Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

MARIA ETA ATERKIA

Mariasun Landa

    Kalean ezagutu zuten elkar, datarik gabeko zorioneko gau batean. Aterkia handia eta beltza zen. Kirtenik gabekoa. Gorabehera handiko bizitza baten ondoren, bere azken egunak zaborretan amaitzera behartua.

   

    Neskatilak Maria izena zuen eta bizitza serioski hartzen duen haur horietako bat zen. Begi zorrotzak, hankak arinak, esku trebeak... Trapusaltzaile batentzat egiten zuen lan.

    Gauero, zabor-poltsetan miatzen zuen eta berehala bereizten zituen balioko gauzak; baita jaso ere: traste hondatuak, egunkari eta kartoiak... Gero, guzti hura, furgoneta baten barruan zain egon ohi zen trapusaltzaileari ematen zion.

   

    — Maria, nahi al duzu oinetako pare hau?

    — Ez!

    — Maria, eta kartoizko zalditxoa?

    — Ez!

   

    Mariari ez zitzaion beretzat ezer gordetzerik gustatzen. Zabor artean aurkitutakoak ez zuen neskatila hura tentatzen, eginkizun hura lanbidetzat hartzen baitzuen, trapusaltzailearen familiarekin bizitzearen truke.

    Maria, aterkiarekin topo egin zuen gau hartan, begira-begira geratu zitzaion:

    Aterkia gustatu zitzaion Mariari. Maria gustatu zitzaion aterkiari.

    Mariak aterkia beretzat hartu eta besapean gorde zuen. Aterkia zoriontsu sentitu zen eta harrotasunez pentsatu zuen:

   

— Hemendik aurrera Mariaren euritakoa izango naiz!

 

    Aterkia eta Mariaren artean konplizitate berezia sortu zen, aterkia eta aterkidunaren artean gerta ohi den bezala, eta sentimendu hura maitasun bihurtu zen, denboraren poderioz.

    Elkarrekin joaten ziren leku guztietara eta zoriontsu sentitzen ziren. Maiz, itsasondoko petrilean eseri eta eguzki lotsatia itsasoan nola ezkutatzen zen begira egon ohi ziren...

   

    — Zer egiten du neska horrek, aterkia zabalduta eta goxo-goxo bere itzalean eserita? —pentsatzen zuen ondotik pasatzen zen jendeak.

 

    Lanerako, berriz, aterkia besapean gordetzen zuen Mariak, eta oheratzerakoan ohe azpian etzaten zuen samurki.

   

    — Gauon! Ondo lo egin!

    — Ondo lo egin! Gauon! —erantzuten zion aterkiak.

   

    Baina logurea ez omen da zoriontasunaren laguna eta askotan kontu kontari egon ohi ziren:

   

    — Aterki...

    — Zer?

    — Ba al dakizu zer izatea gustatuko litzaidakeen?

    — Esan...

    — Kantaria! Olalari! Olalaliro!

    — Ja! Ja! Ja!

    — Eta zuri? Zer gustatuko litzaizuke, aterkitxo?

    — Niri? Lotsa ematen dit esateak...

    - Esan! Esan!

    - Ba, bandera beltz eta zabala!

    Ilargia, gauaren dama bakartia, ederki asko dibertitzen ten haien arteko kontu txikiekin.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki