Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

GAUAK GAUARI

Xabier Galarreta

Gauak gauari

 

        Geltokiko izena erakusten zuen letreroari ez zion begi eman. Kafetegira hurbildu, barrura sartu eta kafe bat eskatu ondoren galdegin zion axolagabe zerbitzariari:

        —Nola du herri honek izena?

        Zerbitzariak, galderari jaramonik egin gabe, galdegin zion bere aldetik:

        —Zerbait hartuko al duk?

        Edmundo berriro oroitu zen galtzerdi gorriak janzten zituen emakumeaz.

        —Ez... ez. Eskerrik asko —erantzun zion.

        —Geltoki aurrean aurkituko duk herriko ostatua —esan zuen zerbitzariak edalontziak garbitzeari utzi gabe.

        —Ederki... —marmartu zuen Edmundok—. Herritik paseo bat egingo dudala uste badut ere. Lasaia al da toki hau? —galdetu zion Edmundok oraindik konturatu gabe herri txiki-txiki batean zegoela.

        —Hago lasai —erantzun zion zerbitzariak—. Hemen ez duk gertatzen Hiri Handian bezala.

        Ez zioten gehiago elkarri hitzik egin. Edmundok kafea hartu eta tren geltokira sartu zen trenen ordutegia begiratzeko. Bazegoen tren bat zortziak eta laurdenetan. Edmundok bere erlojuari begiratu zion.

        —Laurak eta hogei! —hots egin zuen ozenki—. Eta tren geltokiko zerbitzariaz oroituz, galdetu zuen bere artean «zer demontre egiten ari da zerbitzaria goizeko laurak eta hogeietan lanean?

        Edmundok ez zekien zerbitzaria apostuzalea zenik; ez eta gau hartan, hain zuzen ere, herriko gautxoriekin kartetan aritua zenik.

        Geltokiko ate nagusi aurrean plazatxo bat aurkitu zuen. Han, harrizko esertoki batean etzanda, mozkorti bat kantuka ari zen. Edmundori ezagun zitzaizkion bertso batzuk kantatzen ari zen. Bertsoak Xenpelar bertsolari handiarenak ziren, eta horrela zioten:

 

Etxian kanporako

aguro kejatu,

daukan ofiziyuan

eztu nai nekatu;

jan da eran ongi eta

jokuan jokatu,

biziyo txarrak iñork

eziñ debekatu.

 

        Plaza zeharkatu ondoren, herriko etxetxo txukunak azaldu zitzaizkion bata bestearen atzetik. Haizeak zekarkion usaina arnasterakoan, atseden sentsazio antzeko zerbaitetan erori zen. Hurbileko soroetatik heltzen zitzaion usainean murgildu zen, baratzetako lurrinek sorgindurik. Ehundaka soro, milaka akre, zuhaitzetatik frutak zintzilik... Halako gauzak irudikatzen hasi zen.

        Karrika batetik ibiltzeari eman zion, karrika horrek soroetara gidatuko zuelakoan. Ikusi nahi zuenaren hurbiltasuna senti zezakeen azalean bertan. «Gizon librea bezalakoa nauk» murmuriatu zuen barrez. Bere patuaren jabe zela iruditzen zitzaion. Eta egia esan, une hartan behintzat, gizon guztiz librea zen. Unean-uneko askatasuna besterik ez zela jakin arren, pozkario batek erotuta sentitzen zen. Eta karrika estuetatik ahalik eta lasterren irteten lehiatu zen, herritik kanpo egon arte.

        Soroak urrunean beltzak ziren. Eta xuxurla liluragarri bat sortuz, itsas uhinak bailiran, alde batetik bestera sehaskatzen ziren.

        —Gari soroak! —oihukatu zuen Edmundok sinetsi ezinez—. Gari soroak! —deiadar egin zuen berriro, eta bidexka harritsu batetik korrikari eman zion, pozarren pozez, azken urteotako asperkizunari ihes egingo balio bezala.

        Korrika zihoala, galtzerdi gorriak janzten zituen emakumea, trenak harrapatutakoa, berriro etorri zaitzaion gogora. Eta elkartasun komunikaezin hura unibertsoaren parte bezala azaldu zitzaion. Munduan izan diren hildakoez oroitu zen, eta baita heriotzaren beldurretan bizi den gizateriaz ere. «Heriotzaren dantzan auskalo nork jotzen duen danborra» pentsatu zuen berriro ere barrez.

        Erreka batera iritsi eta tokiari ezin ederrago iritzi zion. Errekari zilar antzeko urak zerizkion, eta adar txikiak arrastraka zekartzan.

        «Gaur gauean» pentsatu zuen «zelatan geratuko nauk. Erreka, harri-koxkorrak, gari soroen xuxurla eta gaua bera ere zelatatuko dizkiat».

        Loak hartu baino lehen, zergatik zelatatu behar zituen galdetu zuen bere baitan. Eta erantzunik bururatu ez bazitzaion ere, halaxe egingo lukeela esan zion zenbait aldiz bere buruari, ideia horrekin piskanaka-piskanaka lotan gelditu arte, gaua bera betazal barrura inguratu zitzaion arte.

        Alderdi basati hartan, gauak gauari deika entzun ustean, gorputzak dardar egiten zion. Ametsetan, ordea, flotatzen ari zen jada.

 

* * *

 

        Lehendabiziko eguzki printzak atera zirenean, Edmundok begiak ireki zituen. Kolore leherketa batek «egun on» esaten ziola zirudien. Ahots batzuk entzunda zutitu egin zen. Gorputz atalak zurrun-zurrun eta hankak berun antzeko zeuzkan. Nekez, lehen urratsak eman zituen. Bi nekazari berriketan ari ziren lurrari buruz. Gero, bi baserritarrok bakoitza bere aldetik aldendu zen, hainbat tresna sorbaldatik zintzilik zeramatzatela.

        Edmundok, lur maila baten atzetik ezkutaturik, biak nola aldentzen ziren begira gelditu zen. Eta haiek begitik galdu bezain laster, ezkutalekutik atera eta herrirako bidea hartu zuen, presarik gabe. Gorputza dardar batean eta aurpegia gorri-gorria zituen, lehen orduetako hotza zela eta. Nahiz uda izan, egunsentiko haizea —menditzar altu eta hurbil batetikoa— gupidagabe sartzen zitzaion jertsean barrena. Herriko etxeak berehala izan zituen begien bistan. Etxeak lurretik sortzen ziren fantasiazko landareak bailiran. «Lur azpitik erro eta guzti izango diate seguru» pentsatu zuen.

        Etxeetara helduta, leiho bat zabaldu eta adineko emakume bat azaldu zitzaion bertotik. Edmundori begira harriduraz geratu eta, azpitik pasatzerakoan, hots egin zion:

        —Jainkoak egun on dagizula.

        Eta Edmundok, burua altxa eta berak ere harrituxe:

        —Baita zuri ere, andrea.

        Karriketatik bueltaka, tren-geltokia zegoen plazatxora iritsi zen. Eta behin tren geltokiaren barruan, txartel leihatilara jo zuen zuzen-zuzenean.

        —Zein ordutan da pasatzekoa Hiri Handirako trena?

        —Zortziak eta laurdenetan —erantzun zion eztulka gixontxo bibotedun batek.

        Edmundori ez zitzaion gogoratu tren ordutegia begiratu zuenik ordu batzuk lehenago.

        —Ederki. Txartel bat, mesedez.

        Txartela aterata, inorgabe zegoen andenera jo zuen, non banku batean eseri zen, kafetegia itxita zegoen-eta. «Benetan bitxia tren geltoki hau.» Edmundok, bere artean «Bart gauean, goizeko laurak aldean, kafetegia zabalik zegoan. Orain, berriz, goizeko zazpiak izan arren, itxita zegok.» Trenbideak Eukene gogora zekarkionez, kafetegiaz ahaztu eta bere hirira iritsita ote zegoen galdetu zion bere buruari.

        Jadanik pasata zegoen gertakizunari buruz pentsatzeak, errealitatearen mugak benetan hauskorrak direla ulertarazten zion. Inportanteena —une hartan iruditzen zitzaionez— trenbideari jarraitzea zen, lerro zuzenetik aldendu gabe beti, burdinezko bidetik kanpo ez baitzegoen paisaiarik. Bai, trenbidea bezalakoa izan behar zuen berak: inoiz bukatzen ez zen hedadura!

        Azkenez, andeneko paisaia desoladore samarra iruditzen zitzaiolako eta pixkat hotz ere bazelako, herriko kaleetatik egurastea erabaki zuen.

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki