Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

ETIKAREN OINARRIEN BILA

Jose Luis Alvarez Santa Cristina

Hitzaurrea

 

  Aurkezten dudan liburuxka honek bi atal nagusi ditu: Wittgensteinen filosofia (onto)logikoa eta etikoa kritikoki azaltzen duena, batetik, eta etikaren zimendatze filosofiko eta antropologiko zabal bat proposatzen duena, bestetik. Bi atalen arteko barne-loturaz erraz ohartuko da irakurlea. Wittgensteinen filosofiari buruzko idazlanaren lehen zatiak (irudikapenaren teoriaz eta irudikatzearen etikotasunaz diharduenak, alegia) Udako Euskal Unibertsitaterako 1999an prestatu nuen izkribuzko hitzaldia jasotzen du ia osoan, zuzenketa txiki batzuk gorabehera. Hitzaldi hura Xabin Egaña aspaldiko lagunari eskaini nion eta orain ere eskaintzen diot gogo biziz eta esker onez. Margolari eta gogoetalari aparta den Oñatiko seme honi asko zor dio ene hitzaldi hark; ez, egia esan, adierazi nuenagatik, hura adierazteko jaso nuen kemena eta animuagatik baizik. Pazientzia eta trebetasun handiz ene hitzaldia irakurri zuen Markos Zapiain filosofo bikainari ene eskerrik beroenak bihurtzen dizkiot berriro. Orobat Ekai Txapartegiri eta bere lankideari izkribu hura egiteko eman zidaten aukeragatik. Izkribu haren mamiari dagokionez, entzule bat baino gehiago harriturik gertatu zen hura bukatzeko idatzi nuen azken esaldiagatik, edo hobeki esan, berariaz erabili nuen adjektibo bakar batengatik, «etika ebanjelikoa» aipatu bainuen, soilik aipatu ere! Hitzaldiaren azken hitza zen. Egia esan, jauzi ausarta egin bide nuen, horrelakorik espero ez zutenen harrigarri, areago ezein argudio logiko-filosofikorik eskaini ez nuelarik. Badirudi Wittgensteini, Nietzscheri, Foucaulti eta izen handiko pentsalariei bakarrik onartzen zaizkiela argudiatu gabeko aforismoak eta gogoeta telegrafikoak. Nago, haatik, etika «iraultzailea» edota «diskurtsiboa» edo «situazionista» idatzi izan banu, inor ez zatekeela harrituko eta politikoki «zuzena» iritziko zioketela denek.

  Oraingo honetan esaldi labur hura kendu egin dut. Ez haren lotsa naizelako, inondik ene, baizik eta hitzaldi hark behar zuen bigarren zatia izkiriatzeari hobetsi diodalako. «Etikaren baratzea» izeneko azpiatalaren lehen pasartearekin eman nion amaiera orduko hitzaldiari. Hurrengo paragrafo eta orrialdeetan orduan adierazi gabe utzi nituenak azaltzen ahalegindu naiz orain, Wittgensteinek etikaz zuen ikuspegia ahalik eta zehatzen erakutsiz. Wittgensteinen etika ez ezik, gure filosofoak Jainkoaz eta mistikaz idatzi zuen apurra ere hartu dut hizpide. Egia esan, haren testurik garrantzitsuenak ia soilik aipatzera mugatu naiz, irakurleak ezagut ditzan eta benen testuinguruan hausnar ahal ditzan. Wittgensteinen pentsamenduan eta bizitzan etikak eta erlijioak izan zuten pisua ikusita, bidezko bezain beharrezko iruditu zaigu Wittgensteinen dimentsio etiko eta mistikoaz mintzatzea, lehenengo Wittgensteinera funtsean mugatu bagara ere, arrazoi metodologiko eta praktikoengatik bereziki.

  Adituek ondotxo dakitenez, Tractatus logico philosophicus-etik Ikerketa filosofikoak hilondoko liburura doan bideak, luze bezain oparoa izateaz gainera, aldaketa sakonak ezagutu zituen. Hain da hori egia, non bi Wittgenstein ezberdinez hitz egin baitaiteke: Tractatus-a eta Etikari buruzko hitzaldia izkiriatu zituena (1914-1929) batetik, eta geroztikako obrak idatzi zituena, Ikerketa filosofikoak bereziki (1930-1951), bestetik. Marxengan suertatu zen harako «haustura epistemologiko» hura bezala, Wittgensteinengan ere pentsamolde haustura sakon bat agitu zen, Tractatus-a argitara eman eta handik hamar-hamabost bat urtetara. Ez da falta izan Wittgensteinen hiru pentsamolde ezberdinez hitz egin duenik. Aski eta nahikoa dugu bi bereiztearekin, Javier Sadaba filosofoak egiten duen bezala. Esan bezala, liburu honetan lehenengo Wittgensteinekin jardungo dugu nagusiki, nahiz eta bigarrenaren filosofia ere tarteka aipagai izango dugun.

  Liburu honen bigarren atalak etikaren zimendatze antropologiko-filosofikoa du helburu. Wittgensteinentzat mintzagai metodiko eta errigurosorik ezin izan zitekeena hartu dugu guk hizpide. Etika ez da eremu pribatu eta intimora mugatu beharreko esparrua, eta are gutxiago isildu beharrekoa. Etikak osotoro bizi gaitu, onartu nahi ez badugu eee, ororen buru izaki etikoak gara gizakiok, baita etikoki jokatzen ez dugunean ere. Hizkuntzak bezala bizi eta barne-zeharkatzen gaitu etikotasunak. Hizkuntza eta hizkuntzak sakon aztertu eta oraino aztertzen ari diren bezala, etika ere sakon eta metodikoki aztertu beharra dago. Garena eta izan nahi duguna baitago jokoan. Joxe Azurmendik aspaldi ez dela zioenarekin bat nator: «gure barruan puskatuta gaude. Izan nahi ez genukeen gauza asko ere bagara. Ez dugu moral bera praktikatzen batzuekin eta besteekin. Ez daukagu etika bat, etikak dauzkagu, eta saiatzen gara, ahal dugun moduan, harmonia bat lortzen, askatasuna eta koherentzia» (Berria, 2004-05-08). Ezinago zuzena da diagnostikoa. Horrexegatik behar-beharrezkoa dugu etikaren itsaso aldakorra sakontasunez ikertzea. Gure barne-hausturari osotoro ihes egingo ez badiogu ere, koherenteago eta askeago izaten ahalegindu behar dugu, eskizofrenia moral eta existentzial batean eroriko ez bagara.

  Ongia eta gaizkia behar bezala bereizten lagundu behar liguke etikak, baina praktikan gauzak ez dira hain sinpleak eta errazak. Etika ezberdinak eta are kontrajarriak defendatu eta praktikatu dira historian zehar, faktore eta arrazoi desberdinengatik. Aldian aldiko eta tokian tokiko botereen (edozein botereren) interesen araberako «etikak» ere plazaratu dira, beren arauak eta aginduak mehatxupean betearazi ohi direla. Horiek, baina, ez dira zinezko etikak, moral ideologikoak baizik, edo, gordinago esateko: koartadazko moralak, zenbaitetan «intentziorik onenarekin» sortu badira ere. Zinezko etikak, haatik, askatzailea izan behar du, hau da, (auto) errealizatzailea, subjektua (pertsona) bere burua ezagutzen eta egiten lagunduko duena, autoestimua eta elkartasunezko kontzientzia eta praxi sendo bat sortuz.

  Etika (auto)errealizatzaile hori zer-nolakoa izan daitekeen jakin ahal izateko ezinbestekoa da aurrenik gizakiaren egitura etikoa zein den eta zertan den argitzea. Horixe da gure bigarren idazlanean sakonen aztertu duguna, tradizio filosofikoak antzinatik irekitako bidetik abiatuz eta aldi berean urrats berri samarrak proposatuz, Xavier Zubiri, Ignacio Ellacuria, Jose Luis Aranguren eta Luis Cencilloren obra nagusiak inspirazio-iturri izan ditugularik, era batean edo bestean, Jesus Martinez Gordo eta André Clavier teologo eta lagunei zor dieguna ahantzi gabe. Liburu hau irakurri ondoren irakurleak etikaren dimentsioari buruz argi zerbait erdiets baleza, gure lagunaren nekea ongi ordaindua legoke.

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki