Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

ABUZTUAREN HAMABOSTEKO TRENA

Luis Mari Mujika

        Joxe Antonen Pintto txakurrak belarriak tente jarri zituen, isatsa mugitu eta, atzeko zangoekin, lurra aztarrikatu. Trena txistu bizia joz sartu zen Urritzako tunelean...

        Joxe Antonek, alafede, Latasako estaziozain gisa jaka urdinaren botoiak lotu zituen, txanoa kaskoan tinkatu, eta —eskuan banderatxo gorria eta txilibitua ahoan— nasara irten.

        Plazaola Konpainiako trena, hiru bagoiez horniturikoa, arnasestuka eta ke beltza botaka zetorren; ordu hartako «Rapidilloa», ordea, ez zen geldituko Latasako geltokian, Lekunberri eta Irurtzungoa baino kategoria tipiagokoa zelako. Lokomotiba beltza ikatz-ke mordotan itota azaldu zen, xomorroa bailitzan paisaia berdearen zimurdura bitxietan arrastaka.

        Joxe Anton Joankorena Martikorenak atzerantz behatu zuen: uda sargoritsuak Aldain mendi aldera gasazko hodei mordo gorriskak zituen, eguzkiak su emanak, eta Imozko lurrak labe baten galdaz zigortuak zeuden, hain zuzen; Mintegia muino aldera, berriz, gune berdoxtak eta Oskozko alor eta galsoroetan galdu zituen urrezko distira gozoak.

        —Kontuz, Pintto, gaur arinegi zetorrek gure «Manuela» eta —esan zion Joxe Antonek txakurrari, ze «Manuela» izengoitia Plazaola trenari ezarria zion estaziozainak. Andenean ez zegoen inor, eta, beraz, egun hartan ere Latasan Joxe Anton eta Pintto izanen ziren «Rapidilloa»ri harrera egiten bakarrak; baina estazioz bestaldetik arrantzaka ziharduen astoak ere agurra eman bide zion.

        Plazaola trenaren errailak ihes zihoazen Haizpeta, Irurtzun, Gulina, Izako lurretarantz Iruñeko bidean. Nasa ongi nabarmentzen zen errailen plataforman; alboan zegoen almazen gorria ezkerreko horma huntzaz kasik estalita; baina lastametak, errail-trabiesak, bagoiska zaharra non ijitoek eurialditan aterpea aurkitu ohi zuzen. Biltegiaren teilartetan ezkutatzen ziren enarak eta sorbeltzak, trena ailegatu orduko ziztu bizian Larraun ibaiko haltzetara hegan joan ohi zirenak.

        Han goian, gibeleko labe garaietan, Goldaratz herria zetzan, eta Mintegia lepotik harantza, berriz, Etxaleku, Oskoz, eta eskuinera Eraso, Muskiz eta Zarrantz, eta denak lmozko herriskak eta euskararen azken mugak, Euskal Herria itzaltzen ari zen Nafarroa zaharrean.

        —Pintto, oraintxe zetorrek «Manuela». —Txakurra trenari agurra emateko postura berezian ezarri zen, belarri biak tente, atzeko bi hanken gainean ipurdia tinko.

        Joxe Antonek, eskua altxatu zuen banderatxo gorria astinduz, toki berean finko eta zurrun errailetatik begirada kendu gabe; alafede, errito hura ongi zekien betetzen gure gizon txano urdindunak.

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki