Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

IZEBA TXIKIA

Mariasun Landa

        Izeba. Izeba. Ni izeba. Maitek niri begira jarraitzen zuen, lelo aurpegiarekin, ezer esan gabe, bere ezkontz argazkiko irrifar inozo berberarekin...

        —Maitek haurtxo bat ekarri behar duela!

        —Zuk?

        Ez nuen Maite horretarako gauza ikusten. Benetan. Eta ez dut hori nire ahizpa maite ez dudalako esaten, edota ezkonduz gero haurrak ekartzen direnik ez dakidalako, baizik eta nire ahizpak izeba bihurtuko ninduen ideia hori ez zitzaidalako inoiz burutik pasa. Asuntoa garbi gelditu zen amaren esplikazioarekin. Maiteren haurtxoa nire iloba izango zen. Ni izeba izango nintzateke haurraren ama nire ahizpa zelako. Bale! Familiako gorabehera horiek ez dira errezak izaten! Eta orduan, Potixak esandakoa ulertu nuen:

        —Banekien haurtxoarena! —esan nien ama eta Maiteri.

        —Nolatan? —eta Maiteren begiak harridurazko O handi batzu bihurtu ziren.

        —Ba Potixak argi eta garbi esan zuen...

        Badakit askotan ama harrituta uzten dudala. «Txikiena atera zaigu bereziena» esan zion behin lagun bati nik entzuten nuela erreparatu gabe. Ama ez da konturatzen zazpi ahizpa zaharragoak edukitzeak dituen abantailez eta tristuraz. Abantailak, izeba izateko posibilitate asko ematen dituelako, tristura, ordea, noizbehinka amari aurpegiko zimurrak sakontzen zaizkiolako eta «ai, ene, semerik ez! « aditu behar duzulako. Eta orduan zuk imajinatzen duzu mutiko baten partez zeu agertu zinela, txiki txikia eta neska, neska gehiegi dagoen etxe batean. Beharbada, horregatik Maiteren haurtxoarenak hainbeste poztu zuen ama. Nik berehala galdetu nien:

        —Mutil bat izango da?

        —Auskalo! Ondo etor dadila, besteak ez du garrantzirik! —erantzun zuen amak.

        Nik, ondo pentsatuta, neska txiki bat nahiago nuen baina...

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki