Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

GABON. AU OSTATUBA! ANTON KAIKU

Marcelino Soroa

Marcelino Soroa Lasa

 

        Marcelino Soroa Lasa Donosti'n jayo zan, 1848'garrengo Apirillaren 27'an, Puyuelo kalean (gaur Fermín Calbetón), ta San Bizenten batayatu zuten.

        Valladolid'eko eskola nagusian ikasi ta lege gizon egin zan, bañan etzion bizimodu orri segitu. Doñostira etorri ta gimnasia erakutsi zuan Gimnasio Municipal'ean, Garibay kalean zeuden eskolen azpian.

        Amadeo de Saboya Españiko errege jarri zutenean, bertso batzuk atera omen zitun errege berriaren kontra. Agintariak asarretu ta Soroak Frantziko Euskalerrira joan bear izan zuan.

        Andik laister, karlisten bigarrengo gerratean, Donostiar asko igaro zan Bidasoaz beste aldera. Ziburu'n El Trueno zeritzaion soziedade edo lagun-arte bat sortu zuten Donostiar oyek, umore piska bat jartzeagatik. Zezenak ere izan omen zituzten.

        El Trueno lagun-arterako antolatu zuan Soroak «Iriyarena» deritzayon Donostiar edo «Irutxulotar oituren» zarzuelatxoa. «Iriyarena» erderaz egiña dago, bañan noizean bein euskerazko puskak baditu. Oso jendearen gustokoak izan ziran euskerazko puska oyek.

        Toribio Alzaga ere ayen artean zan. Etzuan asko pentsatuko bere denbora guziko bizimodua sortzen ari zitzayola teatro jai artan.

        Gerra bukatuta, Donostira berriz ere, ta gimnasia erakusten len bezela.

        Donostiko langille, dendari ta merkatariak Unión Artesana zeritzayon soziedade edo alkartean biltzen ziran. Etxe oneko jendea, berriz, La Fraternal zeritzayonean. La Fraternal Lasala plazatxoan zegoan. Artan jayo bear zuan euskerazko teatroak.

        1878'garrengo Mayatzaren 12 ta 19'an, Kale Nagusiko Teatro Principal'ean (gaur esaten degunez, Teatro Zarrean), aurkeztatu zuten «Iriyarena». Emen ere oso jendearen gustokoak euskerazko puskak. Urte artan bertan argitaratu zuan komeri ori Omar-Celin-Oasor izengoitiarekin.

        Oso osorik euskeraz antolatu zuen lenengo komeria, «Anton Kaiku» da. Onek eman zion asiera euskerazko teatroari. Soroaren beste komeri danetan, «Egillearen beste jostirudiak» aitatzen diranean, «Anton Kaiku» dago beti lenengo tokian, ta «Gabon» aren urrena.

        Bañan «Gabon» agertu zan aurrena jendearen aurrean. Ara zer esaten dan komeri oyetako argitaraldietan, beren azalean, izenaren azpian:

        «'Gabon'... Aurkeztatuba olagara aundiyarekin Donostiko Biltoki Lenendikoan Azaroaren 6'ean 1880'garren urtian eta berriro egilleak moldatuba.»

        «'Anton Kaiku'... Aurkeztatuba lenbiziko aldiz Donostiko Biltoki Lenendikoak olagara aundiyarekin, Beltzillaren 25'an, 1882'garren urtean, bigarren aldiyan Tolosan Otsaillaren 12'an.»

        «Au ostatuba!» (1884) irugarrena. Beraz, Auspoa-ren ale ontan Soroaren euskerazko iru komeri zarrenak ateratzen dira argira.

        Arrezkero antolatu zitun:

        «¡Lapurrak, lapurrak!» (1884).

        «Alkate berriya» (1885).

        Bbarrenen arra» (1886).

        «Urrutiko intxaurrak» (1886)

        «Gorgonioren estuasunak edo boltsa galdu» (1888).

        «¡Abek istillubak!» (1894).

        «Ezer ez ta festa» (1899).

        «Bañan ¿zein naiz ni?»

        «Auxen da eguna.»

        «Anton Kaiku»'k Frantziko teatro zar baten gaya du.

        «La Pharse du Maître Pathelin» izena du teatro orrek eta, guk dakigunez, 1470'garren urtean beintzat aurkeztatu egiten zan. Soroak gaya artu bañan gañerakoa bere gisa egosi ta antolatu zuan.

        «Anton Kaiku»'ren ale bana bialdu omen zien Victor Hugo'ri ta Mistral'i. Biak erantzun zioten eskutitz bana.

        Euskal teatroa ez ezik, beste lan asko ere asmatu zitun Soroak bai euskeraz eta baita ere erderaz, garai artako periodiku ta paper guzietan.

        Soroa 1902'garren Uzta'ren 20'ean il zan, 58 urtekin.

        Orra zer zion Pepe Artola'k Soroaren eriotzakoan:

        «Ori izandu da, ogei ta amar urte abetan Aitor-en izkerari gogoz jarraitu diona, azalduaz gazte oso trebe eta bikañak aundi edo gizon egitera.

        ...Umoria, borondatia eta farra zan dana. Biltokian euskrazko moldaera eta egintzak orrek lenbiziko azaldu zituben; gazteari oñez edo lenengo pausoak berak erakutsi zizkigun. ¡Amaika izerdi eta ernegazio izan du gugatik, eta ala ere beti parra ezpañetan!...».

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki