Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

MURRUAZ BESTALDEAN

Xabier Galarreta

Aurkezpena

 

        Nire bizitzako zati bat nitaz ahaztu zelako, gaztarotik ari zait egun oihuka: zenbat aldiz izan beharko duzu oraindik ere? Kalean nabilenean, poliziek lapurtzat jotzen naute. Emakumeek nigan ikusi-uste dute gizon gaiztoa. Nik, ordea, aurrera jarraitzen dut guztiei hanka eginez (karrika ilunetan hobeto esnatzen naizelako; karrika estuetan munduaren zabala hobeto ulertzen dudalako).

        Sorginorratzak lagun ditudanez gero, urbazterretako ihietan izango nauzue, intsektuen zain, irensle irentsia (mingostasuna gozotasunetik bereizten jadanik ez baitakit). Bestetik, ez du balio odol gaiztorik egitea —ez ote da gaurko argia atzokoarena bezain distiratsua?—. Lurrean hatzaparka ari naiz, ahozkatu gabe gelditutako hitzaren bila. Lurrak belarrira esan dit zera: meza emango da bihar zure arimaren alde. Horrek tristatu nau oso, gizonek arima deitzen duten hori aspaldian hondatu zitzaidalako.

        Egunen batean ez duzue nire berririk izango: une batez egon nintzen, une batez hitz egin nizuen, une batez unea izan nintzen. Begiak itxita, entzun gabe entzungo diet nire hitzei. Hitzak begietatik aterako zaizkit antxeta ugari bihurturik.

        Liburu bat emango diot plazatxoari. Hilxeagoa naiz. Kanpoan, berriz, euria behin eta berriz erortzen ari... Inoiz esan nizuen bi gizon desberdinen artean bizi izan behar dudala? Lehenengoa gau-gauero itsasoratzen zait Brehen-go portutik abiatzen den merkante bakoitzean; bigarrenak, ordea, lehorretik esaten dio lehenengoari: ez ahaztu nire idaztea!

        Lerrook idazten ari natzaizue nire gelako mahaian (mahai honetan, mahai honetatik bakar-bakarrik uler nezake mundua): belaunaldi mozkortu bateko semea, igerika —galdurik— ari den hitzaurrea, barrutik bizi diren horietakoa... nauzue! Paisaiak ere asmatzen badakit. Eta noizean behin, larrua jotzen dut emagalduekin. Gainera, biharamonak itxaropen bat zor dit (adimena kaiola baten barruan sartzeko keinua emanik daukat eta).

        Litekeena da barre eta negar batera egitea. Barre dagit bidaiaren paisaiaz ohartzen naizenean; negar dagit atzean utzitako paisaian pentsatzen dudanean.

        Atzo bezala iragaten naiz eta gorroto diot pedanteari. Gainera, nire ileari tiraka hasiko bazinate, burusoila gehienez utziko nindukezue (munduko orduak patrikan daramazkidalako, munduan zehar ijitoen antzean nabilelako).

        Makinatxo bat egun joan zait alferrik. Bost axola niri. Atzoko zeruak zituen hodeiak honez gero egongo dira urruti: zertaz kezkatu, beraz? Zergatik burua bueltatu behin eta berriz atzera? Filosoforik hoberenek ere, ez ote zituzten lelokeriarik handienak bota?

        Orain arte bizitakoaz pentsakor dihoakit goiza. «Iragan nekatu eta hondatu batekin topo egin huen beti», jakinarazten didate Ahotsek. Eta segituan: «Axioma haiz, ameslarien ametsak hireganatu hituenetik». Egia diote: ametsek Greziako jainkoen jauregiak erakutsi zizkidaten.

        Nire hitzak noiz zahartuko zain geldituko naiz. Su emango diet gelako hiztegi guztiei (horrela eginez gero, errautsak baizik ez da deusere geldituko... nitaz). Zer esan nahi du horrek? Zer ari naiz ezkutatzen?

        Ordenagailua nola erabili ez daukat ideiarik ere: heriotza merezi al dut?

        Leiho bat dago gure zain eta babakoitzak jakingo du leiho horretara nola irten. Gure ordez beste inor bidaltzea ez baita posible.

        Nitaz bestaldean paisaiak zabal-zabal, nitaz bestaldean etengabeko katea, nitaz bestaldean hotsik gabeko itsasoa, nitaz bestaldean gizonak ametsetan, nitaz bestaldean behinolako soinuak, nitaz bestaldean haurtzaro izengabeak, nitaz bestaldean borroka ausartak... Nitaz bestaldean, lo egin ahal dut.

        Bihotza behar dut inoiz baino gehiago. Amets pila daramazkit buruan (baita zapata zoletan ere —horretxegatik ez nago nekaturik, kalean asko ibilita ere—). Arratsaldeak alferrikatzeagatik soldata gehituko didatelako uste onik ez daukat. Horrek nire onetik ateratzen ez banau ere, ezerezaren zaporea dastarazten dit.

        Begirada, ahotsa, keinua: gauzarik asko egin daitezke hiruki honekin (kafetegi arrotzak askoz hobeak badira ere).

        Hautsez bete dira belartegiak. Bazkaldu gabe nagoela esnatu ondoren gogoratzen zait.

        Nahiago nuke inork ni ez ulertzea. Bestela, neuk baino gehiago bukatuko zenukete nitaz jakiten.

        Arrunkeria aberritzat daukat. Beraz, ni murruaz bestaldean bizi izateak ez du inor zur eta lur utziko.

        Ni baino arrotzagoa zen gizon zaharrak lore xorta bat oparitu zidan. Gero, agure gordinaren espresioa aurpegian, alde egin zuen (oraindik iruditzen zait haren barre gaiztoa entzutea).

        On ustez doaz hemen esandakoak. Hala ere, ez fida nitaz (ni, behintzat, ez naiz nitaz gehiegi fidatzen). Neuri ere ematen baitidate zer pentsatu franko botatzen ditudan lelokeriek. Kalean, ondotxo dakizuenez, nor bere aldetik dabil jendea.

        Oroimen txarrekoa izatea bai zorte handia! Horrela, izan ez naizen guztiaz ezingo naiz gogoratu; horrela, hainbeste bider izan naizen putakumeak ezingo dit oroitarazi.

        Lagunekin hizketan nago (ez naute inoiz abandonatuko). Besakarkada dardaratsuek eutsiko didate. Ametsak gal ditzaket, nitarrak ez. Orriok irakurtzen badituzu, nire alde jarriko zara behin eta betiko. Hitz arinetan sinesten dudalako, begirada lasaiak nirekin daudelako, bidezkoa den ezer ez dagoela badakidalako, haize ageriko bizitzari maite diodalako. Itsasoak ez du mugarik, ezta nire gelako lau hormek ere. Mundua badoa nire aurretik zabalduz. Noizbait zoriontsua izan naitekeela pentsatze hutsak zorionez betetzen nau. Udazkenak irri egin dit masailean. Etxea daukat hitzek daukaten tokian bertan. Gutxi balitz, erraz maitemintzen naiz. Erokeria zein baino zein handiagoak egiten ditut, maitemindu guztiek bezala. Gauari aup egiten diot. Paisaiak asmatu eta ezabatzen ditut. Hondatutako ziurtasunei bide ematen diet ikaragaitz. Neure ahaleginik jatorrenei gaizki deritzet, berauek burutu eta berehala. Arnas egiten dut. Adigalkor, irakurriko nauzu. Nor naizen, ordea, ez duzu jakingo. Munduko izkinaren batean elkarrekin suertaturik, bostekoa emango diogu batak besteari. Eta konturatuko gara elkar ezagutzen dugula. Eta jakingo dugu jakintsuek dena dakitela (horixe izango da gure garaipena, gure jakituriaren oinarria). Agur hotz bat esanda, elkarrengandik aldenduko gara segituan (ezagutzaren ondorioa aski izango zaigu eta). Samurra naiz —granitoa bezala—. Nire begiek ikusi egin dute.

        Hasieran izango nauzu beti (amai bakoitzak hasi zahar baterantz baitarama). Ez nuke jakingo bizitza ziztrinetik urrun bizi izaten. Ez nuke jakingo emakume ederrari lotsa erakusten. Ez nuke jakingo bizitza laztandu gabe egoten. Ez nuke jakingo zu itxaroten, nirekin geratuko zaren ziurtasuna izango ez banu. Ez nuke jakingo abokatua izaten (heriotzara zigortuko nituzke guztiak!). Ez nuke jakingo medikua izaten (bost hogerlekotan salduko nizueke kilo haragia!). Ez nuke jakingo jenerala izaten (emagaldu baten truk hiria errendatuko nioke etsaiari!). Ez nuke jakingo marinela izaten (aukera izanez gero, petrolioz beteko nizkizueke zopa platerak ere!). Borroka bat dago nire burmuinetan. Garaipenaren bila nabil ordu zurbiletan. Nitaz ezer ez badakit ere, susmoetan susmatzen naiz. Atzera itzuli? Ez, gehiegizko lana emango lidake neronen burua baztertzeak. Inork ez dizkit babak eltzetik aterako. Halere, guztiek diraute nire alde. Zuhaitz eiharrak irabazte handia emango didalakoan nago. Eta neure honetan jarraituko dut, emakumea nire zain dagoelako. Nor-datorrenak ere ezagutu egingo nau. Hunkitu nahi zaituzte. Nire alaitasunetik eradan nahi dizuet. Sentitu behar nauzue. Emakumea bazara, indarrez hartuko zaitut. Eta onartuko nauzu —hitzontziak baino beste ezer maitagarriagorik ez dagoelako—. Naizena banaiz, eta kito. Luzaroan usteltzen egon nintzen. Orain, kanta ederrak asmatzen emango dut eguna. Ondo xamar niri kaso eginez gero, nola mandioaren oldarra bildurik daukadan, nik baino altuago kantatzen irakatsiko dizut kanta bat. Edo gehiago igual, bihotz zabalekoa izango bazina. Oso urrutitik entzungo dute zertaz ari garen. Gastu guztiak nire gain! Arrazoi honekin norbait kontentu geldituko ez balitz, auzitan sartzeko prest nagoela aldarrikatuz noa. Bide egin nahi nuke, aspaldiko euskaldunek bezala. Eragozpenik izango bazenu, egin beza bakoitzak bere bidea gero! Ez dago esan besterik. Zer axola niri jakitea edo ez? Haize hotzetik, lehen keinutik, laino itxaropentsutik, irri urdinzkatik baratu nintzen munduari so. Galdezka hasiko natzaizu segituan: lagunduko al didazu gau eta egun? lurra emango al diozu nire gorpuari? ideia gozoak zuretuko al dituzu? ikasiko al duzu entzuten? eta galde egiten? Behar den bezalako lekukoak bilatuko al dituzu? Txintxoa bazara, kakarraldo itsusi batekin sarituko zaitut. Gu baino askoz urrunago helduko da beti bidea, ezta? Kalearen amaieran, non Herio eserita dagoen, egunen iragateari aurre egingo diot zahar ez zaitezen. Ekialde sakabanatuan, sehaska kanta bat ezpainetan, itxarongo zaitut.

        Nortasunak, gutxieneko logika galduta, ez dakar beste nortasun batean bera ezabatzea baizik. Idazki hauetan hitzak badoaz labanak bezala... nortasun bati jarraika, neguan falta den beroa non aurkituko zain, belarrak estalitako arnasari nola eutsiko galdezka. Gainera, inork ez daki ezer —ziurtasunik gabe ez baitago bizi izaterik.

        Ziurtasun askoren sentsazioak inguratzen zaizkit. Hori dela eta, nire burua adierazi beharra daukat. Sinetsi nahi nuke biharamonak ekarriko didan hartan; sinetsi nahi nuke eguneroko bizipen aspergarrietan, sinetsi nahi nuke neure buruan. Hitz hauetaz aparte, ordea, ez daukat bat ere. Nekeari segika, udaberria eta uda pasata, eskeptikoaren irria irabazita, ekingo diot ilunabarreko etxera itzultzeari, presarik gabe. «Garai haietan, zigarroak erre eta kafea hartzeak berebiziko pozaldiak eragiten zizkidaten» esango diet guztiei. Izena gogoratuko ez zaidan kale bateko hogeitaseian bizi izan nintzen.

        Jainkorik izango banu, jainkoari eskerrak emango nizkioke, behar den bezalako aurkezpenak egiteko dohaina oparitu ez zidalako.

 

Egileak

 

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki