Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

SEI LORE

Txema Garcia-Viana, Kartxi

        Gau hartan, ordu txikitan, telefonoak esnatu ninduen. Gorputza lurrari atxikia sentitzen nuen eta pare bat aldiz behaztopatu eta erortzekotan egon nintzen telefonoa zegoen tokira iritsi arte. Telefonoaren beste aldean Juliaren ahots urduria entzun nuenean, apur bat suspertu egin nintzen.

        Mezua motza eta zehatza izan zen. Pablo mozkor-mozkor eginda harrapatu zuten autopistan eta laguntzeko eskatzen zidan. «Komisaldegira joan eta lagundu. Zuk ondo ezagutzen dituzu komisaldegietako saltsak eta katramilak eta jakingo duzu zer egin. Mesede pertsonal gisa eskatzen dizut. Fidantzarik edo ordaindu beharko balitz nire kontu; baina ez dezala jakin neuk ordainduko dudala, ez bailuke onartuko. Badakit ez didazula huts egingo...».

        Kafe bero baten aurrean eseri nintzen. Ez nuen inongo gogorik komisaldegira joateko, gainera zertarako eta mozkor baten kargu egiteko. Agian Mantxola ere ez zen urruti ibiliko eta une hartan nengoen egoeran, ez nintzen gai izango bere sesio haietako bat jasateko. Bestalde, ez nekien Pablok nola hartuko ninduen; ez baitzitzaion gustatuko kanposantuan Juliak eta biok elkarrekin alde egin izana. Logelara itzuli eta jantzi egin nintzen. Iratzargailuak goizeko laurak eta laurden markatzen zituen.

        Bostak inguru ziren komisaldegira iritsi nintzenean. Zaindariaren aurrean identifikatu eta barrura sartu nintzen. Aurrera egin ahala kafe eta tabako usaina gero eta nabarmenagoa zen, hormak, berriz, inoiz baino grisagoak iruditu zitzaizkidan. Harreran ile zuri eta kartoi zimurtuzko aurpegia zuen poliziak tibetar monje baten pazientziaz entzun zidan; ondoren pixka bat itxaroteko esan eta bulego batera sartu zen. Atera zenean lasai esertzeko esan zidan, komisarioa laster egongo zela nirekin.

        Aulkian eseri, bizkarra atzealdearen kontra jarri eta loak hartu ninduen.

        Oihu batzuek atera ninduten lozorrotik. Gizon ttiki potolo bat builaka eta espantuka ari zen, trajez jantzitako tipo mehar luzexka ondoan zuela.

        —Hiltzaile kabroi horrek bizitza guztirako kartzela merezi du, ez besterik. Baina zuekin ikusita dago, zuek bezalako poliziekin jai dugu!

        Polizia luzexkak besoa lepoaren jiran paratu eta ateraino lagundu zuen, belarrira zerbait xuxurlatuz lasaitzen ahalegintzen zen bitartean.

        Orduan beste ate bat zabaldu eta Pablo irten zen. Hasiera batean ez nuen ezagutu ere egin. Bi egunetako bizarra zeukan eta begi-zulo ikaragarriak; alkandora galtzetatik kanpoan eta erabat zikin eta urratua. Burumakur eta herrenka zebilen. Nire ondotik pasa arren ez zuen nigan erreparatu, ardo usain sarkorra zerion. Potoloak atera behar zuen unean Pablo ikusi eta, bere onetik aterata, oldartu egin zitzaion:

        —Putakume alua! Potro-ustel madarikatua besterik ez haizen hori! Jo eta akabatu egingo haut betirako!

        Bere pisuari ez zegokion zalutasunez, jauzi hatean Pabloren aurrean jarri eta egundoko ukabilkada jo zion sabelean. Pablori belaunak malgutu eta emeki abaildu zen, ia-ia buruarekin lurra jo arte. Bere ondoan zegoen tipoak paparretik eutsi erasotzaileari eta, bultzaka, bulego batean sartu zuen. Nik Pablori lagundu nion altxatzen. Zinez traza narrasa zuen. Aulki batean eserarazi eta zaplada batzuk eman nizkion bizkarrean animatu nahian. Pablo burumakur eta eztulka ari zen eta une batez goragalea etorri zitzaion. Gero buruari bi eskuez eutsi eta pittin bat bederen lasaitu egin zen. Handik laster tipo segaila berriz atera eta berarekin joateko keinu egin zidan.

        —Muro komisarioa naiz. Bere laguna omen zara...

        —Bai, ezaguna dut. Komisaldegian zegoela jakin eta laguntzera etorri natzaio. Azken aldi honetan trantze larria pasatzen ari da, familia kontuak eta... badakizu. tentsio handiak.

        Komisarioak jakin-minez begiratzen zidan, bigarrenez ahalegindu zen aurpegiaren zurruna leuntzen, alferrik. Garbi zegoen ez zidala ezertxo ere sinesten, baina nik ezin nuen besterik egin.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki