zerbitzuak ikatz meategien barruan baleude bezala. Garai hartan hartu nuen gainera, buzoira gutunen bila inguratzen nintzenero, sarraila ireki aurretik zulora sudurra inguratu eta propagandaren artean Katmanduko usain hura bilatzeko ohitura.

        Gutun haiek beste garai batetik bidaliak ziruditen, beste garai batekoak, halaber, bertan kontatzen ziren istorioak. Nola budisten artean bizi zen nire laguna, eta nola budistek jaioberriak ibai izoztu bateko uretan sartu ohi zituzten, eta nola hauetako asko hotzez hiltzen ziren. Munduak ez omen zuen, haien ustez, ahulentzat lekurik: jaio berriak ibaira sartzea omen zen bizitzan sobera sufrituko luketenei mesedea egiteko erarik onena. Lastima da akaso, gurean ibai izozturik ez egotea. Katmandutik heltzen zitzaizkidan gutun haietan izan nuen adibidez, Himalaiara abiatu zen espedizio baten gorabeheren berri: Everesteko gailurra egiteko gertu zeudenean, kanpindenda jarri eta, goizean, esnatzean, elurraren urtzearekin batera, beren kanpindendaren ondo-ondoan beraienaren kolore bereko kanpindenda biki bat agertu zela, perretxikoak jaiotzen diren bezala, gauetik goizera. Ez zuten noski kanpindenda ireki beharrik izan elurjauzi batek harrapatutako aurreko espedizioren bateko kideak zirela konturatzeko. Gehien inpresionatu zituena, desizoztu berri zen kanpindenda haren barrualdean argi bat oraindik piztuta zegoela ikustea izan zen. Gailurra ahaztuta abiatu ziren beherantz, eta gutxi falta izan omen zitzaien mendizale haiei budismora konbertitzeko. Honelako kontuen berri ematen zidan nire Katmanduko lagunak.

        Behin ordea, duela denbora dexente, ez argazki, ez gutunik gabeko sobre bat jaso nuen, 1919. urteko dataz zigilatua, hondarra besterik ez zekarrena. Nik lagunari idazten luzaro jarraitu banuen ere, ez du geroztik nire buzoiak sekula intsentsu eta gaztain erreen usainik izan.

        Eta orain da unea, gaztainak erretzen eta ibaiak izozten ari direnean, nire buzoian txertaturiko geografia asiar pusketatxo hori faltan aurkitzen dudana.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki