Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

UROLA IBAIAN

Imanol Zaldua

(...)       

        Orduantxe, hoteleko nagusia den nire osaba Juan Jose Etxezarretak, bekoki ilunez egongelan agertuz, han ginen denoi:

        —Agur jaun-andreok. Gure Doroteo Sandoval jauna zenaren hilketa dela eta, inork ez dezala alde egin hemendik, mesedez. Hain zuzen ere, Donostiako ikertzaileak berehalaxe helduko zaizkigu eta.

        —Zer bada? Gu hiltzaileak garela uste al duzu ala? Hau ez da kristauekin hitz egiteko modua! Hemen barruan asperturik geratu behar!

        —Donostiako aginduak dira, jauna.

        Egongelako besaulki bigun eroso batetan eseri eta hausnarketari ekin nion.

        Bart, bederatziak inguruan ikusi dut Doroteo bizirik azkenengo aldiz, jantokian afaltzen ari zelarik. Inoiz baino izutuago eta muxago iruditu zitzaidan bere lagungabeko mahai txikian.

        Arantza mahai-zerbitzariak, niri hurbilduz:

        —Bart urduri zegoen. «Menú» edo jaki txartela erakutsi diodanean, «konforme» ez beste esan dit marmarka. Eta zopa hartzerakoan, goilarakada erori zaio alkondara gainera. Buru apalez iraun du afari guztian, tutik esan gabe. Kasik deus ez du afaldu.

        Freitas da Silva portugaldarrak bere aldiz:

        —Beti etortzen zen telebista gelara albisteak entzutera, atzo, ordea, ez zen agertu.

        —Laster oheratuko zen, nik ez bainuen ikusi aurreko parkean pasaiatzen, ohitura zuenez —Madrildar batek.

        —Baina zer egiten dugu hemen denok asperturik? Hau bai dela agintakeria hutsa! Haurtxoak bagina bezala gaituzte, oilalokek txitoak hegalpean gisa —lehengo agure zahar aurkariak, tximistaka.

 

 

        Hamaika t'erdietan hiru gizon agertu ziren hotel aurrean. Oinez zetozen. Haietako batek, nire osaba Juan Jose Etxezarretari:

        —Egunon, jauna. Kosme Esparza inspektorea naiz. Beste hau, Faustino Larzabal auzitegiko sendagilea. Eta hor atzean geratu dena, Wenceslao Gutierrez nire laguntzailea.

        —Ongi etorriak. Berandu samar zatozte.

        —Jakina. Kotxea Arroan laga behar izan dugu, errepidea urperaturik dago eta. Trenez iritsi gara honaino.

        Esparza inspektoreari 60ren bat urte jo nizkion. Lodi eta gorritsua zen, eta ilea oso motza zeraman. Sendagilea, berriz, 50 urte ingurukoa, argal eta luzea zen, ilehoria, ongi orraztua, dotore jantzia. Ezaguna egin zitzaidan, ez nekien nondik baina.

        Wenceslao Gutierrez gazteagoa zen, 32 urtetakoa edo. Beltzarana, Cantinflas antzekoa. Orbain iluna zeukan ezkerreko masailean.

        Berehala gora igo ziren, hildakoaren logelara nonbait. Bitartean, behebarruan denok isilka-misilka berriketan ari ginen.

        Hiru ordu laurden geroago, berriz egongelara itzulita, inspektoreak oholtza baten gainetik:

        —Egunon dizuela Jainkoak, jaun-andreok. Denok dakizue zergatik gauden hemen. Horregatik eskaera bat egin beharko dizuet, lehen Etxezarreta jaunak bezala. Ez irten hoteletik, mesedez, galderak egin beharko dizkizuet eta.

        Faustino Larzabal sendagilea, nire ondotik pasa zenean:

        —Ezaguna zaitudala uste dut, baina ez dakit nondik. Ni Sebastian Sagastizar donostiarra naiz.

        —A, bai, Gerardoren semea. Aitaren tankera ematen dizut. Zure aita eta biok elkarrekin joan ginen ikastetxera. Badakit santu hotsean hil zela, minbiziak jota. Egon nintzen bere hiletan, Santa Maria eliza jendez gainezka. Pozten naiz zu ikusteaz. Baina zertan zabiltza Zestoan?

        —Indar berritu nahian. Osasunak kale egin zidan eta. Unibertsitatean karrera amaitu ondoren nekatuta... eta gainera eguzki-kolpea... Kirioak ahulduta.

        —Bada aurki kanpora irten zaitezen, esango diot inspektoreari zurekin lehenbailehan hitz egin dezala. Bestela, hemengo giro gogorrak gehiegi estutuko zaitu.

        —Uholdeak direla eta, ez dut irtenbide haundirik izango, baina, hala ere, mila esker. Ez nago kikilduta, baina, egia esan, pozik irtengo nintzateke, hemen zati baterako dugu eta.

        —Ongi. Laster kanporatuko zara.

        —Aizu, Larzabal jauna, zer ordutan erahil zuten Doroteo Sandoval?

        —Nire eritziz, goizeko bostak inguruan, hots, duela zazpiren bat ordu.

        —Orduan, hiltzailea harrapatzeko berandu zabiltzate: usoak joan eta sareak hedatu.

        —Ez hain berandu.

        —Eta nola hil zuten?

        —Lehenengoz urkatu, eta gero labanen bat sartu zioten bularrean. Ezohizko aiztoa erabili zuten nonbait, burdin okerrezko zerbait, zimitarra antzekoa.

        —Ezkuz ito al zuten?

        —Ez. Oihal leun batez. Baliteke nylonezko emakumezko galtzerdi batez. Baina galtzerdi hori ez dugu inon aurkitu.

        —Laban-sastakadak bihotzean jo zion?

        —Autopsia egin baino lehen ez dugu jakiterik, baina nire eritziz, eta begi neurriz, ez. Beharbada zain nagusiren bat moztuko zion, odola txirrian bait zerion. Nire gainezko ikerketaren arabera, sastalkada hartu baino lehen hilik zegoen Doroteo.

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki