Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

KAZETARI BAT IHESKA

Imanol Zaldua

KOTXE BATEN LEHERKETA

 

        Bukatzen ari zitzaizkidan oporrak. Osteguna zen eta igandean Bilbora itzuli behar nuen.

        Egun lainotsua argitu zen. Kalean Getariako agure zahar batzu topatu nituen eta poztu nintzen haiekin mintzatzeaz, premiazkoa bainuen euskaraz ihardutea arbasoen hizkuntza lantzeko.

        Hiri haundietan, gutxitan egiten dugu euskaraz, gure alboan daudenak euskaldun direnentz maiz ez dakigulako. Hori gertatzen zaigu autobusetan, trenetan, dendetan, bulegoen leihatiletan, eta abar.

        Getaria, zorionez, guztiz euskalduna da, beste herri batzu bezala. Horretaz, Aginagaren sarreran errepide-txartel haundi bat irrifarrez irakurri nuela gogoratzen dut. Zera bait zioen txartel hark : «Kontuz. Hemen euskaldunok gaituzu.»

        Nik bizpahiru aldiz idatzita neukan egunkarietan, euskaraz edonon mintzatu nahi dugunok ezaugarri edo intsigniaren bat eraman beharko genuela paparrean. «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik» idaztean, J. A. Artzek zuzen zegoen.

        Egokiak ere iruditu zitzaizkidan Bitoriano Gandiagaren bertso hauek: «Hemen euskaraz ez dakienak berak jakingo du zergatik ez dakien. Baina hemen euskaraz ez dakienak ez digu uzten euskaraz egiten. Baina eta hemen euskaraz jakin arren euskaraz mintzatzen ez denak ere ez digu uzten euskaraz egiten.»

        Arratsaldean sirimiria hasi zen. Itsasoa berde iluna, eta eguraldi hozkirria.

        Idazmakina ireki eta nire gelan hurrengo artikulua taiutzeari eman nion.

        Iluntzean, tabernaz taberna txakolin batzu dastatu, eta laster oheratu nintzen.

 

 

        Lozorroan nengoela, norbaitek nire gelako atean ozenki jo zuen. Esnatu eta lauak zirela ikusi nuen.

        —Zer demontre gertatzen da ordu hauetan? Hau bai dela ordu aproposa jendea gogaitzeko!

        —Zurekin ibiltzen zen neska hil egin dela.

        —Zein hil dela? Naiara?

        —Bai, Zumaitik Getariara zetorrela lehergailu batek eztanda egin dio.

        Ohetik jaiki, atea iriki eta ostatuaren gauzainari:

        —Eztanda egin duen lehergailua neskak zeraman, ala kotxe azpian ipinitakoren bat izan da?

        —Batek daki.

        —Non izan da ezbehar hori?

        —Orruaga hondartza inguruko errepidean.

        —Dei ezazu taxis bat, mesedez.

        Dutxatu eta janzten nintzen bitartean tristura sakonak zirraratu ninduen. Ez dakit Naiara mehatxatuta sentituko zen, baina azken egun hauetan oso urduri zebilen. Neska gaixoa! 22 edo 23 urte bakarrik izango zituen, eta nahiko polita zen. Agian aurpegi estuegia eta kokotsa zorrotzegia. Baina, bestalde, begi haundiak eta lastozko ilehori distiratsuak zituen.

        Elkarte ezkutuetan diharduen jende guztia bezala, susmadun eta fidagaitza zen.

        Taxista lozorroan omen zegoen, eta asko luzatu zen. Irten ginenean, lanbrodura edonon.

        —Gaur giro ona izango dugu —taxistak.

        Iritsi ginenean bostak izango ziren. Lapurdiko kostaldean egunsentiaren lehenengo erlantzak. Ordurako DYA eta Gurutze Gorriaren kotxeak hantxe zeuden, eta guardia Zibil batzu ere bai. Eta beste hiruzpalau kotxe.

        Errepide ertzean Naiara zenaren Seat 127 gorria zeharo birrinduta eta odoleztuta. Burdin okertu eta pilatuaren nahaste-borraste baizik ez zen.

        —Ez da izan berak eramandako lehergailuren bat, norbaitek ipinitakoa baizik.

        —Kontaktuari erantsia?

        —Ez. Horrela balitz, martxan jatzean lehertuko zatekeen eta. Erloju antzeko aparailu bati lotuta, dirudienez.

        —Bat-batean hilgo zen?

        —Bai, eta zeharo zatikatua gainera. Gorpuaren pusketak Zumaira eraman ditugu. Hona hemen bere poltsa hau. Zuk ezagutzen al zenuen?

        —Noski. Beti aldean zeramana da.

        —Barruan pistolatxo hau, eta Naiararen nortasun agiria aurkitu ditugu. Begira Naiara Bustingorri Gabilondoren dokumentua.

        —Hor, errepide ertzeko ubidean bere jaka gorri baten zatia agertzen da. Maiz arabiltzen zuen soineko hori.

        Gurutze Gorri eta DYA-en gazte batzu eztandaren hondakinen bila Orruagako haitzen artean zebiltzan.

        —Lehergailua bortitza zen, Goma-2 lau kilotakoa gutxienez. Hondakin batzu oso urruti idoro baititugu. Poltsa, adibidez, hondar bustian erdi zingoratuta.

        —Goazen hemendik, ikuskizun hau arras nazkagarria da eta.

        —Egia. Guztiz higuingarria. Mintxuria sentitzen ari naiz eta goragalea ere —txoferrak.

        Bira eman eta gure kotxea Getariarantz abiatu zen. Ni ere botalarri nengoen.

        Laino artean eguna argitzen ari zen. Eskubialdean ezponda zemaitsuak. Bazterretako goroldioetan ihintza eguzkiaren lehenengo errainupetan dizdiratuz. Errepidea busti eta labana.

        Itsasaldean kaioak lasai hegatuz eta itsasgainean kokatuz. Lau txalupa txibitan, eta urrutiago arrantzuntzi gorri bat.

        Erdi txorabiatuta heldu ginenean, neska hildakoaren lagun batek:

        —Putakume horiek Naiarari zure zaindaria izatea ez diote barkatu.

        Geroztik Naiararen hilketaren erruduna hasi nintzen sentitzen. Eta erabaki ere, bereak eta nireak ziren asmoak su eta gar defendatzen jaraitu behar nuela tinko erabaki nuen.

        Eta oporraldia bukatu gabe, ostatuaren zorrak kitatu eta Bilbora bihurtu nintzen.

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki