Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

OILARRAREN PROMESA

Joan Mari Irigoien

        Lehertu beharrean Joxeperen burua. Irudi lizunak etorri... «Ontzat hartu ahal dut irudi hori? Eta beste irudi hau...? Ontzat ez hartzea da garrantzitsuena apez jaunak esan zuenez: —Seigarren agindua! Irudi lizun bat ontzat hartzea, segundo, une batetan besterik ez bada ere, bekatu handia, izan deitekeen bekaturik handienetakoa da, seigarren aginduaren aurka doazen bekatu guztiak bezala—. «Hortaz, ezin dut irudi bat ere ontzat hartu...» Eta Joxepe, une hau, bestea, eta hurrengoa..., beti borrokan. «Arkatz nazkagarri hauek dute kulpa!!» ohiukatu zuen behin, ukabilak gora altxatuz, eta banan banan, txikitandik pilaturik zituen arkatz guztiak, berrehun-edo, hautsi zituen. Gomekin, ostera, aldrebes; goma bat zekusanean, esku tartean hestutu, eta musuka hasten zitzaion. Egun batez, gomek karameluen itxura zutela ohartu zen. «Ez dago goma bezain karamelu onik; gainera xurga eta xurga, goma ez da inoiz ahitzen», eta goma ahoan sartu, eta gau eta egun ziharduen gomaren zaporea dastatuz. «Gomek, gainera, Jainkoari eskerrak, gonarik ez dute...»

        Lehertu beharra ez, erotu beharra baizik Joxeperen burua. Borroka handiagotzen, irudi lizunak, arkatza eta goma, ez dut ontzat hartu behar irudi lizun hori, erne bekatuekin... «Horrela ez dut jarraituko —garraisi egin zuen azkenik—. Erabaki bat hartu behar dut, hobe bait da, izan ere, zeruan bururik gabe sartzea, ifernuan buru eta guzti baino». Arkatzak bezala, Joxepek gomak bilduta zituen txikitandik; berrehun ta hamabi goma... —«Pelikan» da markarik onena—, eta «pelikan» goma bat hartuz, buruan aurrera-atzeraka, jo eta .ke, burua suntsi erazteari ekin zion. Era honetan, lehendabiziko urtean, burua ile gaberik uztea lortu zuen. Buru-soila, «lanean hobeto jarraitzeko eta esames guztietatik ihes egitearren, komentu batetan sartuko naiz» esan zuen, eta Azpildik ez oso urruti, Kolapioko komentura erretiratu zen. Beste lau urte gehiagotan, igurtzi eta igurtzi, buruko kopet alde osoa (aurrea eta atzea) urratu zuen. Bekokirik gabe, izpilu aurrean jarri zen: «Joxepe, hau da zure gorputzak ikusten duen azkeneko eguna», eta sudur aldeak urratzen hasi zen. Sudur inguruak (belarriak tartean, jakina) urratzez hamaitu zituenean, hots, urtebete beranduago, bere berrehun ta hamabigarren goma (azkenekoa) gastatu zuela konturatu zen. Bat batean, lanik ezin egin... «Ai!, karamelua!» esan zuen, eta ahotik goma atera eta, berriz ekin zion lanari esanaz: «Joxepe, hau da zure ahoak hitz egiten duen azkeneko eguna». Abade nagusiari, eta nahikoa izanen zitzaiolakoan, hogei ta hamar goma erosteko mesedea eskatu zion, eta bi hilabetetan, aho eta kokotz aldea urratu zituen. (Baina izan ahal liteke —galda dezake norbaitek—, bi hilabetetan goma batzuen bitartez aho eta kokotz aldeak gorputzetik urratzea? Bai, eta hau ulertzeko, ez ahantz Joxepek ordurako zazpi urtetako pratikak eginak zituela).

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki