Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

CARITATE

Luis Haranburu Altuna

Fortunatoren eleta eta hixtoria

 

        — Urrunetik natorzu —esan zuen Fortunatok.

        — ................... ihardetsi Caritatek

        — Hantxe duzu nere etxea

        —................... Caritate, hotz

        — Ikus ene oinetakoak

        —.................. —basahuntzaren oinak, Caritaterenak

        Ironiaz begiratzen Caritatek Fortunatori. Haren isiltasunak hitz beroenen indarra zuen eta Fortunato galdutzat kontsideratu zen bere oinetako tzarretan. Caritateren ahuntzak —neskatil— Fortunato maitale fortunarik gabekoaren gazta usaina zeriten oin nekatuak milizkatzen zituen.

 

        Urrutiko lurretatik etorri zen Caritateren inguruan mila gauza entzuna bait zuen, zeren lurreko mutur batetik besteraino nonahi zabaldu bait ziren Caritatek burututako amodiozko egintzak. Caritate gajoa. Bere ospea alde guztitara zabaldu zen eta erdi parrez eta ordaindu gabeko frustrazioz osatutako izenak erakarri zuten Fortunato mendi gorri eta berdeetatik zehar. Fortunatoren begiek —eta pekatuz beteak— ezin alkantza zezaketen Caritateren aurpegitik zerion harritasuna eta parrea. Caritate ahuntza, neskatik berdea, galtzetako franela milizkatzen ari. Franelazko hariak milizkatzen, harrobiko harriak berak baino lehorragoak. Gizarajoa, Fortunato.

 

        — Begira Caritate... ikus ene oinetakoak —ahuntza laztantzen du, belarri eta iletaraino gorriturik, izterrarteko parte handitua nabari, Fortunato—, mila bide eginak dituzte. Ene oinetakook zure bila ibiliak dituzu, Caritate.

 

        Eta Caritatek parre dagi, haren irria luzatzen da, jostatzen, jauzi egiten, itzultzen, biribilkatzen, harri paretan gora doa, hustutzen, lehertu egiten harrobian.

        Fortunato zur eta lur dago

        izuturik

        bakarrik

        harrobian.

 

        Aski ditizut dozena erdi bat zerbeza defulatzeko. Baldin eta hori egitea ihes egitea baderitza. Ez izutu, arren, agure hori, orain azalduko derauzut zer den defulatze hori, zera, alegia, desturbatzea, hau da, bakarrean eta pribatuan desmadratzeari nahiz eta hobekiago pentsatuz gero ez du horrek halako garrantzirik, zeren, zer axola azken funtsean, bakarrean hiltzea edo lagunduta espitxatzea? Inportantea hau bait duzu bizirik irauteko batek dituen gogoak. Hori, ez besterik duzu politika. Eta gainera ez du izan behar premiazkoa ?diotenez— bizirik irautea kosta ala kosta. Azken funtsean oso gauza guti bai dituzu esentzial direnak. Askoz ere gutiago faxismoaren azken mohikanoek sinesterazi nahi dizkigutenak baino. Baldin eta Malinowskik bazioen gauza inportantea azken batean, eta azken aurreko batean, maitatzea, jatea eta gorotz egitea dela —eta ez bezazue uste izan oker dabilenik gure mutiko hura— hortxe nonbait ibiliko da egia. Hiru gauza dira bizitzan, edo heriotzean, inportanteak. Baldin, laugarren bat izanen da, baina norbaitek aldarrika dezan zai egon behar. Azkenik, badakusazu, oso gauza guti dira hortik zehar garbi geratzen direnak.       

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki