Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

GERTURIK DAUKAGU ODOLA

Joxean Sagastizabal

        Egon nintzen lehendakariari «Ene maitia, zer dezu? Ene maitia, zer dezu? Kolore txarra daukazu...» kantatzekotan, hain ikusi nuen artikoa gizarajoa.

        Euskadiko liderrak aipatzen zuen gazte batekin beste gazte bat aritzearen egokitasuna, bartoloen sasoia, bera gerra aurretik jaio izana eta Florinda Azkargortaren senarra zela, hogeita hemezortzi urte apirilean.

        Paquitak, berriz, senargairik ez zuela, bestela harekin eskatuko zuela, jakina; birjintasuna eta odola eskainiko zizkiola Euskadiri, eta kinka horretan Euskadiko ordezkari nagusiaren laguntza nahi zuela. Horrela eginda, egun batean azaldu ahal izango ziela seme-alabei estatu-ekintza izan zela.

        —Pentsatu behar dut, Paquita, denbora behar dut. Mesedez, ez ezazu pentsa zure eskaintza ez dudala aintzakotzat hartzen! Asko estimatzen dizut, benetan, baina ez dakit, ez dakit...

        Itxoiteko esan neskari eta beste gela batera eraman ninduen.

        —Odolfo, Odolfo, politikan denetik gertatu zait, baina honelakorik, honelakorik...

        Egon nintzen txiste errazen bat egitekotan, baina orduan lehendakariaren begietan egun batean Florinda Azkargortarenetan ikusitako mezu berbera ikusi nuen.

        —Odolfo... nahita ere... ezingo nuke, seguru asko... gutxitan naiz gauza, eta Paquitari huts egiteko beldurrez, seguru, seguru nago ezin izango nukeela!

        Argia ikusi nuen.

        —Lehendakari, ni larru-jotzaile aparta naiz.

        —Badakit! Jotzaile aparta-orgasmo likido-hilezkor! Bada, Paquitak nirekin nahi du! Izorrai!

        —Nire odoletik edan beharko zenuke. Lehendakaria pentsakor gelditu zen; edanaren kalteak... birjinaren izterrak...

        —Eta orduan... zuk uste duzu... Paquitarekin kunplitzeko sikiera...?

        —Eta gainerako maritxu guztiekin, nahi izanez gero.

        —Inork edan al du zure odola? Esaten didazuna teorikoa da, ezta?

        —Nire odola edan... bueno, Lourdesek eta Amaiak, jolasean.

        —Klaro, baina horiek... eta banpiro bihurtzen banaiz?

        —Ez, lasai; nik hozka egin ezean, ez.

        —Seguro?

        —Hombre, seguro, seguro...

        Lehendakariak hitzaldi instituzionala bota zidan orduan. Euskadik Paquitaren odola behar zuela, eta Euskadik Paquitaren odola izan zezan lehendakariak banpiro odola edan behar bazuen, edo zakur kaka jan, egin egingo zuela, arriskuak arrisku.

        —Benga, Odolfo, zure odola!

        Birjinetako odola jasotzeko zilarrezko ontzietako bat ekartzeko esan nion, eta bertara isuri nuen; lehendakariak edan eta... ikusten nuena ikusita, Asterix eta Popeye etorri zitzaizkidan gogora.

        Ziztu bizian joan zen liderra birjinarengana. Ikusi ezinean, irudikatzeari ekin nion:

        —Maritxu! Barkatu, Paquita!

        —Lehendakari!

        —Euskadirengatik!

        —Euskadirengatik!

        Baina ai! Ez zitzaidan etikoa iruditu eta irudikatzeari utzi nion.

        Itxaron egin nuen.

        Itxaron.

        Itxaron.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki