Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

KURRIN-KURRUN VITAE. MAISU BATEN IKARAK ETA OSTIKADAK

Joxerra Garzia

Erretzeari utzi

 

        Behin, gure semeak hamahiru bat urte zituela, seme-alaben heziketan gurasook dugun erantzukizunaz solasean ari ginen, taberna batean, hainbat guraso.

        Heziketaren ardura osoa ez da eskolaren esku utzi behar, horretan bat gentozen denok. Heziketa zentzu zabalean hartu behar da, hori ere denok onartzen ginuen, heziketa ez baita mugatzen hizkuntza, matematika, historia eta ohiko ikasgaietara.

        Horrelakoetan sarri gertatzen denez, adarrik adar jauzika dabiltzan tximinoen tankera hartu zuen gure solasak, eta, halako batean, ama batek berea bota zuen:

        —Zuek zarete, zuek, inozoak! Zer uste duzue, gure seme-alabek ez dutela erretzen? Ai, inuxenteak!

        Inork ez du inozo eta inuxente izan nahi, eta purrustan hasi gintzaizkion halakotzat hartzen gintuen ama horri geure arrazoiak azaltzen, elkarri txanda emateko ere betarik gabe.

        Hona hemen han entzun ziren arrazoi haietako batzuk. Ez da zail igartzen nolako gurasoa dagokion arrazoi bakoitzari.

        —Ba nik seguru dakit gureak ez duela erretzen, den-dena kontatzen digu eta.

        —Mutilak beharbada bai, hasita egongo dira, baina neskak ez, horretan zentzuzkoagoak izan gara beti neskok.

        —Seme edo alabarekin aski denbora ematen ez baduzu, orduan baliteke oharkabean pasatzea, baina gure kasuan ez dut uste posible denik. Erretzen balu, igarri genion honezkero.

        Arrazoi purrustada hartatik ez nuen nik ezer garbirik atera, eta jakin-minez geratu nintzen.

        Handik hurrena, gure semearen gelako neskak ikusi nituen, Antiguako frontoi inguruan, korruan eserita. Joan ez joan egon nintzen denbora pixka batean, baina azkenerako hurbildu nintzaien:

        —Aizue, barkatu! Galdera bat egin behar dizuet, baina nahi ez baduzue ez erantzun. Aurreko batean eztabaidan aritu ginen guraso batzuk, eta jakin nahi nuke zuek erretzen duzuen edo ez.

        Elkarri begira geratu ziren neskak, ustekabean harrapatuta, eta ez da harritzekoa ere. Harritu, harritu, ordea, neu egin nintzen, nesketako batek, ilegorria bera, eman zidan erantzunaz:

        —Nik aspaldi utzi nion erretzeari.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki