Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

ZAURIAREN SALMOAK

Patxi Ezkiaga

LIV

 

 

Legorretako trenbidearen ertzean jaio nintzen, Jauna,

eta badakit milaka toki eta milaka kilometro

oinkatu ondoren haizeak ekarriko nauela berriro

trenbidearen ertz berera, magnetofoi guztiek

 

isilarazi ezin izan duten txori kanta zaharrera,

perfume guztiek estalarazi ezin izan duten

lehenengo odolaren mikeztasunera,

diru guztiek erosi ezin izan duten

erroko pobreziara.

 

Ez ezazu biraotzat har, baina esango nuke

saiatu naizela sagaratzen gorotza eta azala,

saiatu naizela ernarazten laborarien haragi

eri, iharra, saiatu berpizten

baserrietako neskazaharren desio hobiratua.

 

Txaplinik gabe saiatu izan naiz bizitzen,

oinutsik ala botak jantzita,

ferekaren eta musuaren ukimena laztantzen

desioz, gaztetasun galduaren lau mila

kilometroko trenbide luzea epeltzen.

 

Legorretako trenbidearen ertzean jaio nintzen

eta badakit bertara itzuliko naizela

ene azken nortasunaren txartel bila

ostadarra jo dudala amestu arren.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki