Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

BEGIAK ITXI ETA KITTO

Xabier Etxaniz Rojo

        Tele-Bost katean iragarki multzoen artean eman zuten «goi-mailako» pelikula bukatu zen. Ramonen emazte Margari iji eta aja ibiliko zen auskalo nongo tabernetan, bidai agentziako lankide baten despedida zela eta asmatutako parrandan jo eta ke, eta Ramon bakar-bakarrik etxean. «Gau bikaina parrandan ibiltzeko» pentsatu zuen kazkabarra balkoiko putzuan plisti-plasta etengabe entzundakoan. Asper-asper eginda zegoen. Zapping egin zuen eta, zaborraren maila gaindituko lukeen edozein programa ikusteko prest egon arren, lanak neka-neka eginda utzi zion hatza eta gaueroko zigarroa erre eta ohera ihes egitea erabaki zuen. Patrika haztatu eta... arranopola!... zigarrorik ez! Ezin esan Ramonek lar erretzen zuenik, egunean lauzpabost besterik ez eta ordu jakinetan, baina tira, oheratu aurretiko gaueroko zigarrotxoa Jainkoa baino sakratuagoa zen. Gaizki esaka hasi baino lehen, logelara joan zen mesanotxea miatzera. Paperak, argazkiak, kondoiak, aldizkari bat edo beste, telefono zerrenda... baina zigarrorik inon ez. «Kaka zaharra» bota zuen ozenki eta esaldiak beti zigarro eske ibiltzen zen lagunaren aurpegi ezatsegina ekarri zion gogora. Joder Gorka, hi beti berdin, eros ezak pakete puta bat behingoz... Eta orduan bai, maldizioka hasi zen.

        Neguko gau kaxkarren artean, huraxe kaxkarrena. Ipar-haize bolada bortitzak, kazkabarra ezkerretik eskuinera, trumoi lazgarriak behin eta berriz. Eta Ramonek oheratu aurretiko gaueroko azken zigarrotxoari ezin hutsik egin. Neguko arropa jantzi eta beheko tabernakoak oporretan zeudela oroitu zen. Ez du axolarik, hirurehun metro gehiago... Aterkia bilatu zuen, alferrik. Kotxean zegoen. Tira, aterkirik gabe... Etxeko eskailerak azkar eta saltoka jaitsi zituen. Atarian gelditu zen une batez eta jarraian ziztu bizian zeharkatu zuen kalea, gustuko ez zuen taberna hartara ahalik eta lasterren, ahalik eta lehorren heldu nahian. Blai eginda iritsi zen.

        Tabako paketea erosi eta joatean egindako bide bera egin zuen, oraingoan putzuak eta errekatxoak kontuan hartu gabe. Atarira iritsi bezain pronto zer eta giltzak etxean ahaztu zituela konturatu zen. Biraoka aritu zen luzaroan, harik eta anaiaren etxean giltzaren kopia bat zegoela gogoratu arte. Zorionez, telefono kabina ez zegoen oso urrun eta txanponak bazituen. Berriro ere korrika hasi zen. Berrogei metro baino ez zituen egin. Oinaztargi luze baten dirdaiak, argazki makina baten flash-a balitz bezala, Ramonen irristada argiztatu zuen ederki asko. Kolpea sekulakoa eta mina ez nolanahikoa. Egoera benetan tamalgarrian gelditu zen. Mela-mela eginda, eskumuturra minduta, ukalondoari odola zeriola... eta bere txanpon guztiak lurrean zabalduta. Birao gehiago bota haizeari eta honek erantzun egin zion.

        Eta seigarren pisuko Remedios etxekoandrearen lorontziak bete-betean asmatu zuen Ramonen buruan.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki