Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

MATRIUSKA

Inazio Mujika Iraola

        Itsasoa salda zegoen, eta egunaren lehen brintza motelak agertzen hasi ziren, ez oso nabarmen, hala ere. Halako batean, begiak zabal-zabal eginda, zoro-planta halako batez, zutik jarri zen aitona, deabrua gorputz barruan balu bezala. lkusi al duk? esan zidan. lkusi? Nik ez dut ezer ikusi, aitona. Gizona zuan, hortxe hamabost metrora edo..: Ez al duk ikusi? Lo zeunden, aitona. Lo egongo ninduan! Ito egin duk... Zurrunbilo baten erdi-erdian zegoen, hortxe, eta besoak mugitzen zizkian ezker-eskuin laguntza eskatuz. Gizon bat, arraioa, jertse gorri bat zian marra urrekolore batekin... Txorabioa egingo zitzaizun, aitona, nahi duzu kaira bueltatzea? Txalupa badakit nik bakarrik kairaino eramaten, eta han lagunduko didate... Izan ere, ez zen lehen aldia txalupa bakarrik eramaten nuena, baina ez zidan erantzun. Eseri egin zen eta begiak igurtzi zituen esku-ahurrez. Jertsearen azpitik eskua sartu, eta zigarroa jarri zuen ezpainartean, orduantxe atera ez atera zebilen eguzki bolari begira. Gero, zurdak pisatzeari ekin zion, atzera. Eta txiskeroz piztu zuen zigarroa. Seigarrena.

        Eguna zabaldu gabe zegoen guztiz. Atzera loak hartu eta kulunka hasi zen aitona, eta harekin batera, txaluparen alderoa ere ababorrera okertzen hasi zen. Begiak itxita ikusi izan ez banizkio, ur-azalean zerbait ikusi zuela pentsatuko-nuen. Bere gorputzaren kargak aurrera bultzatzen zion eta, poliki-poliki, kareletik atera zuen burua, eta gerriraino ere atera zuen, eta bare-bare, apropos bezala, murgil egin zuen buruz gain itsasoan. Ni ez nintzen mugitu ere egin, agindu horiek nituen-eta, amonak emanda. Bakar-bakarrik, aitonaren kargaz, alderoa ababorrera okertzen ari baitzen, nik istriborrera bota nuen gorputzaren karga guztia. Beharrik, nire burua salbatu nahi banuen!; eta txoparen kontra, artean ere bil-bil eginda, lepoa luzatu nuen. Hori-bakarrik, besterik ezer ez nuen egin. Hobeto ikusteagatik.

        Aitona uretan esnatuko zen seguru asko, garrasika ari zen behintzat, eta besoak ezker-eskuin astintzen zituen. Ez nion oso ondo aditzen; hala ere, lagundu, babua, esan zuela uste dut. Baina niri amonak esan zidan isil-isilik egoteko eta ez ezer egiteko. Arren eta arren, esan hori egiteko... Aitonaren besoak uztai urrekolorea egiten zuten airean, laguntza eskatuz herio liartan.

        Orduan, manta gainetik kendu, eta altxatu egin nintzen. Sokari eragin, eta martxan jarri nuen txalupa. Kairaino iritsiko nintzen, horixe iritsiko nintzela!, ez zen lehen aldia; eta han, bat edo batek lagunduko zidan txalupa bere lekura eraman eta lotzen. Joxe Txiki behintzat, han ibiltzen da beti, gora eta behera bere txanelarekin. Hari esango nion. Ez nuen burua jiratu ere egin. Kaira iristen nintzenean, eta jenderik bazebilen, behinik-behin -eta, ibiliko zen, jaiak ziren-eta-, malko batzuk askatu beharko nituela pentsatu nuen. Bien bitartean, irribarrea atera zitzaidan pentsatuz, azkenean, piperpotoa eramango zuela aitonak soinean eta betiko. Pena bakarra neukan, herriko jaiak hondatuko zizkidaten, elizkizunak eta kristoak...

        Nabarra boua ondoratu zen eta, zer egin zuen Elortegik? Ni ez nintzen Moreno bezain tontoa!

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki