Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

CHARLES MOULAY

Patxi Ezkiaga

        Askapen haizeak Hyde Parkeko belardi zoragarrietara garraiatu izan balu bezala sentitu zen Alain ate hura itxi eta igarobidea atzean laga ondoren bainugela zabal hartako argi zuritan murgildu zenean. Nolabait bere gorputzeko hezeduraren uhaina soma zitekeen airean eta bere gorputzaren usainak ziurtasunaren mundura itzulerazi zuen. Alainago sentitzen zen, oraindik borrokatzeko ahalbidea galdu ez duenaren posturan, jokatu beharra dagoen partida baten hasieran.

        —Erakusteko besterik ez baduzu, banoa.

        —Egon! Ez dut bukatu...

        Lepotik heldu eta astiro, astiro ahoa hurbildu zion.

        —Ez nekien hau jokuaren araudian sartzen zenik.

        —Lasai. Jokoz kanpo ibiltzea gustatzen zait. Ez du jokoarekin zerikusirik.

        Musuarekin bukatu zutenean jakaren besoa pasa zuen Alainek ezpainetatik.

        —Zerri alua!

        Alainek ez zion erantzun. Irteerako atera lagundu zion neskak. Jadanik piztuta zeuden bariante ertzeko farolak. A ze gauza bitxia, pentsatu zuen Alainek, pasatzen den orori eskaintzen ziotek farolek beren babesaren argi horixka. Azkarren doana duk gutxien gozatzen duena eta motelen dabilena, berriz, argiaz gehien gozatzen duena. Bete betean hartu zuten bere birikek ilunabarreko airea. Epela zen baina Londoneko otsaileko ifarrak baino zorrotzago ebaki zion sudurzulotatik barnerainoko bidea. Behar ere, sotoko gorpuaren herio kiratsa irentsi ondoren... Minutu eskasa itxaron behar izan zuen zetorkion auto uhaina geratu arte. Nonbait semafororen batek edo gobernatzen zuen hemen ere bariantearen bizitza eta aurreraxeago zegoen errepide gaineko iraganbidea pakean utz ta tarte libreetan errepide bertatik pasatzea etsegin zutenen aukera.

        Erraza gertatu zitzaion eliza aurkitzea eta ia hori bezain erraza eliz aurrean zegoen Hontza Elkartea zioskan neonezko iragarki argitsua begiztatzea. Ezin izan zion tentaldiari eutsi eta garagardoa eskatu zuen. Heinecken. Berak ez zuen besterik edaten. Aurrenekoan asmatu zuen Ford Fiestaren ateko giltzarekin eta aurrenekoan erantzun zion motorrak kontaktoko giltzaren eraginari. Blokeari ezkerraldetik bira eman eta Topeteren Burdindegiaren ondoko semaforoan geratu behar izan zuen. Gero behin Loiolatik irten ondoren uste baino errazagoa egin zitzaion Donostiatik irtetea.

        Gorrian aurkitu zuen Instituto aurreko semaforoa eta ezohizko bedeinkapenez bedeinkatu zuen gerarazi zuen kotxea, plazaz bestalde zeuden norabideak begiratzeko aukera eman bait zion. Gidatzea zen Alainek asko atsegin zuen horietako gauza. Gidari ona zen, lasaia, azkarra eta ziurra. Laxatu egiten zuen mugimendu kode mekaniko hark, batez ere semafororik gabeko norantza bakarreko errepide zabaletan sartzen zenean:

        Gauza asko bururatu zitzaizkion eta behin baino gehiagoetan aurkitu ohi zuen bere arazoetako irtenbideren bat edo, gida kurpilaren atzean emandako ordu luzeetan. Irribarrea azaldu zen Alainen ezpainetan. Carr Lane Easteko baberodun praile haien eskola. Askok etsipenez eta gorrotoz gogoratzen dituzte eskola urteak. Alainentzat zorion urrutiaren ispilu garden ziren. Brother Bernard, Brother John eta Brother Albanekin igarotako hiru urte haiek antzokiko butaka arteko lehen lerroa betetzen zuten bere bizitzan. Batez ere Bro Albanekin emandako aita hil aurreko azken urte hura. Biak gela berdinean zeuden, biak, Kevin eta Alain, bixkiak. A ze barreak ikasgelakoak! «Tira, Kevin, pizarrara!» esaten zien praile eskoziarrak Kevinen ordez bera, Alain, pasatzea nahi zuenean. Hiruren artean ezarritako eta gustora onartuko jokoa zen. Kevin esan eta Alain pasa. Alain deitu eta Kevin altzatu. Hasieran batez ere gelako zenbaitek oraindik ezagutu ere ezagutzen ez zituztenean.

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki