Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

ITZARRI NAHI EZ ZUEN PRINTZESA

Felipe Juaristi

        Gaexento perratzaile beso-indartsuak ikusi zuen begi zoliez, inork baino lehenagotik ere, Joanes mezulari gazte hanka-arina, herriko sarbidean, burdinolaren alboko xendatik zehar korrika, saltaka eta arnasestuka zetorrela.

 

        —Sua baino gehiago duk! —esan zuen bere kolkorako, eta gero sagar ale eder bat atariko sagarrondotik hartu, eskuin eskuaz igaliari hautsa kendu eta ahora eraman zuen.

 

        Joanesek karrika estu harlanduz apainduetatik gora jo zuen kontzeju aldera. Karrika nagusian zehar zebiltzanak oro geldi-geldi geratu ziren, eguneroko zereginak eta lanak alde batera utziz; ikuskizuna zela-eta, begi niniak handi, eta bihotz niniak are handiago.

 

        —Haizea baino gehiago ere bada! —oihukatu zuen Mariak, Renato okinaren emazte pinpilipauxak, hortz horiak erakutsiz, eskuin eskuaz erratzari tinko eutsiz, ezkerrekoaz ileko motots gorria atontzen eta txukuntzen zuela.

 

        —Edozein zaldi zuri baino azkarragoa duk! —murmurikatu zuen Jagoba xaharrak, Bonapartiusekin guduan aritutakoak, lizar-makulu baten laguntzaz pauso baldarrak emanez ibiltzeko ohitura zuenak, kanoi-bala potolo batek Austerlitzeko hartan eztanda egin baitzion eta paralisiak jota geratu baitzen ezkerreko hankatik betiko, tabernazuloko mihi-gaiztoek ziotenez. Hala ere Mateo tabernariak, Urrezko Lehoia ostatuaren jabeak, lasai asko gaineratzen zuen zauriengatik beraiengatik baino une horretako izu beltz laborriagatik izan zela gehiago.

 

        —Jagobaren hitza ere atzean lagatzen dik horrek! —adierazi zuen irribarrez Paulo harakinak, mantala txahal odol zipriztinekin karrikara atera zenak. Gizon argal luzea zen bera, zain eta gihar, txikitan izandako istripu baten arrasto gisa, eskuineko begiaren betazalak tik batez etengabe itxi-irekitzen zitzaizkiona. Ez zion eragozten akats txiki horrek, ordea, ikusi nahi zuena ikusi ahal izatea.

 

        Berehala, jendeak Herriko Plaza eta agintari berriek Errepublika Enparantza izendatzen zuten lekura iritsi zen Joanes, eta, ostegunero bezala azoka-eguna izateagatik, han zeuden emakume ugariek bertan behera utzi zituzten beren eztabaidak, erretolikak, salneurrien inguruko gorabeheratxoak, eta zeudenean geldi-geldi geratu ziren denak, bat-batean eta denak batera, Joanesi begira-begira, ondo merezitako ospea baitzuen mezulariak emakumeen artean. Haur-aurpegia, begi urdinak, keinu bigunak, hizkera ere irristakorra... Halakoxe dohainez jantzita egonik, ez zen harritzekoa emakume guztiak txora-txora eta lili-lili eginda uztea haren agerpen hutsak. Eta emakume haiek airera botatako hasperen eta hitz erdiei erreparatuz gero, nabarmena zen gehienek hartuko luketela Joanes suhitzat, senartzat izan ezean, eta gutxi batzuek, izaeraz odolbero eta ameslari, maitaletzat. Ai eta beti ai!

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki