Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

GORDE NAZAZU LURPEAN

Ramon Saizarbitoria

        Londreseko kaleetan zereginik gabe ibiltzea gustatzen omen zitzaion, jende eta zirkulazio zoramena square eta kalezulo baketsuen lasaitasunarekin tartekatuz. Kanpora atera ginen. Ibai ertzetik jo genuen, nora ezean, eta trenaren zubia gurutzatuz Charing Cross-etik Trafalgar square-ra heldu ginen. Jendez beteta zegoen, eta uso grisez; autobus gorriz inguratuta. «Oraindik munduaren erdian senti zintezke hemen» esan zuen. Nelson garailearen monumentuak Cadizko Trafalgar zekarkidan gogora: hondartza, eremu luze haizeak astindua, eta itsaso berdea, zuriz zipriztindua, porrotaren oroitzapena gordetzen zuena. Bertan hil zen arren, Nelson ez dago han; Trafalgar square-ko zutabe luzean dago. Ezinezkoa baita aldi berean bi lekutan egotea. Victoriari ez naizela bidaiari ona azaltzen ahalegindu nintzen, edonora joanda ere ez baitut lortzen bertan egoteaz gozatzea, beste leku baten nostalgia izaten dudako. Bere izeba bati antzeko zerbait gertatzen zitzaiola esan zidan. Seme-alabak Venezuelan zituen, eta neba-arrebak Donostian. Venezuelan zuen senarra ere; baina horri ez zion hainbesteko garrantzirik ematen antza, esan zuen irribarrez. Gauza da Venezuelan zegoenean eguna negarrez pasatzen zuela neba-arrebez oroitzen zelako, eta Donostian, berriz, gauza bera seme-alabak gogoan zituelako.

        Egiaz, ez nekien hori ote zen niri gertatzen zitzaidana. Edonola ere, garaipen inperialen omenez eraikitako monumentuen aurrean, porrotari neurea altxatzeko gogoa sortzen zitzaidala adierazi nion.

        —Zatoz —esan zidan bat-batean animatuta, eta eskutik heldu ninduen.

        Naturaltasunez egin zuen. Eskutik tiraka Canada House-ren atzetik eraman ninduen, Pall Malletik St. James squareraino. Bidean, eskutik heltzeko keinu hura interpretatu nahi izan nuen. Ez nekien nola hartu, baina, edonola ere, itxaropenik ez izatea erabaki nuen. Gorputzen gerturatze hura adiskidetasunari atea zabaltzeko adierazpena izan zitekeen, eta, bide batez, beste harreman klase bati bidea galaraztekoa. Esperientziak esaten zidan, hasieran irekien diren emakumeak izan ohi direla gero eragozpen handienak ditutenak harreman sakonetara iristeko; eta frustraturik sentitzen direla, irainduta, gizonezkoek gaizki interpretatzen dituztelako beren adiskidetasun adierazpenak, seduzitzeko estrategiak edo sexu harremanetarako deiak bailiran.

        St. James-en —Duke of York-era ematen duen aldetik— eskuinean dagoen bigarren etxean atariko eskailerak igo, eta txirrina jo zuen. Ni espaloian geratu nintzen. «Victoria naiz» esan zuen ingelesez, «bisitari bat dakart, minutu baterako izango da». Eta atea bultzatuta, zabalik eutsi zion, sartzera gonbidatzen ninduela.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki