Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

CONSUMATUM EST

Joan Mari Irigoien

        Semea izan zuenetik, ardoa alde batera utzi eta nahaspil eta iskanbiletan ez sartzen ahalegindu zen Paulino. Herritarren azken hiruzpalau urte haietako presioa eta zapaldia, ordea, hain latz eta hain gaitz egin zitzaion, non udazken arratsalde batez mandoa hartu eta menditik herrira joatea erabaki baitzuen, etxetik pasa gabe, mozkortzera, odolak halaxe eskatuta.

        Plaza Txikira heldu zenean, mandotik jaitsi, aberea horma batean zegoen obo bati lotu eta La Dehesa tabernan sartu zen.

        —Botila bat ardo, Paco, pinterdikoa —eskatu zion.

        —Etxera eramateko al da?

        —Ez.

        Pacok edalontzia atera zion.

        —Ez, ez diat horren beharrik —eta botila ezpainetaratuta, ia arnasarik hartu gabe irentsi zuen.

        —Kontuz ibili, Paulino —esan zion tabernariak.

        —Orain arduratu behar al duk hik Paulinoz, erremediorik ez duenean? —eta botila ordainduta, Plaza Handiko kafetegirantz abiatu zen, Imperialerantz, bere mandoarekin.

        Imperialean udaletxeko idazkaria, ostatu berriko nagusia, don Narciso eta Sotonuevotik etorritako beste lurjabe bat aurkitu zituen, mahai batean kartetan, bospasei gizon inguruan haiei begira.

        Paulino sartu zenean, salmahaira hurbildu eta ingurukoen arreta pizteko ukabilez astindu zuen salmahai gaina.

        —Botila bat ardo, pinterdikoa! —oihukatu zuen, kafetegian isiltasuna nagusitu zenean, isiltasunarekin are ozenago egiten zelarik Paulinoren ahotsa.

        Salmahaiaz bestaldeko zerbitzariak basoa luzatu zion.

        —Basoa, hiretzat! —eta botila eskuan hartuta, herriko jauntxoen mahaiaren parean jarri zen, don Narcisoren aurrean, zeinari begia gainetik kendu gabe ahoratu baitzuen botila, bere begi-keinu itsusi hartaz lagunduta.

Don Narciso urduri jarri zen.

        —Zer? Don Narcisori begizkoa bota nahi diok ala? —idazkariaren iruzkina.

        —Begizkoa ez, begia botako zidak horrek azkenean —esan zuen don Narcisok, Paulino begi-keinuka eta keinuka ikusi zuenean, kafetegiko bezeroen artean barreak eta irri-karkarak sortaraziz.

        Paulinok, ordainean, botila dzanga-dzanga hustu, gora altxa eta jauntxoen mahai gainaren kontra hautsi zuen:

        —Nahi baduzu eta nahi ez baduzu, gure semea zuena baino azkarrago duzu, don Narciso!

        Jauntxoak aulkietatik altxa eta guztiok batera ekin zioten Paulinoren aurka, bultzaka eta ostikoka, kafetegitik kanporatu arte.

        Behin kabean, Pauliinok mandoa obotik askatu eta etxerako bidean jarri zen, aberearen bizkargainera igo ezinean, oinez. Balantzaka zihoan ardoaren eraginez, baina ardoaren suak baino gehiago erretzen zuten une hartan barrutik gorrotoak eta amorruak.

        —Sasitara erori haiz ala? Zer gertatu zaik, Paulino? —galdetu zion emazteak arnasestuka eta eztulka, senarra etxera iristean.

        —Eta hiri zer axola zain? —ihardetsi zion Paulinok zakarki.

        —Bai ba, axola zaidak!

        —Kendu ate erditik, emakume!

        —Dena kontatu arte ez diat aldegingo!

        —Ez dunala aldegingo? —eta begiak lekutik irtenda, soinez soin, Paulinok emaztea lurrera bota eta ahal moduan bi ostiko eman zizkion, hantxe negar batean utziz—. Eta beste gauza bat —jarraitu zuen ondotik—: mutila ez dun aurrerantzean joango eskolara! Eta ez ezetzik esan, etxe honetan nik neuk agintzen dinat eta!

        Sukaldearen zoko batean izututa, Diegok ere negarrari eman zion.

        —Gizona bahintz, ez huke negarrik egingo!

        Semea ez zela isiltzen ikusi zuenean, beste ostiko bat eman nahi izan zion, baina bere balantzan huts egin eta lurrera erori zen.

        Handik berehala lotan zetzan, zurrungaka.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki