Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

DEABRUAREN EZTARRIA

Patxi Ezkiaga

DEABRUAREN EZTARRIA

 

        Ordubete besterik ez zen igaro haizea baretu zenetik. Grisa zegoen ortzia eta berunaren kolorekoa Klodoaldoren begiek harrapan zuten espazioa, zuhaitz bilutsetatik ibaiaren ertzetaraino. Eguraldiaren sekretuak ezagutzen dituenaren keinua somatzen zitzaion ezpain estutuetan eta, erromes makilarekin bideko harlosari emanez, bizkortu egin zuen pausoa. ?Hobe diat mugitzea?, zioskan bekiko, ?bestela bertan izango diat elurra ostatura iritsi baino lehen?. Hogei bat minutugatik ez zen libratu. Hotz zen eta haserako euri fina elur maltzurra bihurtu zitzaion berehala. Mara-mara ari zuen Orreagara iritsi zenerako. Gizona ez zen haserretu. Urteak ziren ez zuela ostatua horren misteriotsua eta, halaber, horren abegikorra ikusten. Askotan zeuzkan elurretan ikusita urrutiko Okabe eta Errozate... eta, zer esanik ez, Ortzanzurieta maldatsu hura. Baina Orreaga.. hura zen lehenengo aldia. Eta dotore egiten zuen.

        Oinetako mantarrak blai egon arren irribartsu deitu zuen ostatuko atean. Han ez ziren Nafarroako ardo beltza eta ogi gozoa inoiz faltan izaten. ?Ummm... Eguraldiak horrela jarraitzen badik...?

        Oparoa izan zen afaria eta asetuen plazerrezko berotasuna sentitzen zuen gorputzean Klodoaldok oheratu zenean. Gutxi falta zitzaion errosarioaren azken agurmariak errezatzeko. Nekatuta sentitzen zen eta berehala bukatu zituen. «Salve Regina, Mater misericordiae...», jarraitu zuen lehen bezala latinez. Hura izaten zen bere azken otoitza. Gero... ?Ze arraio! Ezin diat lo hartu!?. Begiak ireki eta leihora begiratu zuen. Dagoeneko elurrak jana zion behekaldea kristalari. Zaratarik gabe baina etengabe ari zuen bere erasoketa hotz eta lasaian. ?Honek paketzen ez banau...?. Baina ez. Ezin zuen. Elurra baino boteretsuagoa zen monje eskoziar basati hark afalostean kontatutakoa. Uhainka zetorkion behin eta berriro burura...

        Eskoziako urruneko lurraldean bazen behin sakristau gazte bat. Ile gorrixka jauzika erortzen zitzaion bere aurpegi luzaxka eta zorrotzera. Arrano sudurragatik, agian, luzaxka, bestalde guztiz orekatuak baitzituen belarriak eta ahoa, bere irudiari edertasun berezia emanez. Eta begi urdin haiek... Baina oso gutxitan ikusten zen irribarrearen diztirarik bere begi sakonetan. Izan ere lepotsa zen Eric eta horrek jaten zion umorea; horrek jaten zion farre egiteko gogoa. Antzadenez inork ez zituen bere aurpegian begiak jartzen ezta bere zango bizkor eta boteretsuetan. Konkor madarikatu hark irensten zuen, erensugea balitz bezala, beste guztiaren armonia.

        Eric bakarrik bizi zen Saint Columba ermitetxean. Bakarrik... Egia esan bi pisuko etxeari ez zitzaion bizilagunik falta, Claire serorak hartuta baitzeukan goiko estaia. Biziki desiatzen zuen Eric-ek hogeita hamarreko hamarkadan sartutako andre hura. Ez oso ederra zelako. Baina ez zitzaion falta herriko jende sanoaren trinkotasuna. Gainera zein beste sari lortzea espero zezakeen Eric-ek? Clairek, ordea, ez zion inolako jaramonik egiten.

        Elizako kanpaiak azken angeluserako jo ondoren, eskuetan burdinezko giltza astunak hartu eta Eric elizako ateak istera joan zen. Beti bezala azken begirada bota zion Ama Birjinaren alboko aldareari. Liburuak jarrita zeuden urrengo goizeko mezarako. ?Ummm... Neska horrek garaiz egiten dizkin gauzak...!? Zerbait esan nahi zion Eric-ek Claireri baina emakumea ez zen inondik agertzen.

        Ilunabarra erortzen hasi berria zen. Udaberri bukaera zen eta nahiko epel zegoen giroa. Oraindik goiz zen etxeratzeko eta tabernara abiatu zen sakristaua. Jende asko zegoen tabernan baina betiko mahaiara jo zuen. Han zeuden, bere zain, azken aldiko lagunak: Somerset soldadua, Clyde marinela eta Virgil ikaslea. Mostradoretik garagardo pitxarra hartu eta lagunen mahaiara hurbildu zen.

        —Arratsalde on, mutilak. Ze arraio egiten duzue hemen barruan sartuta! Arratsa izugarria zegok. Goazemak kanpora.

        Aulkiak hartu eta kanpora irten ziren. Haizkirri epel eta biguina zetorren itsasotik.

        —Begira itsasoa. Ez dik ematen inoiz haserretu behar duenik. Andre gozo eta ulerkor baten antza dik.

        —Isil hadi, Virgil. Hik zer dakik itsasotaz! Liburutan irakurri eta... ..       

        —Nahikoa duk, Clyde. —Eric-en ahotsa zen—. Pakean hasi gaituk, ez arrastiria hondatu. Gainera ba al zegok, ba, andre gozo eta ulerkorrik?

        —Hi, danak ez dituk Claire bezalakoak... Ze uste...

        Esan orduko damutu zituen Clydek bere hitzak. Puska batean Eric-ek ez zuen ahoa berriro ireki eta itsasoari begira geratu zen, goibeldurik. Bapatean, ezer gertatu ez balitz bezala, pitxar hutsa mahai gainean utzi zuen. Aurpegia alaitu zitzaion.

        —Gaur goizean erbia bota diat. Jateko prest zegok. Nahi izanik, etxera joan, berotzen jarri... eta berehala jango diagu.

        Eric-en etxebizitza berez ez zen haundia, baina nahikoa baino gehiago bakardadean bizi zen gizon batentzat. Sukaldea txikia zen eta Iparraldeko negu luze eta gogorretan berotzeko erreza. Beraz, normalean hantxe egiten zuen sakristauak bizitza. Halere lau gizonezko ziren gau hartan eta elizako zenbait jantzi gordetzeko erabiltzen zuen gelan jarri zuten mahaia. Nazarenoz jantzitako Kristo bat zegoen armairu baten barruan eta neurri normaleko emakume baten manikia, kartoi eta trapuz egina, iskinan. Bilutsik zegoen manikia. Benetan zen bitxia eta ukitu zuenean hankak eta besoak mugi zitezkeela konturatu zen Clyde marinela.

        Gogotik ekin zioten erbiari. Dagoeneko egurrezko platerak hutsik zeuden eta txakurrari emateko hezurrak biltzen ari zen Virgil, atean aldabak jo zuenean. Eric bera joan zen atea irekitzera.

        —Barka, jauna... Arratsaldeko txalupan iritsi da.

        Abotsagatik ez zituen hamabost urte baino gehiago izango. Jangelatik zetorren argia oso eskasa zen eta Eric-ek ez zuen mutila ongi ikustatzeko aukerarik izan. Baina ez zuen herrikoa ematen. Dena den, zer inporta zuen horrek? Umore onez zegoen eta paketea sukaldean utzi ondoren intxaur batzu eman zizkion mezulariari.

        Paketeari begirada bota zionean ez zela berarentzat konturatu zen. Garbi asko zegoen kanpokaldean ?Miss Mac Cullen? izena. Noski, Clairentzat zen paketea eta ez berarentzat. Orduan bertan igotzeko asmoa izan zuen baina... «Ez! Nola ba! Ireki ere ez zidak irekiko ordu hauetan! Bihar eskuratuko zionat. Horrela berarekin egoteko aukera izango diat...».

        Sukaldean utzi eta jangelara abiatu orduko jakinminak jan egiten zizkion erraiak. ?Zer eskatu ote din neska horrek? Eta bere barneko jantziak badituk...?. Atzeraka jo eta eskuetan hartu zuen paketea. Oso pisu gutxikoa zen. ?Bai, horrelako zerbait izan beharko dik...?

        —Zergatik ez duk irekitzen, Eric? Atso hauek...

        Inor konturatu zenerako eskuetan zeuzkan Eric-ek goraiziak. Soka moztu zuen.

[...]

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki