Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

IBAR IXILLEAN

Antonio Valverde, Ayalde

Itz-aurre

 

 

        Anthon Valverde —ez-izenez «Ayalde»— izen-eredu bat da gure artean. «Izen-eredu» edo-ta «eredu-izen». Guztiontzako entzungarri dan izena.

        Euskera, berri-berritik ikasi, eta gaur apainki idaztera ere iritxi dan euskaldun berri degu Ayalde.

        Askok dakigu, nola izan diran, Anthon Valverde'ren lenengo bide-urratze ta urratsak gai ontan. Donosti Zaarreko ikastola ixil batean —Ikastola Eredu, bera ere— ixil-ixillik ikasten ziarduanean izan nuan nik Valverde'ren lenengo aditzea ta ezaguera. Ixil-ixillik, egunik uts-egin gabe, txintxo-txintxo, barrupentsakor, Ikastolara joaten zanean. Orduan ezagutu nuan. Buru-belarri, zoratuaren gisa, euskal-aditza barru-barrutik aztertzen ziarduan egun aietan.

        Pentsatzen det, pentsatu, nolako pozez joango zan orduan Ikastolatik etxera gabero, amar-amarterdi-inguruan —beste asko Barretik bezela, bera Ikastolatik— bere emazteari, eskolau txikiak amari bezela, bere eguneko poza adieraztera, gero-ta-aurreragoko ikasketak biotzean sortzen zioten poz barrukoia, bere emazte euskaldun jatorraren biotzean ixurtzera. Emaztea izan bait du Ayalde'k bere bigarren —lenengo?— Irakasle, euskal-idasbidean, euskal-katiximan.

        Lamsfus'tar Maria Dolorex... Nolako oroitzapen goxoz naasiak, iñolaz ere, gure adiskidearentzako, bere euskal-ikasketaen oroitzapen etxekoiak!

        Urteen buruan, gure euskaldun berriak bere euskaltzaletasunaren agergarri, eskuerakutsi eder bi eskeiñi izan dizkigu. Garratza lenengoa; goxoagoa bigarrena. Goxoagoa; bañan ez goxo-gexa, garratz-puntta baizik. Gure Ayalde ez da izan bein ere idazle goxogexa oietakoa, paper txuria makinan sartu izan duanean. Ayalde'ren kupeletegiko ardoa, ez da ardo goxo; ardo zaar garratz baizik. Ayalde'k ez du esku pallakatzalle; esku astintzalle baizik, zenbait gauzaetan lozorroan bizi ez gaitezen...

        Beste gauzatxoa. Askotan guk ezer esatekorik gabe idazten degu. Ayalde'k ez. Esatekorik ez duanean, ixillik egongo zaigu. Idazten badu, zerbait esangarri esateko izango da. Euskeraren gaurko egoera ez bada, gure paisajea izango da; paisajea ez bada, artea; artea ez bada, beste zerbait, bañan beti ere «zerbait», eta «zerbait gure».

        Esatekoari buruz, gaiari buruz, ori. Esateko erari bagagozkio, berriz, zer esan, Ayalde'ren estiloari buruz? Estilo berria; bañan, ala berean, argia. Berria azalez, estilo laburra, ritmo ondo-neurtu batean. Bañan estilo argia benetan. Estilista fiña degu Ayalde.

        Oyartzun'i zor diola, dio berak, izaera ori. «Antze ta Literaturan naizen pittin hau, Oyartzun'eri zor diot». Ezer bada-ta, nik uste, gure paisaje oyartzuarrari, Ayalde'k, argitasuna zor dio. Oyartzun'go paisajea, bere lerro garbiz, da olakoxe argia.

        Itz-lauzko lanez gañera, liburuak ba ditu olerki batzuek ere. Xorta polita. Olerki berri. Gai ontan ere egin ditu egilleak bere saioak —bere saiotxoak—. Olerki berri, bai mamiz, bai azalez. Bakoitza bere arian, egoki. Ez diogu esan irakurleari, gure Ayalde, idazlez gaiñera, pintatzalle dala: pintore. Pintore, bai olioz, bai guatxez, bai akuarelaz: akuarela fin, garden, garbi... Akuarela fin, garden, garbi ditu baita bere olerkiak ere. Ez bait da ori meritu txikia olerkari batengan. Emen ematen dizkigun dozenatxoan, aukera egin bear-ta, neretzat nik iru aukeratuko nituzke: «Loreskin-tantak», «Urte berri on!» eta «Hendaya'ko ezkila».

        Bukatzeko: liburu polit, liburu irakurgarria, Ayalde'rena. Bein esku-artean artu ezkero, eskutik ezin utzi diran aietakoa.

        Zuk ikus orain, irakurle.

 

Lekuona'tar Manuel

Euskaltzain-buruak

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki