Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

JEU DE PAUME

Fito Rodriguez

Galder

 

  Itolarrian ozta-ozta lortu nuen hormaraino iristea. Bizkarrean nuen zama arindu nahian kiribildu nintzen, eta horrela, belaunei helduta, hartu nuen premiazko arnasa; hatsa ihesi zihoakidan. Egarriak nengoen.

  Besoek belaunak besarkaturik, eta haien gainean burua lasaiturik konortea galdu nuen berriro ere. Esnatu nintzenean, berriz, ez nekien non nengoen. Dena zen hotza eta zuria. Eta ni egartsu.

  Ez nintzen zutitzeko gauza eta, emeki-emeki, askatu nituen hankak. Sudurretik sartzen zitzaidan usaina ez zen ohikoa. Kirats nazkagarria, baina, era berean, gozoa ere bazen lurrina.

  Entzun, ordea, ez nuen ezer aditzen nire soinak sortzen zuenaz kanpo. Isiltasun hark izutu eta begiak irekitzen lagundu ninduen.

  Komuna ikusi nuen. Garbia, aseptikoa eta itxia.

 

 

Antzikur liluragarria

 

  Han nengoen ni bizitzara itzultzen formika eta zeramika artean. Ez zen nolanahiko tokia, alafede! Bizitza uzteko ezin esan konketak leku itxurosoa direnik baina, jakina, halakoetan itxura ez da izaten kontu nagusia. «Gazte hilez gero gorpu ederra erakutsiko dugu» zioten lehenengo rockzaleek nahiz eta, urteen poderioz, «rockero zaharrak ez dira inoiz hiltzen» aldarrikatuz bukatu. Heriorekin, nonbait, itxura gutxi gero...

  Hala eta guztiz ere, heriotzaren egoitza hotz hartatik irteten ari nintzela ematen zuen. Hotzikaraz eta zorabiaturik nengoen, baina, izerditan blai egon arren, nola edo hala, nire onera itzuli nintzen. Hesteak, ordea, munstroren batek hartu, bihurritu, garbitu eta lehortzeko zabaldu izan balitu bezala sentitzen nituen.

  Apirilaren lehenengo larunbata zen hura, eta Magritten erakusketa ikusteko Jeu de Paume-ra joatea deliberatu nuen. Iraken aurkako erasoa hastear zela eta manifestaziora deitu zuten Konkordia plazan, horregatik adierazi ziguten sartzean eguerdirako museoa itxi egin behar zutela eta bisitaldi azkarra egin behar genuela. Artean, miretsi izan dudan Le miroir magique olio-pinturarekin batera antimargolari belgikarraren kaligramen hausturaren aurrean nahi nuen neure burua jarri. Esan bezala, buruz buru eskuratu ahal izateko haren misterioa eta ironia, jarrera naturala eta bortitza, adierazpen-ahalmenetan hain fin diren arte-azalpenak...

  Zaputzetan sartu nintzen batimendura denboraz eskas ibiliko nintzela eta. Metrotik ondoezik etorri nintzenez, hasi aurretik, komunak bilatzen aritu nintzen freskatu eta lasaitzeko asmoz. Izan ere, eguraldi polita egin arren, hotz-bero nengoela sentitzen nuen. Goizean burtzoraldiaz esnatu eta ez joatekotan egon nintzen, baina barne-harrak ohetik jaikiarazi ninduen. Erakusketa otsailaren erdian zabaldu zuten eta ekaina bitartean hantxe egongo zen, baina, batek daki zergatik... bisita lehenbailehen nahi nuen egin.

 

Liburuaren orrialdera itzuli
Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki