Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

HAUTSAREN KRONIKA

Inazio Mujika Iraola

        Errepideko zuloak eta bihurguneak zirela-eta, gure eserlekuetan airean genbiltzan; bat-batean, ordea, Baio herritik pasatzen ari ginela, gure autobus ttiki xaharrak, aurrera segitzeko gogo gutxi nonbait, hots gor bat egin eta kamino bazterrean geratu zen. Birao bat aditu nuen, eta galiziarren artean hain ohikoa den carallo pila bat. Bidaiari batzuek buruak agertu genituen pasabidera, eta besteek aulkien gainetik begiratu zuten txoferra zegoen aldera. Laster igo zen atzera autobuszalea, eta jaisteko agindu zigun. Herrian bazela taberna bat, eta beste autobus baten zain egon beharko genuela pixka batean. Jaisten ari ginela, dinamoa edo beste trepetaren bat aipatu zuen, ez dakit.

        Gogorik batere gabe eta mar-mar batean jaitsi ginen denak. Puskak eskuetan hartu eta bost bat minutu oinez ibili ondoren, herriko tabernara iritsi ginen. Aulki-laguna ere —jakina— nirekin nuen eta ondoan eseri zitzaidan, tabernan mahai bat aukeratu eta. Txoferrak pare bat orduan itxaron beharko genuela iragarri baitzigun, zerbait jango ote genuen galdetu nion orduan ustekabeko nire lagunari. Olagarro platerkada bana eskatu genuen eta lakoi piska bat Padrongo piperrekin. Alabaina, esan zidan Xoxek, gaur egun edozein lekutan dituzu Padrongo piperrak; auskalo nongoak diren.

        «Os pimentos de Padrón, unos pican e outros non».

        Hatza niregana luzatuz berritu zidan ohiko esaldia, nire aho imintzioak ikusita; eta, egia esan, niri behintzat, denak tokatu zitzaizkidan minak. Eskerrak, hala ere, Ribeiroak zerbait goxatu zigun ahosabaia.

        Han eserita egon ginen denboran, kontu kontari aritu zitzaidan, lehen bezala, baina eguraldiaren gorabeherarekin ari zela, nik neguaren metaforatzat jo nuen adierazpena lerratu zitzaion:

        «Aurki da Fisterrako malekoian bidaiari poltsaduna».

        Esaldi eginaren atzean elezaharra sumatzen nuen eta ordu arte isilik egon banintzen ere, jakinminez galdetu nion hari buruz. Esan zidanez, Fisterra eta inguruko herrietan oso da ezaguna esaldia eta elezaharra bera ere bai. Eskolako ume guztiek omen dakite kontatzen, gurasoek irakatsita. Eguraldi hotz beltzen sasoia datorrelarik, Fisterrako portuko moila-mingain luzeenera itsas terralean bildua omen dator bidaiaria itsasoaren bestaldetik, garai bateko munduaren bukaeratik.

        Gizon arrotz hori herrian barrena paseatzen da bere poltsa eta makila handia hartuta, inork ikusten ez duen garaian. Buruan erromes kapelua du eta agian horregatik batzuek Santiago Bidearekin uztartzen dute eta erromes kristauaren izaera erasten poltsadunari. Baina sineskeria hori, berez, kristautasunaren aurrekoa omen da.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki