Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

GEZURRAK, GEZURRAK, GEZURRAK

Iban Zaldua

Psikiatrarena

 

        Ez nau agurtu. Aurrekoetan begiekin keinu bat egiten zidan, sikiera. Baina gaur ezta hori ere. Igual ez nau ikusi. Baina ez da posible, haren pare-parean pasatu naiz. Haserre egongo al da nirekin, azken aldi honetan kontsultara joan ez naizelako? Hori ez da, ordea, agurra ukatzeko motibo nahikoa.

        Urduri jartzen nau kontsultatik kanpo psikiatrek jendeari jaramonik ez egiteko duten ohiturak. Ezagutu ditudan psikiatra guztiak berdin aritzen dira. Kontsulta orduetan munduko pertsonarik adeitsuenak dirudite, kontatzen zaien guztia arretaz entzuten dute, noizean behin aholku edo galdera zorrorzen bat botatzen dute, eta errezetatzen dituzten pilulen aldekoak zein kontrakoak kontu handiz azaltzen dituzte. Gaixoak benetan axola zaizkiela ematen du. Guztiek, salbuespenik gabe, bosteko sendoa eskaintzen dute kontsultara sartzerakoan, eta ateratzerakoan. Baina gero, haietako bat edo bat kalean topatuz gero, ez du kasik agurtuko ordu edo egun batzuk lehenago bere beldur, amets eta gogoeta ezkutuenak azaldu dizkion gizagaixoa.

        Sakonen ezagutu ditudan hiru psikiatretatik Ubillos dut atseginen, azkenengoa. Altua, orekatua, hitz egiteko era pausatu eta lasaigarri baten jabe da, eta jatorra ematen du, ofizioaren topiko guztiak bere gain hartzeko ahalegin berezia egin duela badirudi ere: Sigmund Freud-en argazki markoztatua kontsultako mahaiaren gainean, Jung-en lan osoak apalategian, sekula erabili ez dudan besaulki modernista-antzekoa gelako ertz batean, pipa beti piztua ahoan. Badira lau urte haren kontsultara joaten naizela. Izugarri ona iruditzen zait. Lau asteren buruan kendu zidan, esaterako, heste-zizareekin izan nuen obsesio hura. Ados, ez naiz azkenengo sei, zazpi astean joan. Hobeto sentitzen naiz. Baina horrek ez dio ematen eskubiderik ni ez agurtzeko.

        Jiratu, eta Ubillosen atzetik abiatu naiz. Hasiera batean hura harrapatzeko eta agurtzeko intentzioarekin jokatu dut horrela, eta baita hurrengo astean, hutsik egin gabe, kontsultara joango naizela esateko ere, hots egingo diodala bere ATSari. Baina azkenean atzetik jarraituko diodala erabaki dut. Izan ere, lotsa pixka bat ematen dit, azken saioetan ohitura itsusi hori erabat utzita neukala aitortu bainion. Gezurra zen. Jendeak zer egiten duen ikustea atsegin dut: oinezkoen artean bat aukeratu eta haren atzetik joatea, nora doan eta haren bizitza zein den igartzen saiatzeko. Ez dut uste ezer txarrik egiten dudanik. Ubillosen espresiorik gabeko aurpegiak ene kezka eta interesa piztu ditu: azken buruan, zer dakit nire psikiatrari buruz? Azalkeriak, besterik ez. Aukera ona izan daiteke kalean bere gaixoengana erakasten duen hoztasunaren arrazoiak zein izan dairezkeen antzemateko.

        Norbaiten atzetik ibiltzea ez da pentsa daitekeen bezain erraza. Ezin zara gertuegi egon, jarraitua ohartuko ez bada behintzat, baina ezta urrunegi ere. Kokaleku aproposa topatuta ere, kontura daiteke: gizakiok badugu norbaitek jarraitzen digula jakinarazten digun nolabaiteko zentzumen ezkutua, eta, bakanetan baino pizten ez bazaigu ere, ez dizkit jukutria gaizto gutxi egin dena delako kontu horrek! Ubillos doktorearekin, ordea, ez dago kuidadorik: kalea jendez beteta dago eta, gainera, pareko espaloitik noa. Misterio handirik ez: ia arratsaldeko zazpiak dira, merkealdi-garaia da, eta auzoa ondo baino hobeto ezagutzen dut, nirea baita. Gainera, psikiatra bere baitan bildurik doa, ez du haren arreta ezerk erakartzen. Aurrera begiratzen du, eta, nagoen lekutik ondo ikusten ez badut ere, begirada galdua duela esango nuke, ez duela aurrean edo inguruan dagoena sumatzen. Kale nagusiko semaforoan geratu da, eta ordua begiratu du berokiaren poltsikotik atera duen erlojuan. Berandu egin bide zaio, urrats luzez ibiltzen hasi baita.

        Gauzak imajinatzen hasten naiz. Hori da norbaiti segitzeak duen alderik erakargarriena: istorioak asmatzea. Amorantearekin elkartzera ote doa? Ala mundua menderatzea helburu duen logia baten bilera ezkutura? Nola ez, jokoak iraun bitartean aukerarik prosaikoenak baztertu behar dira: zinemara doala, edo amarekin tortitak askaltzera kafetegi batera, edo kultur etxeko astearteroko hitzaldira. Bestela ez du graziarik: errealitatea arduratuko da iragarpen horiek guztiak zapuzteaz. Batzuetan, egia da, ezusteak ematen ditu, baina jarraipenaren emaitza, askotan, antzua da. Hala ere, ezagutzen ez duzun eraikin batean sartzen badira, istorioa eraikitzen segi dezakezu. Ez da amaiera txarra. Ilun badago, itxaron egiten dut aukeratu dudan pertsonak argiren bat pizten duen arte. Askotan, minutu batzuen buruan ez da fatxadan argi piztu berriren baten arrastorik sumatzen. Horrek burutazio gehiagotarako parada eman ohi du.

        Ubillos eliza batean sartu da, Santa Maria parrokian. Elizak leku onak dira, ez baitago pertsonaren atzetik joateko arazorik, baina normalean ez dira oso interesgarriak; jakina da jendea zertara doan elizetara: meza entzutera edo errezatzera. Gaur, sartzea erabaki dut, hala ere: bitxia iruditu zait Ubillos bezalako norbait sinestuna izatea. Gainera, urteak dira ez naizela izan Santa Marian, eta ea zerbait aldatu duten ikusi nahiko nuke.

        Ez dirudi ezer ukitu dutenik. Eserlekuak bernizatu berri dituztela ematen du, baina horretaz aparte gogoratzen dudan bezala gorde dute den-dena, baita txikitan hain beldurgarria iruditzen zitzaidan aldare atzeko Kristo gurutziltzatu expresionista-antzekoa ere. Esertzeko leku bat aurkitu du Ubillosek, itzalpean, atetik gertu. Ez zaio erraza izan, jendez gainezka baitago eliza. Haien artean ezagun batzuk dakuskit: etxe azpiko okina eta haren emaztea, izeba Joana, koadrilako Xapi eta Mertxe; keinuren bat egin nahiko nieke, baina eliza batean gaude, eta ez naiz ausartzen. Hastera doa meza. Sentsazioak ez nau berehala harrapatzen. Pixkanaka infiltratzen da nire baitan. Zerbaitek kale egiten didalako sentsazioa. Jendea zutitu egin da.

        Erabat ahaztu naiz Ubillosez. Ulertu orduko, ezkerreko nabetik abiatu naiz aurrerantz, mantso-mantso, aldare aldeko eserlekuetarantz. Baina berdin litzateke erdikotik eta korrika joango banintz. Ez ditut ulertzen apaizaren lehenengo hitzak, baina berdin zait. Gero eta aurpegi ezagunagoak ikusten ditut ene eskuinean. Azken zutabearen atzetik aurreko eserlekuen bista ezin hobea daukat. Jendea eseri eta berehala ikusi ditut, ilun eta goibel: ama, aita, Marga eta baita Txomin ere, Kanarietatik propio etorria. Eta, aldare aurrean, zerraldo irekia, beltza baino beltzagoa, lore-koroaz inguratuta. Eta neure aurpegi zurbila, eta nire gorpua, sekula izan ez dudan trajeaz jantzita. Jendea berriro zutitu da.

        Atari aldera itzuli naiz. Han dago oraindik Ubillos doktorea, begirada beti galduarekin. Ez dirudi irakurketa aditzen duenik. «...kriseiluak hartu eta senar ezkonberriari bidera irten zitzaizkion hamar neskatxekin bezala gertatzen da. Nexkatxetako bost zentzugabeak ziren eta bost zentzudunak...». Ez, ez dirudi irakurketa aditzen duenik.

        Kalera irten naiz. Ez dut hotzik sentitzen. Ezta berorik ere, egia esan. Normala izango da, apika.

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki