Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

ARALARKO SAN MIGEL

Jose Maria San Sebastian, Latxaga

Aralar'ko San Migel Euskalerriko ama sabela

 

        Euskalerriarentzat garrantzi aundiko tokia degu Aralar'ko San Migel. Aspalditik millaka urte dirala, ementxe bizi zan gure asaba zarra euskeraz mintzatzen zala. Izenak, itzak, esaerak, izkuntza, emengo larretan zebillela sortua degu. Emen bizi zan eta bere kultura zarra emen sortua da. Aspaldiko garaiko oroitarriak nun emen aiña? Moruen garai txar aietan emen zeukan toki

aberatsa, baita babesa ere bear bezela eskutatzeko. Orduan sartuko zan kristau sinismena ta San Migel'en gurtza.

        Onera etorri da geroztik Euskalerria, gure Aingeruari bere asmoak, naigabeak eta kezkak agertzera. Aingeruaren inguruan bildu oi da Euskal jendea ta ortik asita sortu zaigu gure erriaren kozientzia. Bere nortasuna berexiaren oiñarria bezela, San Migel aukeratu du. Euskaldunak bere erritasuna ta bere sinismena ementxe zuzpertzen ditu. Orrengatik azaltzen zaigu mendi au bere esan-nai guztiakin gure kulturaren iturria ta biziaren odola bezela. Euskalerriaren AMA SABELA da.

        Orrelako bereixtasuna arkituta, miña ematen zidan ikusteak, aspaldi ontan etzegola San Migel'eri buruz ezer idatzirik euskeraz. Liburuxka onek utsune ori bete nai du. Erriarentzat egiña dago ta erri soillarentzat. Alegiñak egin ditugu, gaia ez agortua uzteko edo geiegi sakondu gabe, alderdi jakin bearrezko batzuek agertuaz baizik. Batzuetan aurregi joango gera, baiñan agertzen degu nundik nora goazen, mugak, utsunea eta illun danak garbi azalduaz. Emen billatuko du euskaldunak elizaren asiera, irudiaren esan-naia, edestia, udaberriko ibillaldia, Orixe'ren espiritualidadea, gaurko egunean bear lukena izan era, nola ez? kanta zar batzuek.

        Lan onek ez du azkeneko itza izan nai, lenengoa baizik. Izan dedilla batez ere euskaldunen sinismena sakontzeko ta gure aberria berpizteko.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki