Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

NIK ERE GERMINAL! EGIN GURA NUEN ALDARRI

Koldo Izagirre

—2—

 

        Dotore baina goibela da harri baltzez eginiko hiri-gurako hau. Burdingintzan aberasturiko eskualde baten barruti judizialeko buru, kartzela izateko adina larderia eduki zuen. Mozkorren eta parriziden kartzela; gose greba bako kartzela, esango nuke. Zeu izango zinen lehen preso politikoa han. Baina kartzelakoak ahaztu egiten ditu jendeak. Bergara esan eta berehala aipatuko dizkizute Santo Kristo eder bat eta bizkotxa beteak, edo 1839ko liberalen eta karlisten arteko besarkada, traizioaren eredu euskaldunontzat. Alabaina, wolframa berton bereiziak beste egin zuen Bergara ezagun, une batez, zu herriko kartzelan akabatu izanak.

        Goiz hartan bihotz-apal ei zebilen bergararra. Zenbait etxetako ate aitzinetan emazteki mordoak txurtxurka ageriko ziren, eta goiko plazatik pasa behar zuenak zeharka baino ez ei zion begiratuko presondegiari. Goiz hartan, zu hil behar zintuzten goiz bero hartan, ez ei zegoen herria bestetan baino alaiago. Elizaren ondoko dorretxea ere leihoak zarraturik azaldu ei zen. Halan esan zidan Olasoneko jaunak, hil aurretik egin nion azken bisitan.

        — Nire gurasoek Santa Agedan emoten zuten uztaila, eta jakin zutenean toalla lepoan lurrindegitik gelara eta jangelatik lorategira bidean egunero agurtzen zuten hura italiar gazte batek hila zela, hunkitu egin ziren.

        — Halanbe, ez zuten asko maiteko Canovas...

        — Ez, baina badakizu... Zure ondoan izan duzuna hil dutela diotsutenean... Orduan, nire aitak familia osoa eta neskameak eta morroiak hartu eta Segurara eroan zituen, leiho hauetatik inork ikus ez zezan haren hiltzailea zelan hiltzen zuten.

        Sinetsi nion, baina gezurra da euskaldunok ez zintugula hiltzen ikusi gura. Inguruko herri guztietatik alogeratu ziren omnibusak hona etortzeko, zure exekuziora tenoreko iritsi gura zutenendako tren berezi batek urten zuen Donostiatik goizean goiz. Zeu izan zinen San Roke festetako numero nagusia, anarkista italiar bat urkamendian, inoiz ikusi ez lakoa, leiho hauek itxiak azalduagatik. Ni ere erretiratu egin ninduen leihotik Olaso dorreko jaunak. Gelako besaulkiak erakutsi zizkidan, ez dut gomutan Luis XIV edo Luis XV zirela esan ote zidan, zur leundu haiek.

        — Jesar zaitez horretantxe, eta egon geldirik ni etorri arte.

        Esana egin nuen bera etxearen gibelean galtzen zen artean. Eskaileretan gora sumatu nuen, krakatekoetan. Aulki elektrikoan banengo bezain dotore itxaron nuen.

        Argazki kamera bategaz miratzen zidala azaldu zen Olasoneko jauna isilean.

        — Geldi!

        Egin zidan, eta bertotik hasi zen polaroida mihia ateratzen.

        — Oroigarri gisa oparituko dizut. Badakizu non zauden jesarrita?

        Etxe hartako altzariak errekisatuak izan ziren, Jeneralak Donostian udarako zeukan jauregia janzteko. Prentsan azalduriko fotoak izan ziren Olasonekoen jabetzara itzultzeko oinarria, Jenerala hildakoan. Ez oroituarena egin nuen, Olasonekoari kontatzeko poza emotearren.

        — Hila da, eta orain guk hura jesartzen zen aulkietan ipintzen dugu ipurdia! Begira, hasi da kolorea azaltzen, oso dotore zaude.

        Louisianako gizajo bat 1.900 boltioen zain, burua bizkarrekoaren kontra tentetua, eskuak aulkibesoei atxikiak, halakoxe dotore nengoen. Jendetasunezko baietza egin nuen. Ni nengoen aulkian jesarria zen Jeneral hark, hil egin gura izan ninduen. Patio ilun baten, ez eguzkitan eta jendaurrean. Baina Olasonekoa ez zen hartaz gomutatzen. Jeneralak hil zituenek indar handiagoa hartu dute herriaren gogoan, indultatu behar izan gintuenok baino.

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki