Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

OBABATIKO TRANBIA

Iban Zaldua

Sarrera gisa

 

  Zenbaiten ustez, euskal literatura une ezin hobean dago. Gailurra jo dugu, edo gailur bat behintzat, bai kalitatearen, bai argitarapen kopuruaren ikuspuntutik. Hitz bat entzuten da askotan: homologazioa. Euskaraz idatzitako liburu batzuk best-seller kategoriatik gertu dabiltza, edizio piloari begiratzen badiogu behintzat, eta Durangoko Azokako egoitza txikiegi geratzen da urtero, hara hurbiltzen den jende saldoa hartu ezinik. Gure letren osasun ezin sendoagoa nabarmentzen du, behin eta berriz, Euskadi Sarietako ekitaldi ezin dirdaitsuagoak, eta, bestalde, gure literatura —eta, bide batez, gure kultura— simulakroa ez dela frogatzen du, antza, Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan elkarrizketa liburu ederrak. Eta, jakina, Unai Elorriagaren SPrako tranbia nobelari emandako Espainiako Narratiba Sari Nazionalak puztu egin du gure letren gaineko triunfalismo moduko hau.

  Bitxia da, baina mundurik onenean bizi garela uste edo, behintzat, aldarrikatzen duten Pangloss doktorearen emuluak, hainbat Kultura sailetako politikariak, kazetariak, argitaratzaileak eta idazleak eurak izan ohi dira.  Lehenengoek, jakina, halako adierazpenekin eutsi egiten diote dauzkaten botoak atxikitzeko edo berriak eskuratzeko itxaropenari; kazetariek zer edo zerekin bete behar dituzte egunkari-orrialdeak eta emisio-orduak, molestia handirik eragin gabe hain zuzen ere; eta argitaratzaileak eta idazleak, zer esanik ez, produktu bat saldu beharrean daude. Ezin haietaz askorik fidatu, beraz.

  Hala eta guztiz ere, noizean behin, beste ahots batzuk datozkigu festa hondatzera. Matías Múgicaren libeloa desatsegin samarra izan zen, eta, gainera (bekatuen artean bekatu), inperio zapaltzailearen hizkuntza zitalean eman zuen argitara; baina egia berdadero batzuk esaten zituen, behintzat, eta (ez dakit zein puntutaraino baina) eztabaidarako aukera eskaini zuen. Beste adibide bat: Bernardo Atxagak Bilboko Bidebarrieta liburutegian eman zuen hitzaldi famatuan, zati txiki batean baino ez zuen hitz egin euskal kulturaren egoera tamalgarriaz, eta, hala eta guztiz ere, sekulako oihartzuna izan zuen (halakoak entzutea oso ezohikoa den seinale). Pello Lizarralde, bestalde, Larrepetit bere azken eleberria zela-eta egin zizkioten elkarrizketetan euskal literaturaren orainaz tonu kritikoan mintzatu zen, halakoak esanez (besteak beste): «oraindik txapela kendu gabe ari garela uste dut, topikoetan oraindik oso arituak gara eta uste dut ausardia falta zaigula. Beste literatura batzuetan aspaldian egin diren pausoak hasi gara egiten, baina ez dugu oraindik nahikoa egin eta, horregatik, oso gauza kostunbristak egiten dira». Patxi Zubizarretak ere, 2001eko elkarrizketa batean, ezin argiago hitz egin izan du egungo euskal literaturaren egoerari buruz: «Nik uste dut euforiarako arriskua dugula, bertan goxo egiteko; orain modan dago esatea oso ondo dagoela, beste literaturen aldean ez duela ezer inbidiatzekorik... Nik, hala balitz ere, ez nuke esango. Kanpoan bai, akaso: euskaldunok barregarri ez gelditzearren, edo optimistago agertzearren... Irakurle moduan badaude lan batzuk bereziki erakartzen nautenak, jakina. Baina oraindik hutsune asko dago, nire ustez.  Irakurle moduan ez naiz guztiz aseta sentitzen, eta hori ez zait gertatzen soilik euskal literaturarekin». Karlos  Linazasororen iritzia are ilunagoa da: «Haur eta gazte literaturara pasatu gara denok bat-batean, eta susmoa dut badakidala zergatik den. Inor gutxi ausartzen da nobela taxuzko bat egiten, edo ipuin liburu landu bat, edo poema bilduma jaso bat. Saioa eta antzerkia hilzori gordinean dauzkagu aspaldidanik, eta bost axola digu, jakina. (...) Merkatua krudela da, eta gure herria ez dago oraindik, tamalez, literatura handietarako prestatua.  Guztiontzat da errentagarriago, beraz, literatura-lan errazak (umetuak esango luke nik dakidan batek) idatzi, argitaratu eta irakurtzea. Irtenbide eskasa eta kaltegarria inondik ere, baina ez gaitezen engaina: horri esker mantentzen da tinglado hau guztia zutik. Gure literatura, beraz, egoera fiktizio batean bizi da, premiazkoak ez ditugun liburu-zutabeen gainean euskarritua. Eta hau guztia ez legoke gaizki, beste pauso garrantzitsu eta arriskutsuagoen atari balitz. Baina ez da horrela gertatzen, eta gure literatura azpi-izateko bidean doa».

  Niri, egia esan, atseginagoak iruditzen zaizkit iritzi ezkor hauek, triunfalismoei beldur diedalako, eta, ziurrenik, botila erdi husturik ikusteko ohitura duten horietakoa naizelako, baita ere: pesimista ez banintz, ziur nago, ez nuke bizitzaz (eta literaturaz) hein berean gozatuko.

  Dena dela, liburuxka honek badu loturarik nik neuk, irakurle gisa, euskal literaturarekiko izan dudan harreman kulunkariarekin. Euskal literatura, lehenik eta behin, izen zerrenda bat izan zen niretzat, OHOko eskuliburuetakoa alegia; abade zerrenda bat, erantsi beharko nuke, eta ez bereziki interesgarria: idazle horien bizitzek ez ziruditen oso kitzikagarriak (Lauaxetaren fusilamenduaren pasadizoa kenduta, agian), eta are gutxiago idatzi zituzten lanek. Batxilergoan gauzak pixka bat aldatu ziren, orduan hasi baikinen, institutuan, euskal literatura irakurtzen. Zorte txarra izan nuen baina, zeren eta: zer egin zezaketen Peru Leartzakok edo Kresalak garai horretantxe —eta, jakina, gaztelaniaz— «deskubritzen» ari nintzen Julio Cortázar edo Italo Calvinoren ondoan? Ezer gutxi. Euskal literatura kutxa ilun bat bihurtu zen niretzat; banekien hor zegoela, gauzak gertatzen zirela barruan, baina ez nion kasu handirik egiten.

  Niretzat, euskal literaturarentzat bezala, 1988. urtea mugarri izan zen. Badakit mundu guztiak irakurrita zeuzkala ordurako Obabakoak liburuko ipuinak; aitortu beharrean nago, nik, garai hartan, Atxaga idazlea zela jakin arren, ez nuela haren ipuin bakar bat ere irakurri. Liburuak izan zuen harrerak, kasu honetan bai, erostera eta are irakurtzera bultzatu ninduen, eta, zer esango dut: liluratuta utzi ninduen. Eta horri esker hasi nintzen, parentesi luze horren ondoren, euskal literatura irakurtzen: Narrazioak, Azukrea belazeetan, Akaso, Hamaseigarrenean aidanez, Babilonia, Saturno... Batzuk atseginago izan nituen, eta beste batzuk ez hainbeste, jakina, baina inportanteena niretzat, irakurle nintzenez gero, euskarazko produkzioari men egiten hasi nintzaiola izan zen, gero eta grina handiagoz gainera. Eta aurki konturatu nintzen, esaterako, Euskal Herrian gaztelaniaz egiten zen literatura baino dezente interesgarriagoa iruditzen zitzaidala euskarazkoa, eta maisulanak ere aurki zitezkeela gure literaturan, bai argitaratzen ari ziren liburuen artean, bai aurreko hamarkadetako obren artean ere (neofitoaren grinaz, denbora eta liburu galduak berreskuratzen saiatu bainintzen).

  Baina, liluraren ondoren, eta argitaratzen zenaren jarraipenarekin batera, guztia perfektua ez zela konturatzen hasi nintzen. Egunkari eta aldizkariek biziki gomendatzen zizkidaten liburu batzuen formak eta edukiak harreman gutxi zeuzkala kritika izena merezi ez zuten laudoriozko testu haietan esaten zenarekin. Baleko liburuekin batera, zipitzik balio ez zuten lanak kaleratzen zituztela argitaletxeek. Leku guztietan bezala, egia da.  Niri ere, Patxi Zubizarretari bezala, gero eta zailagoa egiten zait irakurtzen dudanarekin asebetetzea, baina hori ez zait gertatzen soilik euskal literaturarekin. Adinaren kontua izango da, akaso; xarmatzeko guruinen agortze progresiboarena edo; nork daki... Horrek guztiak, edozein modutan, irakurtzen nuena gero eta modu kritikoagoan aztertzera eraman ninduen.

  Lan hau, hein batean, prozesu horren guztiaren ondorio da: liluraren eta kritikaren arteko eremu lausoan dagoen zerbart. Eta euskal literaturaren munduan irakurle gisa murgildu nintzen hamarkadaren nolabaiteko kronika, nahi izanez gero: beherago azaltzen saiatuko naizenez, 1989an hasi eta gaur egun arte iristen den hamarkada luzearena. Kasualitatea ala ez, lan honi azken ukituak ematen ari nintzaizkiola, Unai Elorriagaren nobelari emandako Sari Nazionalaren albistea heldu zitzaigun, eta inguruan sortutako zurrunbilo mediatiko guztia, eta horrek eskaini zidan (adiskide baten laguntza estimagarria dela medio) liburuaren izenbururako gakoa: azken batean, lan honetan laburbiltzen dena, Obabakoakek lortutako sariaren eta SPrako tranbiari emandakoaren arteko gure letren bidea da, neurri batean behintzat. Jakina, ez dut horrekin liburu biak konparatu nahi, eta Bernardo Atxagaren obrak ekarritakoa euskal literaturarentzat esanguratsua eta sinbolikoa baino gehiago izan zela zalantzan jartzea zaila den bezala, oraindik goiz da jakiteko SPrako tranbiarekin gertatutakoak esanahi berezirik izango ote duen, hots, beste aldi baten hasiera markatzeko mugarri bihurtuko ote den.  Oraingoz, bederen, lan honen mutur kronologikoak ezartzeko aitzakia ederra eman didate sari biek.

  Zergatik idatzi dudan, zein helbururekin? Nik ere, jende askok bezala, zalantzak ditut literaturaren zergati eta zertarakoez; ez dakit literaturak ezertarako balio duen ala ez. Izan ere, bizio edo grinatzat hartzen dut nik literatura, eta ez erabilgarritasun morala edo politikoa duen zerbait balitz bezala. Eta zertarako bizioak, zertarako grinak (zertarako bekatuak) haietaz hitz egiten ez bada? Irakurtzeak eman dezakeen plazerra zabaldu egiten da irakurritakoa norbaitekin partekatu eta eztabaidatu baldin badaiteke. Bai: maite dut literaturaz hitz egitea, bizioaren bizio hori (metabizio hori). Eta, hein handi batean, hori da liburu hau (hori izan nahi luke): adiskideekin izandako hainbat elkarrizketaren emaitza eta balizko irakurlearekin elkarrizketa berri bati ekiteko saioa.

  Bestetik, liburu honek memoria-ariketa bat izan nahiko luke, halaber (eta ez horrenbeste balantze bat).  Letretan, eta baita euskal letretan ere, merkatu kapitalistaren presentzia eta eragina gero eta garrantzitsuagoa da, eta horrek ondorio asko ekarri ditu: besteak beste, editorearen, argitaletxearen eta promozioaren garrantziaren hazkundea, liburu-dendariaren galtze bizkorra (haren ordez liburu-saltzailea nagusitu zaigu), eta, tituluen ugaltzearekin batera, liburuaren bizitza-itxaropenaren murriztea. Ezaugarri hauetako batzuk, egia da, ez daude horren garatuta gure merkatu txikian, baina nagusitzen doaz pixkanaka (halabeharrez?), eta horren ondorio da liburuen iraupen gero eta laburragoa gure dendetako erakusleiho eta mahaietan, gure kazetari eta kultur kronikarien buruetan, eta, ondotik, guztion memorian. Baina liburuak hor daude, kriogenizatuta agian, baina bizirik liburutegietako apaletan eta argitaletxeetako biltokietan, erreskatatuko dituen eskuaren zain. Horregatik aldarrikatzen dira lan honetan izenburu horietako batzuk, urteak pasatzen direla baina liburuek (liburu batzuek) hor jarraitzen dutela frogatzeko asmoz. Lerro hauek idatzi dituenaren ustetan, jakina.

  Azkenik, hirugarren arrazoi bat dago. Ez dut uste liburu honetan esaten direnak bereziki orijinalak direnik; han-hemenka entzun, hitz egin, eztabaidatu, eta irakurriak ditut, inoiz. Baina sekulan ez ditut elkarretaratuak ikusi, era garbi batean azalduta, mihia (gehiegi) bridatu gabe. Txikitan, komiki berberak ehun eta mila aldiz berrirakurri ondoren, faltan sumatzen nituen abenturak marrazteari lotzen nintzaion, nire Bic axota urdinaz, eta horrela komiki berri bat eskuratzen nuen, ehun eta mila aldiz berrirakurriko nuena, gurasoek Spidermanen edo El Corsario de Hierroren ale berriak erosten zizkidaten arte (edo nik beste bat marrazten nuen arte). Alde horretatik, liburuxka honek badu antzik superheroiez eta espaziontziez betetzen nituen koaderno horiekin: irakurri nahi baina topatzen ez nuen liburua egitera saiatu naiz.

  Bide batez: hau ez da literatur teoriako lan bat, ezta unibertsitate mailako kritikakoa ere. Halako zerbaiten bila orrialde hauetara bildutakoei kale egingo die liburu honek. Helburu xumeagoa dut: ni naizen irakurle honen hausnarketak plazaratzea azken hamar-hamabost urteko euskal literaturaren topiko batzuen inguruan; irakurle desordenatu, bokaziozko honenak, erantsi beharko nuke.

  Sarrera eta azkena alde batera utzita, zazpi atalek osatzen dute liburu hau, eta hiru bloketan bana daiteke. Lehenengo hiru atalen gaia, nolabait, nobelaren ustezko nagusitasunarena da: lehenengoak eta hirugarrenak zalantzan jarri nahi dute baieztapen hori, ipuingintzaren eta literatur hibridoen emaitzen azterketaren bitartez, eta bigarrena poesiaren inguruko nolabaiteko parentesi bat da. Hurrengo blokea, askotarikoagoa, ondorengo hiru atalek eratzen dute, eta gure literaturan erlatiboki berriak diren fenomenoak ditu hizpide, gizartearen eta merkatuaren aldaketekin harremanetan daudenak hain zuzen ere: kontsumoko literatura, umorezko literatura eta emakumeen literatura. Azkenik, zazpigarren atalean zer edo zer esaten dut kritikaren paperaz eta egoeraz. Amaieran, irakurketa sobera ez oztopatzeko helburuarekin, erreferentzietarako txoko bat utzi dut, bibliografien eta iturrien maniatikoentzat propio.

  Gehiago izan zitezkeen, baina nik zazpi aukeratu ditut: zazpi geltoki Obabatik irten bide zen tranbiarentzako, azken aldiko euskal literatura niretzat izan dena laburbiltzeko.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki