Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

USANDIZAGA

Bitor Garitaonandia

Usandizaga

bere bizitza ta ereserti-egikuntza

 

        Jaunak: Itzalditxo au egiteko asmoa artu nuben ezkero izan dira neregan estutasun ta larriyak ere. Bada, bein ausartu ezkero, nere naya zan zueri ordu alai ta atseginkor bat igaro arazitzea. Ta... bildur naiz, nere asmoak uts-eman, ta galen aunditxo bat eramango ote dezuten. Ala ta guziz ere, ausartu naiz, nere adizkide Usandizaga'tar Joxe Mari'ganako maitasunak agintzen ziralako; bada, bere aldez ta oroipenez, nere maitasun ilezkorraren agerkaiz, zerbait egiteko bearturik arkitzen nintzan. Orrela bada, Euskal Esnalea'ko nere bazkide ta artezkari lagunak egin ziraten eskeintza gogoz-artuaz, emen naukazute, Donosti'ko seme Kutun ta Euskal-erri'ko ereslari ospetsua goraipatu naian. Beteko ote da nere naitasun ta gogoa? Aleginduko naiz.

        Usandizaga'tar Joxe-Mari jayo zan Garibav kaleko 6'garren etxea'ren 4'garren bizitzan. Donostiko Udalak (Ayuntamentuak) joan dan urteko Iraila'ren 22'garenian, bear zan bezela ta donostiar guzien naitasuna beteaz, oroitz-arlaua (lapidea) jarri zuen ezkero, ez da iñor Joxe-Mari'ren jayotetxea nun dagon ta zein dan ez dakidanik. Aneika (milaka) igaro ziran egun ortan Garibay kaletik, etxe-aipagarriari maitasunezko begirakun xamur bat zuzenduaz ta Joxe-Mari gaxuari biotz-agur minkor bat bialduaz. Etxe au zoriondu zan 1887'garren urteko Epailaren 31'garrenian. ¡Eguntza oroigarria benetan! Bada egun ortan Jaungoikuak bialdu zuen ludi ontara Joxe-Mari: egun ortan, bere guraso maite Usandizaga'tar Karlos jauna ta Soraluze'tar Ana andrea, donostiar entzute aundikoak, alai ta pozez arkitu ziran beren lenengo seme kutunaren zorionezko jayotzaz, ta senide ta aideko guzien artian igaro zan egun ori atsegiñez Joxe-Mari aurtxoa'ren etorrera ospatuaz.

        Joxe-Mari aurrak lenengotik erakutsi zuen bere azkartasun ta pizkortasuna, bere adimen ta naimen indartsua. Gorputz txiki artan gogo-almen aundia arkitzen zan noski: bere begi zoli ta arpegi argiak orrela agertzen zuten, izanik benetan, esakunak dion bezela, gogoaren antzikur edo izpillu egizkoak. Ta egiaz orrela, urte gutxi igaro baño len agertu zuen bere barrengo erestzaletasun ta trebetasun oi ez bezelakua.

        Lau-bost urte bitartean arkitzen da: mutil koxkor polit eta pizkorra. Erakusten du bere zain-indarra, une ta toki guzietan: etxean amaika buruauste eman zion bere añari, baita bere amatxori ere bere asmakizunez ta geldi-egon ezaz. Ibiltaldi edo paseora urtetzean ¿norantz joten du? Alderdi-eder edo Kasiño aurrera noski, batez-ere soñu jotzeko orduetan: alperrik esango zioten, «guazen onea edo bestera»; Kasiño-aldera izan ezik asarretuko zan esanaz: «an ez dute jotzen soñurik». Alderdi-eder zan beti Joxe-Mari'ren jolastokirik egokiena. Bai ba, bere zaletasunak ziran zezenketa eta eresertia, ta toki eder ortan arkitzen zituen zei zabal ta egokia zezenketarako, ta ereskintza (orkesta)

onenetarikoa soñuak entzuteko (1). Zaletasun bi oyek betetzen zituan txandaka. Bere jostaketarik atsegintsuena zezenketa zan (Donostiar jatorra izan bear) ta soka-muturra irudituaz bazebillen Joxe-Mari batetik-bestera bere pizkortasuna erakutsiaz; bañan ereskintzaren lenbiziko zuzmura aitutzean bat-batian utziko ditu bere jolasketa guziak, ta pizkor, laisterka, juango da soñu jotzallen ondora, ta antxen egongo da ikararik egin gabe, adipen guziaz, bere begi ta entzumen zoliak soñura zuzenduaz. Joxe-Mari'ren egipen abek ikusiaz, an inguruan zeudenak miraritzen ziran, batez ere katalandar bat. Katalandar onek arriturik umetxoaren egipenaz, deitu zion Joxe-Mari'ren añari, ta esan zion:

        —Andrea, ¿zeñen semia da mutikotxo polit ori?

        —Usandizaga'tarren semia da.

        —Arrituta arkitzen naiz bere zaletasuna ikusiaz: ta gogoratzen naiz juan dan urtian ere ementxe etorten zala ume ori, ta aurten bezela, soñua entzuteaz batian jolasketari utzi ta soñularien ondora etori ta arretaz ta adipen guziaz nola egoten zan eresti eder oyek entzuten.

        —Bai jauna —zion añak— bere alai ta poztasun guzia orretan arkitzen du.

        —Ba, orrela jarraitzen badu ta Jaungoikuak osasuna ematen badio, ereslari aundia izango da.

        Katalandarraren iragarpena bete zan ondo. ¿Izan ote zuan berak bere iragarpenaren betetze edo agerpena ikusteko zoria?

 

.........

 

1. Etzuen oraindikan ankako errenik: bore eritasuna bost urtetik gora agertu zayon.

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki