Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

URDIN ETA BURNI

Luis Mari Mujika

Atarikoa

 

Paulo Iztueta'k

 

        Berriz ere Luix Maria Mujika liburutegietako apaletan. Oraingo txandan «Urdin eta Burni» poeman erretratatu zaigu. Lenengo aldiz epaimaiera irten zenean, izan zituen aldeko aski ta kontrako zenbait. Batek esan zidan: «Nik ez dut ulertzen orren poesi-modua. Irakurri ta utsean gelditzen naiz».

        Luir Maria Mujika'k, askoen iritzian, sospresa eman zuen bere «Bide-Giroak» argitaratzean, batez ere bere irudi-expresioaren berrizteagatik.

        Oraingo poema-liburu berrian lenengoan baño gizenduago dator expresio-era au, ta alako leguntasun etengabean gañera. Gandiaga'ren «Elorri»-k baño batasun geiago dauka literalki, bere liburuko zenbait alderdi zakar gertatzen bai'dira ta bere lirismua puzkatuxe dirudi, batzutan garbizalekeriz jokatzen duelako agian. Emen bertsoa leguna da, labaiña, ta lirismua sakontasun azkenekoa, alboan daukan kristotar Izadiaren teoloji-eginkizunarekin alkartuta.

        Erabilligabea deritzaigu euskal-literaturen emen arkitzen dan Izadiko teoloji-eginkizuna ta expresioaren arteko eder-komunio ain osatua. «Urdin eta Burni»-k euskera milurtedunari beraldiko emozio-indarra damaio, bide berriak ukituz. Bere paisajea oso kementsua dugu, bere expresioa, berriz, ero-arroa, metalikugaia (estañu, kobre, burnia...) poemako orrialdetan zear ugari bai'dabilki. Poesi au ez da xamurkoi edo zabarra, batzutan Juan R. Jimenez'eri arkitzen zaion bezelakoa. Bere euskal-izakeragatik, egilleak iges egin du erromatizizmu sentibera ta errexatik alako metafora-sasoia erantsiaz, naiz eta basati edo zakarregia gertatu esaera.

        Ez dago dudarik. Oraindik oialetan dabilzkigu euskal-literaturaren lirismu-edergintzan erne-berri diran poesi moldeok. Vicente Aleixandre, Antonio Machado, Unamuno ta... ezagun zaizkionak dastatuko du segurki «Urdin eta Burni», oien eskolan asko ta asko ikasi bai' digu egilleak.

        Liburu oni atarikoa jarri orduan, gaurko poesitasunari lotuko natzaio, adieraziz bidenabar lirismoaren izkutuko lekuak.

        Poesia garai batean edo bestean jaiotzeak ba-dakar, zalantzik gabe, alde aundirik. Aldi batzuek ez dira prestatzen poesiak mardulki borobiltzeko behar lukean giro derrigorrezkoz. Antzu xamar genuen ontan, adibidez, XVIII'garren gizaldia. Prestasun-eza ori bide, sarri olerki berri batek eman lezaken narrotasun preskoa gaztetan itzali oi da, edota poesiak berez zekarren ditekentasuna ezer pittiñean itota ikusi oi da. Dana alabeharrez, bizi-garaiak arnasten lagundu etziolako goragoko joeran. Beste aldi batzuek, berriz, sabel-aberats zaizkigu, neurtu dezakete puntadaño olerkiaren ahalmen guzia.

        Garai bakoitzak ditu merezi dituen poetak. Zer-nolako bizi-orduaren egitura alako izango da poesia ere. Onurakor bazaio, olermenaren erpiñeko mendira igotzen ats egingo dio; edota, aitzitik, nekeztuarazi joanaldia, alkar komulgatzen ez badute. Gaurko egun au, XX'garren gizaldikoa, itsas zabalaren pareko dirudi, poesi-oparotasunarentzat aukerako murgil-leku. Erreztasun guztiak eskeintzen bai'dizkio, umotuz-umotuz osatzen eta eltzen joan dedin. Agian ez du kondairak olerki-soroan orrelako lur landurik ezagutu.

        Azken aldiok bi pentsakera gizendu dizkigute: arrazoirik-eza edo irrazionalismoa ta bakarzalekeria edo indibidualismoa. Erdi-aroan ba-zen oien arrastoa. Gizonak, bere kementasunaz baitaratu-geroz, zokoratu zituen gauzen kanpoko kizunak, atariko ikusmiratze lorrari egin zion zapuzketa lotsagabea, ta bereala bere barrenera abiatu zen. Arrezkero, bi joerok galdorra jaso ta jaso etorri dira, geroz eta geiago, gau-egun arteño.

        Ara! Ogeigarren gizaldiko poesia aztertzen asi orduko «arrazoiezaren» edo irrazionalismoaren aurrean topatzen gera, bera bai'da azken olatuko poesitasunaren ardatz bat. Emen «arrazoiezkoa» dirudi poetaren jokabidea, ta «bidegabezkoak» adierazteko darabilzkien erramintak. Itzak erabilli ditezke berez duten esanai lojikoan, bañan geienetan arrazoi-ariak etenda datozkigu ideak barne kontzientzi izkutukoak biltzen dituen ariora.

        Poetak bere mundu subjetiboa du kanta-kizun, ots, bere barrena. Animaren pilpirak, sentimenduak eta ikusmirak etxeko zaizkio. Ez doa aruntzko gertakizunen billa. Norbere animaren barne-mugimentuak zertutzen eta ixpillutzen gelditzen zaigu. Bere sentimendua muxukatu nai luke, bere baitako ixpilluan ber-ikusi nai litzake, bere izantasunaren erretratua atera nai... Berak sortu duen zeratik edan, egizko zerbaitetik mozkortu! Espirituaren iturritik datorkio dana, bere gogoeta ixurketaren ondorio bezela, bere poesiaren batbateko erditzetik, presaka, aurgaldua amagandik igesi datorren gixara. Orregatik, olerkariaren arima gañezkatzen duten pentsamentuak, plazaratzen direnean, ezin ditezke ezkondu itzen joskera mekanikoekin. Ezin! Abeslariak etorriaren emanaz jaulkiko dizkigu ideak, bere-berezko nortasun siñalez markatuta, barnean sentitua erdi-elbarri benik adierazi dezaten.

        Ba-ditu olerki-lirikuak ere «muiña» ta «tankera» deitutako poesitasunaren bi zer-izanak. Lirismoaren muiña auxe duzue: gizonaren arima, ez mundu osoaren ikuskizuna dakarren azalpen bat. Areago oraindik: gizonaren arima, «bakarti» edo indibiduala bezela, gertakizun bakartietan, berenez mamitutako pentsakizunetan, naigabe ta alaitasunean...

        Eta poesiari «tankera» gizonak erasten dio, norbera da taju-emalle. Poesi-itxura gizonaren borobiltasunean dabil jira-biraka. Dana dator ixuriz poetaren biotz-arimatik. Dana dago zintzilika bere egoera konkretutik. Osoaren batasuna ta zati osagarrien korapilloa ez datoz gaiak berak itsasitako jitetik, ots, tematikaren aginduz, baizik eta poeta beraren pentsamentua da armazoiaren zuzterra.

        Goazen aurrerago. Adierazi dezadan nolabait zen den bakarzalekeria. Pentsakera oni Erdi-aroak bizipidea eman zion; pizkunde-aroak (renacentismo) ta barroko-arteak (barroquismo), azikera; erremontikak (romanticismo), bizitasun xuxpergarria... Eta gaur kixkali beharrez gauzka bakarzalekeriaren sukarrak.

        Ideoloji onetan, idazleak aparteko norbait izan gogo du. Bestehengandik berexita bakarkako paseoan dabil. Iguingarri zaio kidekoen bendintsu izatea, ez bai'du onartzen iñolaz ere besteak beren antza dezaten. Eta onela, norberak bere kosmos-ikusketa modu berezi bat dauka. Zergatik, ordea? Berexitasun-sustraia bakoitzak begi-bistan dauken mundua nola sumatzen duen eran dagoelako. Aleixandre, Machado, J. E. Jimenez, Guillén-ek zabaldu zituzten bereziki «bakarzalekeriaren» bide-gurutzok, eta orren eskabidez poesitasunaren elkarkitasuna edo relatibismua.

        Bakarzalekeriak bi seme dakarzki literaturaren mundura: idazkeranen nortasuna ta ark edo onek kantatutako mundu berberaren zabaltasun azkengabea, ugaritasunean igeri.

        Lenengo frutu bezela, estiloaren nontasuna ekarri dut. Ez alperrik! Ezin bai'ditezke «muiña» ta «tankera» elementu bion loturak alkar-bakandu, direlakoz arimaren arnari.

        Bigarrenanen zergatikoa zoko sakonagoan begieman dezakegu. Ara esan: munduko ikuskizunak ba-dute izan guztiontzat zerbait berdiñeko, danok berdintsu atzeman genezakeana. Bañan, gauzaren ikusmenean aldamenekoarekin ia denetan bat natorrenean, zen egin ote nezake bereixteko? Biok dakiguna ixildu edo gañetik pasa, ta batera gatozen ontan tinta gorriz igurtzi nire jokabidea. Ortxe dago ugaritasunaren arrazoia ta bereixtasunaren funtsik burniena!

        Ontarako beharrezko zaizkio poetari berezkotasun azkarra ta estilo berea, baztertu gabe munduarekiko begiradan zentzu-arien pintasuna. Bedi doai auen jabe. Bestela ez litzake poeta izango, naturak ematen ez duena ez bai'du Salamanka'k prestatzen.

        Gauz asko somatzen dituelako, itzen segidan esanai luzeak ereiñez idatziko du, ez bai'dira erortzen expresio-mekanikuen saretan. Airean libre dabiltza —poetaren kaxkoan, berriz, burrunbaka— irakurle zuhurraren zai. Onela, poetak eraiki dezake mundu berri bat, guztiz desberdiña, begiratzen duen ikus-txulotik. Zenbat mensaje berri!

        Esana esanik, bideratuz goaz «simbolismu» edo antz-irudietara. Simbolismua berari dagokion jatortasunean jasotzeko, arras minberakoi behar da izan. Urruti ikusi, barneki arakatu, luze pentsatu... Orixe bera ikusten dugu «Urdin eta Burni»-n.

        Bere orrialdehen barna, lenengo kolpean xotil eta batasunik gabekoak ziruditen bertsoak, gero bat-batean uste ez genuen beretasunean azaltzen zaizkigu. «Altxor gorde» bat izkutaturik zedukatela oartzen gera, poesiari barrenak maxiatzen dizkiogunean. Azaleko esankizunaren atzekaldetik, itzalean bailegoan, baste esanai bat dago gordeta, oso bestea. Machado'k plazaratu zigun arrigarriki expresio-mota bisemiku au. Animaren amaika egoerak nolabait larratzeko beharrezko iruditu zitzaion esanai bisemikuaren bixkitasuna. Orregatik, gaiari dagozkion biotz-yoranen eiztari joan brinkoka gai-billa. Tematikaren «burumakurtzea» dugu, dudik gabe, XX'garren gizaldiko egirik mardulena.

        Luix Mari Mujika'ren poema onek sentiberatze bisemikuarengatik arritzen gaitu geien. Izan ere, euskera baztertuta egon da eskola oietatik, edota oso exkax sumatu ditu expresio edo adierazte bide oien kutsuak. Orregatik, Mujika'ren euskal-bisemikuak arritu egiten du eta eldu egiten modu arrigarrian bere indar-erasoagatik, gure izkuntza birjiñ gorde bai'da metafora-joku auetatik.

        Beraz, bisemiku irudian alperrikako zaizkigu mugak. Esana mugatzea txoriari egak moztea bezelatsu litzake. Itzez esandakoa izanik urri, ba-du ondorengo esanaiean zer-aberatsik

        Onekin uste dut ulertuarazi dudala zertxobait gaurko lirismuaren abiada, Erdiaroan jaio berria zena ta orain arro dagoena, arras puztua literatura aurreratuetan.

        Argi-argi dago «Urdin eta Burni»-ren literatura-joera ta Gabriel Aresti'ren «Harri eta Herri»-rena oso oso ezberdiñak direla. Onek poesiari sozial edo gizarte eginkizuna ematen dio. Guk asko estimatzen dugu bere leia ta gure literatura pizkortuko duelakoan gaude, batzuen iritzien kontra. Bañan gaur-egun, poesia Machado, Unamuno'ren eta... edertasun betikora biurtzen ari da, ta auetan olerkia barnekoiago ta «poetikoago» dugu benetan, moda baten mudantzan erori gabe. Kantatzea beti izango da poesi, naiz eta desegokeriak bota lasaitu-nai utsarengatik, naiz eta nire kantak ez esan probetxuzko «zerbait». Ori bai, kantu orrek beti beteko du nire arimaren «zertxo» orrekin.

        Mujika'k egun-eguneko oparotasun girotsu onetan preskatu digu poema. Aitatu ditudan zerak ba-dute beragan kabi. Irakurle argia ez lumaz eta ez mingañez ustu eziñezko zailtasunarekin arkituko da orrialde bakoitzean, txorabio urduritsuan edota gogoeta meharrean etzana.

        Banaka batzuen lanak kendu ezkero, oraindik ezezagunak deritzaizkit saio auek euskal poesian. Gaur, nik dakidala, ortik jo dute Gandiaga, Mikel Lasa, Jose Azurmendi, Otsalar batek... Poztuko nintzake oiekin batera beste jarraitzalleak ere «gorputz sendo» bat osatuko balute, euskera muskil modernuz kutsutzeko modukoa. Zoriontsuak gu, olako aunitz bageneuzka!

 

* * *

 

        Berriz ere, egilleak, «Bide-Giroak» poeman bezela, teolojiaren intzez bustirik dakarkigu oraingo «Urdin eta Burni» au. Izadiaren koplak dira poetaren apaizkonzientzian.

 

 

                Entzun gauzadi Erosi onen sinfonia,

                entzun Jainkoaren erantzuna,

                entzun bat-bestearen arteko mintzaldiak uz-

                ten duten oiartzun muga-oziña an goian Jau-

                naren aulkian eta emen beheran materi ba-

                taiatuaren kolkoan,

 

 

        Mujika'k maiz jardun digu ekiñaldi onetan.

        Teillard de Chardin'en antzera, Kristogana darama materia. Jainkoa ta Mundua alkarren billa. Izadiaren erdian Jainkoa idoro ta arkitu. Mujikak irrika bat du gidari: ots, Kristo'ren eta munduaren maitasuna armoni goxoz adixkidetu, kosmojenesis onen uneoroko eboluzioan Erospen-kanalak barreiatu dizkigu.

        Eta azkenik, Eukaristi-itsasora garamazki, an ikus dezagun, fedea lagun, ur lotien gañeko kristalean zeruko Erreñua, goiko Izartegia, Mundua ta zerua bat eginda, alkarri begira; Kristo izanik Bitarteko bakar.

        Konzientzidun gaituzu ez dela izadia giza-lirismu bakarrik, baita jainkozkoa ere. Luis Maria Mujika'k literaturako itz eder utseri teolojitasuna txertatu die, eta poema osoan zear sekulako zaña erakutsi du olermenean.

 

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki