Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

ENE JESUS

Ramon Saizarbitoria

Ene Jesus nobelaren birargitarapena dela eta

 

Mari Jose Olaziregi

1994

 

        Hitzaurre hau idazteko gonbita luzatu zidatenean artega samar utzi ninduen telefono deiak. Artega, hitzaurre honi darraion nobelagatik beragatik; harrituta, hitzaurreen behar eta zereginei betidanik dudagarriak iritzi diedalako.

        Gustukoa dugun idazle baten hitzaldia entzutean, bere hitzekin idazlearen ondoan eskaini dioten lekua justifikatzen duen aurkezlearen modura, hitzaurregileak badaki asmorik nobleena onartuz ere, bere hitzak lekuz kanpo daudela, azken batean ez baitiote (estetikoki bederen, eta beste mailetan ere bai, ziuraski) ezer eransten artelanaren beraren balioari.

        Dena dela, umiltasun faltsuak baztertuz (Malonek esango lukeen moduan, zaila baita norberaz ez hitz egitea), irakurlearen (zure) esku uzten dut hitzaurrea osorik «saltatzeko» ohitura guztiz osasungarria.

        Noizbait, Saizarbitoriaren poetikatik eta idaztankeraz hain urrun dagoen Henry James idazle iparramerikarrak honako hau idatzi zuen: «nobelak, lehenengo eta behin, dibertigarria behar du izan». Dudarik ez dago, gutako asko «dibertitu» garela «Ene Jesus» (1976) irakurtzen (Joyce eta Becketten nobelek dibertitu gaituzten moduan). Baina kasu honetan «dibertitu» hitzaren esanahia (hots, ongi pasa), irakurketaren plazer estetikoak guregan sortzen duen egoerari dagokio. Gustukoak zituen nobelekin etxeko lekurik ezkutu eta egokienean (normalean komunean) gordetzen zen Proust gaztearen modura, fetitxetik abiatzen den plazerra sentitzera (Barthesek irakurketa literarioaz egiten duen azalpena geure eginez).

        Halere, argi dago, «dibertitu» hitzaren adiera arrunta beste bat dela, ongi pasatzeak gaur egungo kultura hedonista honetan gozatzeko ahal den esfortzu txikiena egitea eskatzen baitio gizabanakoari. Aisialdian ongi pasatzera behartuta gaudenez, kultura modernoan guztiz beharrezkotzat jotzen zen irakurketa bera gaur egun «sofrimenduz» beteriko ekintza sublime kontsideratzen da. Literaturaren irakurketak eskatzen duen patxada eta lan intelektualari gehiegizkoa iritziz, berehalako plazerra sortuko luketen irakurketa «light»ak gailendu dira. Esan gabe doa Saizarbitoriaren nobelak planteamendu hauen beste muturrean leudekeela.

        Baieztapen hau ahalbidetzeko ez gagozkio idazlearen traiektoria literarioari bakarrik. Askoz esanguratsuagoak dira azken urteotan hainbat hitzaurretan esandakoak:

        «Dena den, hariari helduz, zera aitortu nahi nuke, ez naizela ni fidatzen beren bokazioa, nahia eta gogoa, irakurlearen atseginerako historiak asmatzea eta kontatzea aldarrikatzen duten idazleekin.(...). Izan ere, idazleak publikoari atsegin zaiona egin behar badu, masaia thailandesak ematen bukatuko bailuke jendeari horrelako gauzak sobera gustatzen bait zaizkio eta irakurtzeko ere lizunkeriak are nahiago idazle benetakoak izan ohi dituen burutapen inuzenteak baino» (Saizarbitoria, R. «Hitzaurrea», in Agirre, J. «Gizon bat bilutsik pasiloan barrena», Donostia: Elkar, 1991, 13.orrialdea).

        Gure kulturan (edozein modutara izendatzen dugularik: kultura posmodernoa, medien aroa, telepolisa,...) informazioaren iraultza eta garapenak pairatzen ditugun honetan, beste garai bateko irakurketa hezitzaile eta elitisten aldean, irakurtzera behartzen ez duten «liburuak» proposatzen zaizkigu. Etxetik atera gabe errealitate birtualari esker bidaia gaitezkeen bezala, sofatik mugitu gabe nobela bat irakurri edo «entzun» dezakegu liburu elektronikoari esker (gogoratu liburu mota hau azken urteotako Frankfurteko izarra izan dela).

        Halere, ez beza inork pentsa zientzia-fikzioa edo egin nahian gabiltzanik. Kultura modernoak irakurketaz zuen kontzepzio elitistaren baztertze (edo demokratizatze) horren atzean 1994an bizi dugun giroa islatu nahiko genuke, nobela honen berrargitalpenak ezagutuko duen irakurketa inguruneaz iharduteko.

        1976an «Ene Jesus» argitara eman zenean, garaiko irakurleei «aurreratu» egin zitzaiela esan zuen kritikari batek baino gehiagok, nobela modernoegia zela garaiko euskal irakurlearentzat. Ibon Sarasolak zioskun, «Egunero hasten delako» (1969) nobelaren lehenengo argitalpenari eginiko hitzaurrean, nobela hau garaiko unibertsitarientzat idatzitakoa zela.

        Baieztapen horrek eta aipatu nobela irakurtzeko beharrezkoa zen sentsibilitate berriak, eman diezagukete argibiderik une hartan Saizarbitoriak euskal narratiba berrira zekarren apustuaz.

        Era berean, Saizarbitoriaren nobelen beste hitzaurregile ezagun batek, Koldo Izagirrek hain zuzen ere, Saizarbitoria lehen aldiko gizona izatera kondenatua dagoela esan zigun behin: lehenengo nobela modernoa idazteagatik («Egunero hasten delako» 1969), lehen nobela elebiduna idazteagatik («Ehun metro», (1976) eta lehenengo nobela zientifikoa idazteagatik («Ene Jesus», 1976).

        Modernitatearen amaieran isiltasunaren estetika, simulakroarena, planteatzen digu «Ene Jesus»ek, eta gorago esandakoaren ildotik, garaian euskal irakurleentzat berriegia, desberdinegia suertatu bazen, beldur gara une hauetan ez ote den beste hainbeste gertatuko.

        Alabaina, arrazoiak ez lirateke berdinak izango. Saizarbitoriaren nobelak 60 eta 70ko hamarkadetan euskal kulturaren barnean gertatu zen iraultzaren barnean ulertu behar ditugu. Iraultza diogu, literaturaren kasuan ordurartean indarrean zegoen poetika eta estetikari, estetika modernoa (adierazpidearen krisia islatzen duena) gailenduko zaiolako.

        Saizarbitoriaren belaunaldia (64koa deitu zaio, Arestiren «Harri eta Herri» urte horretan argiraratu zelako) konpromezuaren belaunaldia da. Gaur berrogeita hamar urte inguru duen idazle (eta lagun) talde honek (Saizarbitoria, Sarasola, Kintana, Urretabizkaia, Lete,...) bere garai eta beharrei ez zegokien literatura batekin egin zuen topo. Euskal gizartean 60ko hamarkadan jazo zirenak (ETAren sorrera, ikastolen mugimendua, industri eta ekonomiaren gorakada, euskara batuaren oinarrien finkapena,...) beharrezko «humus»a bihurtzen da iraultza hori gerta dadin.

        Ordurartean indarrean zegoen kultura ortodoxoari heterodoxia kultural eta politikoa kontrajarriko zaio. Arestik literaturan hasitako iraultzari segida emango diote Mitxelenak euskararen batasunean eta Oteizak arte mailan.

        Frankismoaren aurka maila guztietan altxatu zen gizarte honetan, guztiz estetika abangoardista izango da belaunaldi berri honek proposatuko duena. Saizarbitoriak berak 1991ko hitzaldi batean esandakoa gogoratuz, belaunaldi honek antzinakoen lotsaz idazten zuen eta antzinakoa gainditzeko helburu abertzalearekin.

        Guztiarekin ere, konpromezuak, lehen esan bezala, ez zuen ekarri garaian irakurterraz eta euskararen onerako gerta zitezkeen nobelak argitaratzea. Konpromezua euskaraz idaztearekin soilik lotua egonik, ordurartean indarrean zeuden modaz pasatako eredu literario zaharkituak baztertuko dituzte. Hurrengo etenaldia «Pott» (1978-1980) bandakoek egingo dute. Literatura idaztea behar bihurtuz, idazketa horrek ez du beti euskaraz soilik idatzirikoa esan nahiko.

        Iharduera literarioaren bi alderdiak idazketa eta irakurketa direla onetsiz, idazlea lehenik irakurle den heinean, gazte hauek orduan Europan modan zeuden nobelak zituzten gogoko. Eta bereziki Frantzian existentzialismoaren aurkako bilakatu zen Nouveau Romanek liluratuko zuen gehienbat nobela honen egilea. Nobela esperimentala, zientifikoa edo estrukturala deitu izan zaionaren garaia da. Literaturaren eta orokorrean artearen ezaugarririk berezkoena «forma» (egitura) dela onartuz, adierazpide berriak ematen dira («L'être de la littérature n'est rien d'autre que sa technique», Roland Barthes). Garaiko irakurleek ordurartean nobelaren tasun edo ezaugarri berezkoenak zirenen iraulketa ezagutu zuten.

        Nobelak ez du derrigorrez pertsonaia batzuei leku eta garai konkretu batean gertatzen zaizkien istorioak kontatu beharrik izango. Jadanik nobela, Jean Ricardou idazle/kritikari frantsesaren baieztapen ezaguna gogoratuz, abentura baten kontaketa izatetik kontaketa baten abentura izatera pasa da.

        Edozein modutan ere, garaian literatura eta konkretuki nobela mailan eman ziren aldaketa horiek euskal irakurleagoarengan sortu zuten etendurari, euskal munduak bizi zuen egoera erantsi behar diogu: zenbat irakurle alfabetatuk irakur zezakeen «Ene Jesus» bezalako nobela bat? Zentzu honetan literaturak, eta sorkuntzak orokorrean, beste ingurune bat ezagutzen du egun.

        1976an 95 liburu berri eman baziren argitara, 1992an 980 titulu izan ziren, eta gorakada honen atzean leudekeen arrazoiak guztiok ezagutzen ditugu: EAEko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren sorrera, euskararen ofizialkidetasuna, hezkuntza mailan eredu euskaldunen hedapena eta gorakada, euskara batuaren finkatzea eta onarpena, euskal alfabetatuen kopuruaren gorakada,...

        Zenbakien arabera, euskaraz nobela bat irakur dezaketenen kopurua 750.000 hiztunetara hurbiltzen den honetan, euskal mundura hurbiltzen diren irakurtalde potentzialak ugarituz doaz. 1993an 52.000ren bat ikasle genituen euskaltegietan; euskal herri prentsak 300.000 irakurle zituela esaten zitzaigun, edo 1991 n eguneroko prentsak 44.000 irakurle zituela; 94-95 ikasturte honetarako, OHOko ikaslegoaren %62 eredu euskaldunetan matrikulatu da.

        Beste garai batzuk dira hauek, dudarik gabe: euskaraz esna gaitezke irratiari esker, euskal prentsa irakurriz gosal dezakegu, ikasketa asko euskaraz egin ditzakegu,... Honekin batera gure artean argitara ematen diren liburu askoren tiradek gora egin dute.

        Halere ez gara hemen kopuru hauek aditzera eman lezaketen oasia erabat sinesteko bezain inozoak izango. Tamalez, gaur egun ezagutzen dugun literaturan, sorkuntzarako eta banakuntzarako azpiegitura hobe honek morrontza handiegia du oraindik euskararen egoerarekin.

        Gauzak horrela, ez litzateke burugabekeria handia pentsatzea «Ene Jesus» bezalako nobela batek aukera handiagoak dituela gaur egun zabalkuntzarako eta harrera literariorako. Halere, badirudi literatur mota eta genero bakoitzari dagokion garai historikoak ez diola horretan laguntzen, eta honekin hasierako oharretara itzuli nahiko genuke. Izan ere, hitzaurre honek xederik badu, horrelako nobela batek irudikatzen duen irakurleari zenbait klabe eskaintzekoa baita ziuraski. Autoreak liburuaren epilogoan aurkeztutako zalantzak gureganatuz, jarraian datozen lerroek (dogmakeria guztiak baztertuz) nobela honen aurrean kontuan eduki beharreko zenbait ohar azaldu besterik ez dute egin nahi.

        Lehenengo eta behin, «Ene jesus» duzu, dudarik gabe, Saizarbitoriaren nobeletan trinko eta narratiboki biribilena. Autorearen beste bi nobelak irakurri arren hirugarren hau ezagutzen ez dutenek, jakin badakite jadanik (ziurrenik azterketa literarioetara hain zaletuak garen euskara klaseetan inoiz entzun dutelako) idazle honen nobelek gorago aipatzen genituen nobelagintza berriaren elementu guztiak dituztela (istorioak plano desberdinetan kontatzen dira; maila desberdinetan kokatzen diren narratzaileek kontatutzen dituzte, pertsona narratibo desberdinak erabiliz; hari kronologikotik itzuriz, anakronia ugari dituzte, tasun handiegirik gabe eratutako pertsonaiak azaltzen dira; ikuspuntu joko aberatsak ere bai...). Nolanahi den, gorago aipatu elementu horiek murrizteko eta trinkotzeko prozesu baten ondorioz, bigarren mailako bihurtu dira azken nobelan.

        Hortxe baitago gakoa. Azken nobela honetan ezin esan daiteke «istorio» bat (zentzu klasikoan) kontatzen zaigunik, istorioak kontatzea ezinezkoa dela bera ez bada. Funtsean, esan daiteke bere azken nobela honetan ematen den kontaketari berari buruzko etengabeko itaunketa hau nobela modernoaren azken mugetan ematen denaren pareko dela.

        Nobela osatzen duten bederatzi kapituluetan ohean etzanik dagoen protagonistak denbora pasatzeko asmoz kontatzen dituen istorioak azaltzen zaizkigula esan daiteke, berezitasun garrantzitsu batekin: kontaketa bera behin eta berriro eteten dela. Ahalegin guztiak alferrikakoak dira, istorio desberdinak kontatzeko saioek porrot egiten dute.

        Edozein modutan ere, istorio hauek bi hitzetan laburtu beharko bagenitu, ondorengo hiru ahaleginak bereiziko genituzke:

        A) Samuelek estazioan kontatzen zituen istorioek osatzen dutena; protagonistaz gain «mutua» eta bigarren mailako hainbat pertsonaia agertzen dira bertan.

        B) Narratzailea bera protagonista duten beste istorioak, gehienetan lehenaldian kontatuak, eta autobiografikoak. Sekuentzia desberdinetan etengabe azaltzen diren pertsonaiak: Manga, Abel, K. eta D. bikotea, aita eta, batez ere, ama.

        C) Narratzailea dagoen gelatik abiatuz, bertako objetuen deskribapenak (sabaiko ispilua, aluminiozko potoa, barrote gurutzatuez osaturiko leihoa) eta gelaren beraren deskribapenek osatzen dutena (marroiz akoltxatutako hormez osatua). Inbentarioak.

        Guzti horrekin batera, bigarren alderdi bati helduz, gauza jakina da nobela honek, behin eta berriro beste nobela bati egiten diola erreferentzia: Samuel Beckett (Dublin 1906-Paris 1989) idazle irlandarraren Malone meurt (1951) nobelari, hain zuzen ere. Idazleak berak epilogoan esplizituki ematen duen «arrasto» honen bidez, nobela honen prototestu datekeenaz jabetzen gara.

        Dudarik gabe Becketten nobelagintzak garatutako poetikak argibide handiak eman diezazkiguke Saizarbitoriaren hirugarrena ulertu eta bere kontestuan kokatzeko.

        Irlandarrak hiru urtetan idatzi zuen trilogia famatuan (Molloy (1951), Malone meurt (1951), eta L'innommable (1953)) kontaketa saioek duten amaiera tragikoa adierazten zaigu: istorioak kontatzea erabat ezinezko bihurtzen da. Becketten protagonistak darabilten «ni» pertsona narratiboa ezintasunaren adierazle hutsa da. Hizkuntzak eta bere mugak bereganatzen gaituztenez, «ni» hori hizkuntzak guregan har dezakeen itxuretako bat besterik ez dugu. Hiztuna sujetu izatetik enuntziatzaile huts, berritsu huts, izatera pasatzen da. Hori dela eta, «ni» eta «hura» pertsona narratiboak etengabeko alternantzian agertzen dira (Rimbaudek zioen bezala: «Je est un autre».)

        Saizarbitoriaren nobelako protagonistaren antzera erremediorik gabe ohetik mugi ezinik bertan etzanda dagoen Malonek ezin du «ni» esan, baina aldi berean ezin du bera ez den ezertaz hitz egin. «Ene Jesus»eko protagonistak, ezin du istoriorik asmatu, azken batean, bere buruaz besterik ez baitu hitz egiten. Existentzialismoaren ondoriorik bortitzena onartuz: bakardade tristeenean bizi gara.

        Beraz, nobela honetako protagonista bakarrik dago, heriotzaren etorrera dramatikoaren zain. Eta hala ere, Scherezaderen modura, istorioak kontatzeko ahalegina egingo du, istorioak (literatura) salbagarri suertatuko zaizkiolakoan. Alabaina, Scherezadek bere burua salbatzen duen moduan, Malonek eta «Ene Jesus»eko protagonistak ezin dute: istorioak ez dira sortzen, guztia esana baitago.

        Lorazain izandako filosofari ezagunak zioena («ezin daitekeenaz hitz egin, hobe isiltzea») pertsonaia hauen patuaren adierazle gertatzen da. Becketten protagonistak isildu egiten diren moduan, nobela honetako protagonista azkenean zenbakietan babesa topatuz (Kant-entzat aniztasunaren sinbolo), betiko mututzen da.

        Esandako guztiak esanda, nobela honen irakurketek beste hainbeste «Ene Jesus» sortuko dituztela itxarotea besterik ez zaigu geratzen. Literarurak, norbaitek esan zuen moduan, gauza esentzialak kontatzen baititu. Gizakion epopeia biografikoa, dudarik gabe.

 

        1994ko udazkena

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki