Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

ARGIAK ILUNEAN

Xabier Galarreta

Eldarnio

 

        Joseba Larramendik bazuen neska polit bat emaztegai. Hiru une luze zeramatzan harekin ateratzen eta, egia esan, beste neska bat ezagutzeko gogorik ez zuen, hau da, harreman oso-oso onak zituen Rakel bere emaztegaiarekin.

        Egun batean ordea, ustegabeko emakume zoragarri batez txoro-txoro maitemindu zen, eta handik aurrera gauzak aldatu egin ziren.

        Hasieran, kontua Rakeli nola adierazi ez zekien. Bestalde, ezagutu berriak artean ez zion bere maitemintzeari itxaropenik eman, ez ezetz ez baietz ere esan.

        Egunak joan eta egunak etorri, Joseba gero eta zoratuago zegoen. Orduak igarotzen zitzaizkion neska isilaren aurpegiari begira, haren adats horaila begiez laztantzen...

        Neskak, ordea, beti begiratzen zion tristeziaz edo tristuratik hurbil zegoen sentimenduaz, nahiz eta tristezia hutsa ez izan, dudarik ez. Gauza bera esan zitekeen emakume gaztearen ezpainei buruz: mingostasun jakina, krudeltasun pittin bat, irri maltzurra... zera jakinaraziz bezala: munduarekiko desengainua, musuka emandako gau ugari, sexualki emakume betea.

        Emakume horren ezpainek adierazten zutena, beraz, ez zegoen hitz batean laburbiltzerik edota hitz batez esaterik (hitz hori aurkitu izan bagenu, munduaren sekretua ere aurkituko genukeen; lehenbiziko hitza, lehenbiziko arnasa edo lehenbiziko etorkizuna bera ere, hasierak eta amaierak osotasun bakarra osatzen baitute -hasieraren eta amaieraren artekoa aldatzen da soil-soilik).

        Bizarra kendu gabe, janzkerari kiratsa zeriola, begiak gorriturik (gau asko igaroak ezin lorik eginez), burutapen eldarniogarriak, neska eskuragaitzaren bular biluzia, adats horaila belarri txikitxoen atzetik eroriz (urrezko kiribilak!), azala elurra bezain zuri, lepo labain bizkor eta bikaina (haurtzaroko zisne batek eskainia): «ELDARNIO!» deiadar egin zuen Josebak tupustean, «Eldarnio duzu izena» hasperen egin zuen mahai gainean eroriz.

        Bien bitartean, Eldarniok era askotara behatzen zion; axolagabe, irri maltzur batez, mingots, jostatuz, harekin oheratzeko gogoz eta aldi berean gogorik gabe, zerbaiten zain eta era berean ezer itxaroteke, bularretik gora biluzik eta, batez ere, masaila eskuan eutsita! Masaila eskuan eutsita zeukalako, burua pixka bat zeharkaturik, eskuaren kontra eutsita... Eta itzalek —gelako itzalek— gorputzeko hainbat atal hartzen zizkioten: eskuineko bularra, zilborhestearen puntuxo bat, sahiets aldeak, aurpegi erdia, lepoko eta sorbaldako gunetxo batzuk, ur-jauzi baten moduan erortzen zitzaion adats kiribilatuaren beste erdia... Eldarnio inguratzen zuen iluntasuna bera ere erotismoz blai zegoen.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki