Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

IZEBA MARIPI

Patxi Ezkiaga

        Basotxikiko parkearen ondoan bizi ginenez, gehienetan bertan ematen genituen gure orduak, jolasten. Lagunekin elkartu eta «gazteluaren konkistara» jolasten genuen ia egunero. Joko sinplea zen eta horregatixe, ezarritako arauak ulertzea eta betetzea hain erraza zelako, atsegin genuen oso.

        Bi taldetan banaturik parkearen bi muturretan banderak, jartzen genituen, nork bere makilan talde bakoitzarena. Bestearen gazteluan sartu, bandera harrapatu eta berera eramatea lortzen zuenak irabazten zuen. Dena zilegi zen defentsa eta erasorako. Egun hartan se¡ baino ez ginen elkartu eta, jolastu ezin izan genuelako guztiz etsita etxera bueltan gindoazela, kalean behera ikusi genuen bere motoan Izeba Maripi.

        Gugan erreparatu orduko gelditu zuen makina. Motxila bizkarrean, ikuspegi guztiz erakargarria eskaintzen zigun.

        —Triste ikusten zaituztet.

        —Ezin izan dugu gazteluaren konkistara jokatu.

        —Nirekin etorri nahi baduzue joko guztiz interesgarri bat erakutsiko dizuet. Hasieran agian beldur pixka bat izango duzue... baina izugarri polita da.

        Ziztu bizian eraman gintuen. Bai Adrian eta bai ni motoz ibili gabeak ginenez hala iruditu zitzaigun bederik. Izeba Maripiren lepoko horia alde batera eta bestera gu bion aurpegietan, esperientzia guztiz zirraragarria iruditu zitzaigun.

        Itsasadarra gurutzatzen duen zubi parean gelditu zen. Dardara bizian senti nitzakeen nire belaunak mototik jaitsi nintzenean. Zubiaren erdi-erdian geunden.

        —Hurrengoan, ez beste aldera jo errebira hartu behar, dugunean. Bestela malabarismoak egitera behartuko nauzue, gaur bezala...

        Hala agindu genion Izeba Maripiri, itzulerako bidaian bere gorputzaren mugimendu berak egingo geñituela.

        —Noiz itzuliko gara etxera?

        Barrez erantzun zion emakume gazteak Adriani.

        —Itzuli? Ez al didazue esan abentura nahi zenutela? Bainujantzirik ekarri al duzue?         Adrianek harriduraz begiratu zidan. Nik hautsi nuen isilunea.

        —Nik ez.

        —Ni k ere ez.

        Berdin dio, galtzak eta guzti jolastuko dugu. Izugarrizko beroa egiten du eta bustiz gero ere berehala lehortuko zarete.

        Motxila ireki zuen Izeba Maripik. Burni batzuk eta koloretako bi soka luze atera zituen. Gero uhalez egindako beste tresna arraro bat. Aurrena sokaren mutur bat zubian lotzen hasi zen. Bukatu zuenean, zeraman txandala kendu eta bainujantzitan gelditu zen. Harridurak jo ninduen. Ez nuen uste Izeba Maripik hain gorputz ederra zuenik. Izterren artetik gerrira arteko uhaletan burniak jarri eta bertatik pasa zituen sokak, ondo lotuta gera zedin. Gero guri eman zigun mutur bat.

        —Nik esaten dizuedanean, askatzen hasi. Oihu ozen bat bota eta zubitik behera jauzi egin zuen. Ikuspegi zoragarria zen. Lehenengo aldia zen inor puenting egiten ikusten nuela, artean ez nekien zer zen ere. Ileak haizeetara, alde batera eta bestera kulunkaldi luze-luze hartan, Izeba Maripiren barrea besterik ez zen entzuten, bere itzalak beheko ur urdina urratzen zuen bitartean. Minutu erdia joana izango zen «askatu poliki-poliki» entzun genionean. Hala hurbildu zen uretara. Igeriketaren azken besarkadaz ertza jo eta guganantz abiatu zen. Zorion eta desafioaren ispilu ematen zuen bere aurpegiak.

        —Orain zuek. Zein izango da lehena?

        Nik ez nuen adorerik izan baina Adrianek bai. Auskalo zer ez ote zigun gero guri, lagunoi, kontatuko.

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki