Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

BIZIDUNEN EBOLUZIOA

Imanol Zaldua

Selekzio naturala ala borondatea?

 

        Batzutan, animaliak erraz hiltzeko arriskuan ipintzen dira, baldintza estuetara hain egokitutako egiturak prestatzen direlako.

        Adibidez: panda erraldoiak banbu mota bat baizik ezin du jan. Eta Australiako koala ez da eukaliptus mota batez baizik elikatzen. Beraz, banbu eta eukaliptus berezi horiek faltatzen badira, panda eta koala heriopetuak aurkitzen dira.

        Nolako zentzu du moldaera edo adaptaketa estu honek, animalia hilzorian ipintzen badu? Eta lehen aipaturiko ziklo korapilatsu eta hondatzaileek zer nolako zentzu dute?

        Naturaren selekzioaren ezagueran sakontzen dugunean, ez dakigu zertarako balio duen selekzio horrek. Are gehiago, ez dakigu ere hain erabila izan den hitz horren esanahia eta zentzua.

        Darwin-en teoriaren arabera, arrain batzuk uretatik irteten hasi ziren, eta irtetean, eguratseko airea arnasteko ohitura hartu zuten. Orduan, kanpoko giro honetan hobeto baliatzeko, arrainen hegalak poliki-poliki hankak bihurtu ziren, eta horrela, arrainetatik igelak sortu ziren.

        Baina ez da hori benetan gertatu zena. Benetan jazo zena, hauxe izan zen: Arrain mota batzuetan anfibioen bereizgarriak agertu ondoren, oraindik 50 edota 100 milioi urtez, uraren barruan bizitzen jarraitu zuten, hots, eguratsera inolako urlurtar edo anfibiorik irten baino lehen. Hori dio, zihurtasun osoz, paleontologiak, froga argiak erakutsiz.

        Arrain horiengan ez dugu giro atmosferikoari inolako moldakera edo egokiera aurkitzen. Arrainek, milioikada urtetan zehar, zerbait nahi zuten lortu; baina ez giro berri bati, eguratsari, alegia, egokitzeko.

        Datu hauen aurrean zera esan dezakegu: bazegoela arrain horiengan igel bilakatu nahi zuen zerbait, eta kitto.

        Rémy Chauvin biologilariaren eritziz, gertakizun hauen funtsean programakuntza datza. Eta hori adierazteko, edonork ezagutzen duen adibide hau aipatzen du.

        Pertsona batek besoa luzatu eta behatzak mugitzen dituenean berrogeiren bat giharre martxan ipintzen ditu. Giharre hauek bata bestearekin atonduta daude, esate baterako, zabaltzailea edo luzatzailea aritzen bada, tolestailea lasaitzen da.

        Nork abierazten du egitarau zail hau? Borondateak, noski. Zer da, ordea, borondatea? Inork ez daki. Baina ahalmen honek bi berezitasun dauzkala egiazta daiteke: programatzailea da, eta gainera ohargabekoa.

        Besoa zabaltzen dudanean, nik ez dut ezer aurretik antolatzen, giharren mugimenduak ez bait ditut ezagutzen. Nire borondateak taiutzen du dena, eta ni

konturatu gabe; egitarauen xehetasunak ez bait datoz nire barne-ezaguera edo kontzientziara.

        Beraz, guk geure baitan ohargabeko programatzailea den zerbait daukagu. Eta horrexegatik, geu eboluzioaren eredu edo adibide bat gara, izadiaren eboluzioan bi berezitasun berberak ere agertzen bait dira; programazioa eta ohargabetasuna, alegia.

        Zantzu guztien arabera, bizidunen bilakaeran ba dago norabide bat, borondatearen eraginez zuzenduta. Eboluzioa gidatuta dago, eta bere bilakaeraren bitartez zerbait adierazi nahi digula dirudi.

        Batzuentzat, gertatzen den guztia aldaketen edo mutazioen jolas bat baizik ez da, itxumustuan eta ustegabez gertatua.

        Hürzeler paleontologilari suitzar ospetsuarentzat, ordea, badira adurrezko aldaketak, eta helburu edo jomuga duten aldaketak.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki