Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

GAUERDIKO ELE GALDUAK

Joxe Anjel Irigaray

        Jeiki, muturrak garbitu, bizarra egin, kafesne txar bat artu, zigarreta bat piztu, etxetik anka, lanari buruz abiatu, lana eta lana, lan egiteko bizi, bizitzeko lan egin, gaizki bizitzeko, erdipurdi bizitzeko, beti berdin bizitzeko, ez bizitzeko, lana eta lana, lanaren egiteko bizia utzi, eta egunoro labean su beroaren ondoan, txinpartek erreta, begiak erreta, burua kixkal, zangoak neke, gogoa motel, auspoa akiturik, sua eta salda, salda eta sua, porrusalda, pala artu eta bota saldara, salda artu eta bota zulora, zer dela-ta?, altzairuaren egiteko, piezen egiteko, zertarako?, nik zekita zertarako!, eta batzutan utzi salda eta pala eta sua eta garra eta komunera joan zigarreta baten erretzera, kehe gehiagoren irenstera, ameka herra eta gorrotoen kehearen irenstera, barnearen lasaitzera, biriken izorratzera, gehiago?, eta gero berriz ere salda eta pala, labea eta sua, eta amarretan amarretakoa, solas eta griña, lagunak lankideak, laguntasunik ez, futbola eta trufa, politika eta dirua, zakarra eta zikina, amarretakoan «politika», gero berriz lana, lana eta politika hau ez duk bizitza, leher lanean ari eta deus ez izan, eta langile aunitz kanpokoak, euskaraz jakin ez, euskara ere izorratuta, zanpatuta, itota, euskal langilegoa itaxurez josita, eta gero bazkaltzera, banabarrak, xerra eta flana, jan eta jan, lan eta lo, jan ondoren berriz lanera, suaren ondoan izerdiaren botatzera, hau ez duk bizitza!, aizak hi ni potrotaraino nagiok!, lan egin, bainan norentzat?, ugazabentzat?, herriarentzat?, izorra adi!, lan egin eta aberastu ez, herririk ez, dena saldurik, eta gainerat zakurraren ipurditikako zenbaitzuk hemengo bidea erakutsi nahi!, alu putakumeak!, bitartean lanari segi illunabar artio, lan eginez gizakia gizondu egiten omen duk eta, bai to! pikaren buztana! ez zak izorra hi!, lana eta lurra, lurrik ez lana bai, lehen baserrian orai lantegian, batean gaizki bestean neketan, lana bai bainan lurrik ez, etxerik ez, kaiola batean bizi, emaztearekin noiz behinka zinera, egunoro baxoerdika, batzutan futbolera, bestetan frontoinera, gehienetan telebista arrotzak janik, biraoka eta zikina, eta gero seme alabez josia, larrua jotzeko lasaitasunik ez, larrua jotzeko ere nahiko lan, beti lan eta lan, alde guztietatik zikina, neke eta lana, herri alu huntan lanari lotuta goaz eta goaz, ordainik ez, morrontzan nekaturik, nardaturik, amorraturik, egokiturik, ohiturik, egunoroko zurrunbilloan, goizetik asi eta, jeiki, muturrak garbitu, bizarra egin, kafesne txar artu, zigarreta bat piztu, etxetik anka, lanari buruz abiatu, lana eta lana...

        «Ez! Ez! Lan gehiago ez! «, altxatu zen deadarka eta izerditan. Ohatzean zegoen.

        «Amets txar bat huken, ufff», erran zuen berekiko, asperen luze, sakon eta lasai batekin batera. «Beharrik!».

        Erlojuari behatu zion. Goizeko 6ak. «To, jeikitzeko tenorea; zer eginen zioguk, ba!».

        Hala, beraz, jeiki, muturrak garbitu, bizarra egin, kafesne txar bat artu, zigarreta bat piztu, etxetik anka, lanari buruz abiatu...

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki